Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Baserritar jantzi tradizionala ezagutzen

Dokumentuaren akzioak

Baserritar jantzi tradizionala ezagutzen

Egilea
Libe Solozabal
Komunikabidea
Drogeten
Tokia
Ermua
Mota
Albistea
Data
2024/11/07
Lotura
Drogeten

Kulturak barne hartzen dituen elementu guztiek esanahia dute, besteak beste, arropak, gizartearen bizi estiloa eta identitatea transmitituz. Euskal jantziak gure arbaso baserritarrek globalizazioak eta modak indarra hartu baino lehen zuten janzkerari egiten dio erreferentzia.

Kultura eta tradizio baten parte den guztiak esangura bat du. Bizimodu aldaketen ondorioz, gero eta urrutiago gaude egunerokoan eta jai egunetan esanahi handia zuten gauzez, esaterako, arropaz. Kultura batek bizi estilo bat barne hartzen du, hala nola, sinesmenak, ohiturak eta adierazpen artistikoak. Janzkera gizartearen isla da, identitate kulturala adierazten baitu.

Jantzi tradizionalek ezaugarri bereizgarriak dituzte, gainontzekoetatik ezberdintzen dituztenak. Gure kasuan, baserritar jantzia egun zehatzetan janzten dugu. Ermuan, bereziki San Martin azokan, jai egun hutsa ez dena. Duela ez hainbeste inguruko baserritarrak herrira jaisten ziren egunak gogoratzeko aitzakia da. Horrela, gure baserritar jantziak ateratzen ditugu. Ordea, jantzi tradizionala da, eta askorentzat ezezaguna den heinean ez du zentzu tradizionala edo nolabait behar bezala janzteko era jarraitzen. Honek jantzia ondo ezagutu eta baserri inguruan hezi direnak ernegatzen ditu sarri. Hala ere, kaletarrok ezagutzarik ez dugun heinean, galtzen doazen jakintza horiek jasotzea ez dago soberan.

Baserritarrek etxean egoteko edo kalera joateko arropa ezberdinak erabiltzen zituzten. Eskuz egindako arropak ziren, telak erosi eta jostunak josten zituen. Kalera hainbat motibogatik irteten ziren. Alde batetik, baserriko uzta saltzeko edo ganadu salerosketak egiteko asmoz herrietako ferietara joaten ziren edota baserriz baserri esnea eramaten zuten. Lan kontuekin lotutako zereginak egin behar zituztenean laneko arropa janzten zuten. Bestetik, jaiegunetan mezatara, auzoren bateko jaietara edota ospakizun batera joaten ziren.

Emakumeen kasuan, goizean jaikitzean, arropa jantzi ondoren, ilea orraztu eta janzten zuten buruko zapia. Emakume baserritarren buruko zapiak asko zuen esateko. Baita bete beharreko baldintza batzuk ere, zapiaren funtzioa ez zelako burua estaltzea, jasotako ilea biltzea baizik. Buruan jartzean, aurreko partean beti tolestura egin behar zaio. Hala, zapiak forma karratua izan behar du. Mototsari bi edo hiru punta atera behar zaizkio egoeraren arabera, bi txiki goian aurrerantz egunerokotasunerako, eta hirugarren bat, handitxoagoa, albo batera domeka edo jairako. Puntak almidoiearekin gogortu ohi ziren. Bordatua ere egiten zioten edertzeko. Bestalde, telak biguna eta mehea izan behar du.

Tradizionalki buruko zapiaren koloreek emakumeen estatusa adierazten zuten. Zapi zuria, alde batetik, ezkondutako emakumeek erabiltzen zuten. Eta bestetik, pekatua zutenek, hau da, ezkondu gabe haurdun geratzen zirenek. Koloretsuak, loredunak eta marradunak ezkongabeenak ziren. Zapi beltza, lutoa pasatzen ari ziren senideek erabiltzen zuten, guztiz beltza. Gero, luto erdira igarotzen zirenean, motedun edo marradun zapi beltzak erabiltzen zituzten. Bestela, emakume eta neskatilek ilea txirikorda edo motots batean bildu ohi zuten urkilekin.

