Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Baserritar jantzia

Dokumentuaren akzioak

Baserritar jantzia

Egilea
Oihana Iguaran
Komunikabidea
Ataria
Mota
Albistea
Data
2023/01/13
Lotura
Ataria

Irudikatzen ditut gure baserritar jantziak poteo, kantu-jira edo desfile lanak eginda, garbitu eta (kasurik onenean lisatuta zorroan) bilduta. Garai lanpetua izan dute eta atseden hartuko dute orain, Santa Eskean jarduteko akaso, edo dantza emanaldian luzitzeko hurrena, edo euskal jaian berriz paseatzeko. Horixe baita gutako askorentzat baserritar jantziaren funtzioa orain.

Gogoan dut, dantza talderako jantziak egiten zizkiguten jostunekin eta diseinatzaileekin nola ikasten genuen, baserritarrek jantzietan dotoreenak baliatu ohi zituztela kalerako, eta oholtzara baserritarrez ateratzekotan baserritarrek sekula ez zuketela hautatuko abarkarik, ez bazen zapata pare bat, ez eta gerruntzerik ere, horiek eguneroko lanetarako zirelako eta kalerako amantal argi brodatu bat eta brusa edo txanbra ederrak jantzi ohi zituztelako. Berdin, gizonek, euren eguneroko atorren ordez hobetsiko lituzketen blusekin.

Guk, jantzi horiek soinean hartuta egin dugun lanik gogorrena txistorra pintxoak prestatzea edo dantzan izerditzea dugunok, ez diegu prenda horiei eguneroko funtzio edo zentzurik ematen. Eta horrela, Gabon egunez ukuiluko lanak egin berri kantura batu den baserritarrari galdetzen diogu ea zergatik ez den baserritarrez jantzi. Pentsatzen dut, garai batean gerruntzea edo atorra abarka maiztu eta zikinduekin alboratu eta txanbrak, blusak eta zapatak jantzi ohi zituzten bezala, orain ere mahoizko galtza zikinak baztertu eta praka bakeroak eta zapatila pare berriena aukeratzeak zentzu gehiago duela, baserritar bat kalerako janzten denean.

Horixe gertatu zitzaigun Zestoako Ero ferian, abenduaren 26an. Poteora eta festara hurbildutako herritarrak baserritar jantzi dotorez irten ziren eguerdian plazara, azokako postuetan goizetik ari ziren ekoizleak ez bezala. Eta haiei ere galdera: «Jantzi gabe?». Halaxe erantzun zuen batek: «Ni baserritarra nauk eta arropa zaaukaat soinean, zer behar duk ba?». Hark ez zeraman baserritar jantzirik, baina baserritar jantzia izan. 

«Eta haiei ere galdera: 'Jantzi gabe?'. Halaxe erantzun zuen batek: 'Ni baserritarra nauk eta arropa zaaukaat soinean, zer behar duk ba?'. Hark ez zeraman baserritar jantzirik, baina baserritar jantzia izan»

Komunitate baten eguneroko janzkera jantzi folkloriko bilakatzen dugunean horrelakoak gertatzea normala da. Zalantza sortzen zait, bihurgunean ditugun Kaldereroetan inork ijito bati galdetuko ote liokeen nolatan ez den jantzi. Eta horrek, txinatarrez, afrikarrez eta indioz janztea zer den pentsatzera narama. Apropiazio kulturalaz zerbait ikasi badugu, edo kultura bat estereotipora murrizteaz, traje horien atzean zer estaltzen den sumatu ahalko dugu. Eta susmoa dut, beste komunitate batzuk ari zaizkigula gureari egiten dioguna ulertzeko zantzuak eskaintzen.

Jantziak izan litezke aldarrirako, kultura baten adierazpen bat azpimarratzeko edo komunitate baten nortasuna iraunarazteko sinbolo. Hala ere, bilaka litezke mozorro. Aukera on bat izango dugu otsailean, jantzi eta trajeekin jolasteko eta sinboloen ohiko esanahia iraultzeko. Bestela, komunitate bat karikaturizatzen duena jantziz gero, biluzik geratuko gara.

Dokumentuaren akzioak