Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Baso ekologikoak sekulako traba dira niretzat”

Dokumentuaren akzioak

“Baso ekologikoak sekulako traba dira niretzat”

Patxi Perez

Egilea
Sustrai Colina
Komunikabidea
Argia
Mota
Elkarrizketa
Data
2009/11/15

Hara bakean dagoenari gerra ematen diona!

Gerra ez, dantza. Nola dantzatuko du jendeak zer dantzatu ez baldin badaki? Lehen fandangoa etxean ikasten zen, baina orain? Rocka sartu zenetik burua goiti-beheiti mugitzen baizik ez dakigu, eta taldean ez bada, inork ez du pitoarena egin nahi.

Purista halakoa, ez hasi tradizioaren kontuarekin, e...

Zer tradizio? Fandangoa dantza andaluz batetik dator, zazpi jauziak Europa osoan dantzatu izan dira... Gure dantzaldiak elikatu behar dira, elikatu eta bizi.

Ez ote zaren zu, elikatu eta bizi behar duena.

Sortu ditut ikuskizunak, eszenaz eszena ibili naiz, baina ulertu dut ez zela nirea, nire dantzak festaren parte behar zuela. Mareak ezabatzen duen hondar gaineko marrazkia naiz.

Erdipurdiko irakaslea zarela, alegia.

Gustua ematea da nire lana, maite dudana maitaraztea. 14 urte bete dituzten nire ikasle guztiei esan diet ez zeukatela zereginik nirekin, segitzekotan beste irakasle bat topatu behar zutela. Irakaskuntzan bezala da, ezin duzu irakasle bera ukan ama-eskolatik unibertsitatera.

Aizu, bi pilota partidaren artean, turisten aitzinean dantzatzeko, ez da anitz jakin behar!

Dantza taldeak egin ninduen euskaldun, eta Iparraldeko dantza taldeak turisten sosei esker bizi dira. Turistei dirua kentzea ez da txarra, diru horren erabilpenean datza gakoa.

Alegia, Euskal Herria ez dagoela salgai baina alokatzen dela.

Festetako egitarau osoa enpresa bati manatzean dago euskaltasuna? Lanerako norbait beharko banu eta curriculum batean “jai batzordeko arduradun” irakurriko banu, ez nuke dudarik egingo. Ardura horrek munduko diploma guztiak balio ditu.

Baina zer mundutan bizi zara?

Arrazoi duzu, beste mundu bat da hau. Euskalduna izatea hautatu nuelarik mundu berri bat ireki zitzaidan, baina milaka mundu ditugu aukeran. Zergatik uste duzu denak bizi garela mundu paraleloetan?

Abila zara ba paraleloak perpendikular bihurtzen!

Jende artean dantzan sentitzen naiz ongi, baina etengabe nabil arrantzan, kantatu behar denean kantatuz, eta trago bat egin behar denean trago bat eginez. Hori bai, baso ekologikoak sekulako traba dira niretzat!

Ez zara birziklatzen den bakarra, konpai!

Nik bi orduko dantzaldiak baizik ez ditut egiten. Festak denerako denbora izan behar du, dantzarako, kanturako, jan-edanerako, ligatzeko... Hori da antolatzaile askok ulertzen ez dutena.

argazkia

Gaizka Iroz

Dokumentuaren akzioak