Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Baserritarren jantzi txukunenekin dantzan

Dokumentuaren akzioak

Baserritarren jantzi txukunenekin dantzan

Errenteriako hamahirugarren erromeria eguna

Egilea
M. Larrinaga
Komunikabidea
Gara
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2011/07/17
Lotura
Gara

Erromeria Eguna goizeko hamarretan hasi zen atzo, dianarekin hain zuzen ere. Baserritar jantziak eta abarketak armairutik atera eta, eguzkiaren beroa alde batera utzita, dotore-dotore kalera irteteko eta dantzan aritzeko eguna iritsi zitzaien errenteriarrei.

Dianaren ostean, indarrak berreskuratzeko ordua zen eta, horretarako, hamaiketakoa egitea baino hoberik ez dago. Topagunea Esmalterian zen, Koldo Mitxelena plazan. Bertan, txarangak, joaldunak, dultzaineroak, dantzariak... guztiak elkartu ziren mokadu eta trago pare bat hartzeko. Herritarrak eta musikariak guztiak bat eginda zebiltzan, eta, azkenek tragoa amaitutakoan, emanaldi txikiak eskaini zituzten haurren harridura piztuz.

Bertako eta inguruko herrietako jende askorentzat urtean duten egun garrantzitsuenetako bat da; sekula ez dira etxean gelditzen. Beste batzuentzat, udako egutegiaren hasiera data da. «Gu urtero ateratzen gara, beti jantzita gainera. Denak baserritarrez ateratzen gara, txukun-txukun. Egun osoa trikitia jotzen igarotzen dugu eta herri bazkarira ere urtero joaten gara», zioten Alaznek, Oihanak eta Ainhoak. «Txikitatik hasi ginen etortzen eta orain ohitura moduko bat da, udako planaren barruan daukagu egun hau», gehitu zuten.

Idoia Oiartzungoa da eta bosgarren urtez hurbildu zen atzo erromeriara. «Gure bosgarren urtea da eta jantzita eta dantzara etortzen gara beti». Herri bazkaria, aurten, Koldo Mitxelena plazan antolatu dute jende gehiago animatzeko eta kiroldegiko beroak uxatzeko. Idoia, ordea, etxera joaten da bazkaltzera, baita deskantsatzera ere: «Oso luzea egiten da eguna, hemen geldituta. Etxera joaten gara eta 18.00etarako itzultzen gara, Erromeria Nagusia ikusteko eta dantzatzera berriz ere». Erromeria Eguna gozatzeko eguna da eta hala sentitzen du Idoiak. «Disfrutatzeko» ateratzen da bera, «herriko dantza, herriko jende eta giroa mantentzeko etortzen gara».

Maria Luisa bere lagunekin ateratzen da urtero baserritarrez jantzita. «Urte asko daramagu egun honetan ateratzen. Beti jantzita irteten gara; euritan, eguzkitan edo elurretan bagaude ere, gu jantzi egiten gara». Urte askotan errepikatu arren, ez dira nekatzen eta egun osoan zehar hartzen dute parte emakume hauek. «Egun osoan aritzen gara, iluntzera arte, leher eginda amaitzen dugu. Herri bazkarira ere joaten gara». Maria Luisa bertakoa da eta berak esaten duen moduan, «tripetan daramat festa hau».

Joaldunak izan ziren Esmalteria utzi zuten lehenak. Zintzarri hotsa ateraz, Errenterian barrena sartu ziren, kalean zebiltzan ibiltari guztiak harrituta begiratzen zietela. Haurrak, gurasoen aginduei kasurik egin gabe, tokian gelditu eta begira-begira gelditzen ziren joaldunak pasa arte.

Horren ondotik, txarangak, dultzaineroak eta trikitilariak atera ziren kale ezberdinetatik. Horien aurretik herritarrek bi lerro osatu zituzten kaleetan barrena dantzan ibiltzeko Xabier Olaskoaga plazaraino. Han, txaranga baten laguntzarekin, bertako tabernetan zeudenak aldarte onean jartzea lortu zuten, arin-arinak, fandangoak eta beste dantzatuta.

Inguratu ziren guztiei une aparta eskaini zieten eguerdian; Ereintza dantza taldeko neskek neskatxen sokadantza eskaini zuten Zumardian. Dantza honek emakumezkoak ditu protagonistatzat, nahiz eta bertsio erabiliena eta ohikoena gizonen dantza den. Beste hainbat dantza egin ostean, bazkaltzeko ordua iritsi zen eta, herri bazkaria egin zen, aurtengoan gainera Esmalterian lehendabiziko aldiz.

Arratsaldean egin zen ekitaldi nagusienetako bat erromeria nagusia izan zen. Hau herriko hainbat plazatan ospatu zuten: Zumardian, Leku Zarran eta Xabier Olaskoaga plazan. Bazkarira joan zirenak zein etxera joatea nahiago izan zutenak, denak elkartu ziren, berriro ere dantza gehiago, umore hobea eta gelditzen zitzaizkien indar apurrak xahutzeko euskal dantzaren eta festaren omenez urtero antolatzen den festa honetan.

p056_f01_208x116.jpg

Dokumentuaren akzioak