Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Baserritar jantziak, ongi janztearen artea

Dokumentuaren akzioak

Baserritar jantziak, ongi janztearen artea

Tanto edo loretxo zuridun baserritar jantzi beltza ohiko janzkera izatetik, aukera izatera pasa da, sorta zabal-zabalaren barruan. Kolore eta estanpatu askotariko oihalez egindako baserritar jantziak ikus daitezke kaleetan, batez ere gabon garaia inguratzen hasten denean. Gizonezkoen jantzietan ere aukera ez da gutxitu. Txanbra mota ezberdinak, luzera eta mozketa mota ezberdinetakoak, txalekoak, alkandorak, atorrak… eta hemen ere kolore sorta handia aukeran. Baina, nolako ezaugarriak izan behar dituzte euskal jantziek? Astearte arratsaldean azaldu zituzten horren inguruko xehetasunak Ostadar dantza taldekoek, Goiztiri AEK-k antolatutako ikastaroan.
Egilea
Ane Arrieta
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2013/11/21
Lotura
Goierriko Hitza

Baserritar edo euskal jantziak XIX. mendeko euskal janzkeretan oinarritzen dira, baina, garai hartan ere, janzteko modu ezberdina izaten zuten baserrian lan egiteko edo kalera jaisteko. Ezberdin janzten ziren, baita ere, okasio edo bizitzako egoeraren arabera: gertukoen heriotza denbora askoan eraman behar izaten zuten jantzi ilunetan islatuta, esaterako.

Emakumeen ile orrazkerak eta zapia buruan eramateak ere bere egoera zibilaren berri ematen zuen. Baina, horrelako zehaztasunetan sartu gabe, gabonetan luzitzen ditugun janzkerak hobetzeko asko egin dezakegu, egokitasunari dagokionean behintzat.

Ostadar dantza taldeko Jon Zubeldiak azaldu zuenez, «baserritar jantzia janztekotan, ondo jantzi behar da; bestela, hobe normal jantzita joatea». Horren barruan sartzen dira, bere ustez, amona jantziarekin oinetako egokiak eramatea, gonaren luzeera, amantalaren ezaugarriak…

Azpigona, ezkutuan

XIX. mendean, emakumeen azpigonak luzeak izaten ziren eta ez ziren inola ere ikusten, egun kuleroak erakusten ez ditugun bezala. Hainbeste garbitzen ez ziren garai hartan, gona ez zikintzeko funtzioa zuen, batez ere. Abertzaletasunarekin etorri ziren azpigona zuriei lazo gorriak eta berdeak jartzearen moda, eta hura erakusteko gona pixka bat altxatzea.

Gona zen erakusten zena: gona luzeak, ezer ez ikusteko, bekatuan ez erortzeko. Eta lanean aritzeko, amantala, luze-luzea eta zabala. Kalera ere desberdin jaisten ziren, dotorexeago. Askok amantala kentzen zuten, gona luzitzeko.

Ilea nola zeramatenaren arabera egoera zibila nabaritzen bazen, buruko zapia jartzeko modu ezberdinak ere bazeuden, tokiaren arabera. Ilea bilduta eramaten zuten, moño edota trentza moduko orrazkerekin. Zapia ondo eustea egun baino errazagoa zen XIX. mendean, egun baino gutxiago garbitzen zutenez, irrist gutxiago egiten zuelako. Horregatik, orain, gomina, laka eta orkillak erabili behar izaten dira zapia ondo eusteko.

Mutilek eramaten dituzten zapi zuri-urdinak «desegokiak» edo, behintzat, XIX. mendekoak ez direla ere azaldu zuten Ostadarrekoek.

Oinetakoei dagokienean, lanerako abarkak edo ttattak erabiltzen bazituzten ere, kalera jaisteko apretak edota zapatak janzten zituzten XIX. mendean. Baina, astearteko hitzaldian entzuleek galdetu zuten bezala, Dr. Martensen moduko oinetakoak ez dira egokiak.

Abarkak, ttattak edota apretak egoki lotzen ere irakatsi zuten asteartean, eta baita galtzerdien luzeraren arabera nola lotu ere.

Lepoko zapia eramateko modu ezberdinak ere azaldu zituzten Ostadarrekoek: gehien ikusten dena, aurretik brotxe batekin lotua, edo atzetik normal jarrita eta zapiaren puntak korpiñoaren barruan sartuta, esaterako.

Mutilen gerrikoa «askok desegoki» eramaten dutela ere azaldu zuten, askok «zintzilik zati handiegia» eramaten dutelako. Izatekotan ere, puntak bakarrik gelditu behar du agerian.


Txapela, berriz, txikia eramaten zuten, eta normalean modu berezi baterara jarrita: pixka bat atzeraka erorita atzealdean, eta aurrealdean ezker alderantz pixka bat erorita eta aurretik punta moduko bat aterata. Garai hartan, aldaka handidun emakumeak erakargarriagoak omen ziren, umeak errazago izaten zituztenaren ustea zegoelako, eta horregatik janten zituzten gerruntze edo korpiño estuak eta bolumen handiko gonak.

Gona asko oihal zati ezberdinekin egiten zituzten, eta koloreei edo marrazkiei ez zieten hainbesteko garrantziarik ematen, eta goiko jantziak eta behekoak ez zituzten uztartzen.

Beraz, aurtengo gabonetan baserritar jantzia egoki eraman nahi dutenek, Ostadar dantza taldekoek emandako aholkuak kontuan hartzea eta horiek jarraitzea aukera ona izan liteke.

Ostadar_dantza_taldekoek_b

XIX__mendeko_argazkia

Ostadar_dantza_taldekoek_b copia

Ostadar_dantza_taldekoek_b copia 2

Dokumentuaren akzioak