Egun berezietan edo domeketako erromerietan emakumeek dotore joateko saman zapi bat jartzen zuten apaingarri gisa. Artilezko tokilla neguan erabiltzen zuten epeltzeko, saman buelta bat eman eta atzean lotuz. Inguru honetan, esaterako, ez zen korpiñoa erabiltzen, beste eskualde batzuetako jantzi batzuena da.

Soinean zeramaten alkondarak eskumuturrak estali behar zituen eta gonaren luzera ia orkatiletarainokoa zen. Perkalezkoak ziren gonak eta azpikogonei behean puntilla josten zitzaien hain erraz ez hondatzeko. Neguko hotzekin kalerako azpitik artilezko gona gorria janzten zen berotasunerako. Orain ezaguna den eta dantzatzeko erabiltzen den gona gorria. Dena dela, kanpotik ekarritako tela zen eta oso garestia zen. Kontu zahar batek dio Zeraingo gizon batek lurrak saldu zituela bere andreari gona hau erosteko, ezkontzako oparia omen zen. Amantala lanerako erabiltzen zen beti, gona ez zikintzeko. Honen barrutik azpikogona eta barruko arropak, garai batean pololoak.

Gizon baserritarren janzkera sinpleagoa zen. Dotore janzteko zapia ere janzten zuten, emakumeen bezala. Baina ez gaur egun janzten den karratudun txuri-urdina, hori mukizapia da. «Mokupañuelua poltsikora!».

Buruan txapela eraman ohi zuten gazte zein helduek, bai lanerako bai kalerako. Soinean alkondara. Dotore egunetan alkondara zuria janzten zuten sastreak egindako trajearen praka eta jakarekin batera. Alkondara zuria beti izan da kalerako, ez azoka ez lanerako. Txalekoa ere eraman ohi zuten. Hotzarekin gainetik artilezko jertsea, kaikua, brusa edo jaka. Azokara tratanteak edo salerosleak brusa luze eta beltzarekin joaten ziren. Gizonezkoek prakak eramaten zituzten eta gerrikoa.

Andrazko nahiz gizonezkoek oinetan, antzinan larruzko abarkak, eta ondoren gomazkoak, eramaten zituzten artilezko galtzekin, nagusiek belaunera arte eta gazte edo umeek berna erdira arte, motzei txapiñuak edo txapiño galtzak deitzen zitzaizkien. Domeketan elizarako larruzko botak edo zapatak eramaten zituzten, zintekin, garai batean goma ezta kremailerarik ez zegoelako. Udan abarketak erabiltzen ziren.

*Ahozko testigantza bidez jasotako informazioa.


Hona hemen argazki zahar batzuk adibide modura.

Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853-1943) Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria izan zen. Begoñako Errepublikako (gaur egun Uribarri, Otxarkoaga-Txurdinaga eta Begoñalde-Santutxu barrutiak) jende eta ohituren argazkiek osatzen dute bere bilduma. Begoña Bilbora anexionatu baino lehenagokoak dira eta Errepublika Plazan egiten zituzten ganadu-feriak, Errepublika Etxearen aurrean.


Gizonak ganadu-ferian, Eulalia Abaitua.


Gizon-emakumeak ganadu-ferian, Eulalia Abaitua.


Emakumea ganadu-ferian, Eulalia Abaitua.


Baserritarra eta tratantea, Eulalia Abaitua.


Indalecio Ojanguren (Eibar 1887-1972) argazkilariaren irudiak oso ospetsuak dira. Horietako asko, afizioz, mendian atera zituen. Beste asko gertakari garrantzitsuetan eta herri-kirol ekitaldietan, baita baserrietan ere, landa eremuko jendea protagonista izanik. 


Neskatila, Indalecio Ojanguren.


Mutikoa, Indalecio Ojanguren.


Amama, Indalecio Ojanguren.


Gizona baserri atarian, Indalecio Ojanguren.


Merkatutik bueltan, Indalecio Ojanguren.


Zaldibarko emakumeak azokatik bueltan, Indalecio Ojanguren.

Dokumentuaren akzioak