BASKOA den guztiaren kontra oldartu nahi dute tai gabe, gorrotoz beterik. Nafarroan euskarafobia eta euskalherrifobia sistematikoki agertzen dira, gure identitate definitzen eta marrazten duen ororen kontrako oldarraldi tematiaren bidez, politikoki eta estrategikoki prestaturik. Ez dute ezer bakean uzten.
Bertako alderdi eskuindarraren azken amorrualdiaren emaitza Atarrabian gertatu da. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hala erabakita, zazpi probintzia irudikatzen duen armarri bat ezabatu beharko da herriko frontoi batean, eta Euskal Herria irudikatu nahi duen sinboloaren barruan Nafarroa desagertzeko gogo alferrikakori eutsiko dio berriz bertako eskuinak.
Arrazoia oso sinplea omen da: botere publikoek izan behar duten neutraltasun printzipioa ez da errespetatzen. Irudiaren atzean, mezu politiko inplizitu bat ikusten dute horiek, nazio batena, eta hori ezin da onartu. Betikoentzat, Euskal Herria terminoa “jarrera politiko jakin baten aldeko adierazpen bat da, botere publikoei eska dakiekeen neutraltasun politikoaren betebeharra urratzea dakarrena”. Eta non gelditzen dira identitate kultural eta linguistikoak, orduan? Agian, pribilegiatuak gara armarri bat ere badugulako.
Gogoan izango duzue Iruñeko Konstituzioaren Plazaren inguruko iskanbila. 2022an, Enrique Maia alkateak Espainiako Konstituzioren izena jarri zion Baluarte Jauregiaren aurreko plazari, eta Constitucion hitza jarri zen soilik, euskarazko ordainik gabe. Orain euskaraz irakur daiteke.
Bada, hari guztietatik tiraka ibiltzen dira ultraeskuindarrak baskoa den guztia ahalik eta lasterren desager dadin.
Agian, egunen batean, dantzaldi batean, agintariena izeneko dantza ikustean biloa laztuko zaie harriturik. Badakizue, bertan dantzariak belaunikatu egiten dira, kapitainak txapela kentzen du eta ikurrina beste dantzarien buru gainetik astintzen du. Bada, horiek Espainiako bandera ere astindu beharko litzatekeela esango dute laster batean.
Hurrengoa zer izango da, Korrika debekatuko dute beste pribilegioa bat delako euskararen alde lasterka ibiltzea?