Dokumentuaren akzioak
Baserri ondo eraikia
Kritika, El Caserio
Publikoak bete egin zuen Arriagaren antzokia (eta beteko du hurrengo egunetan) El caserío-ren goi mailako bertsioa ikusteko. Juanjo Menaren musika zuzendaritzan oinarritu zen arrakastaren arrazoia hein handi batean, baina egia da ere gainontzeko atalak ere modu onean aritu zirela.
Gasteizko maisuak den-dena ondo prestatu zuen eta jatorrizko partiturara jo zuen, haren zatiak berreskuratzeko. Lehenenengo ekitaldiko Concertante dugu horren adibide. Gainera, batzuetan erritmoa biziagotu egin zuen eta giro freskoagoa eman zion nazionalismo musikalean finkatzen den Guridiren partitura onari.
Abeslarien artean, J.J.Rodriguezen itxura eta kantua nabarmendu behar dugu Santi osabaren rolean. Ahots eta tinbre ona erakutsi zituen (Sasibil). Dena eman zuen E. Sánchez-ek bai tauletan bai kantuan Jose Migelen rolean. Aldiz, epelago sumatu genuen B.Lanza sopranoa Ana Mariren rol maitakorrean sartzeko, nahiz eta kantu lerroan zuzen jardun. Asko gustatu zitzaizkigun Atxalandabaso eta Kintana Txomin-Inosensia barregarrizko bikotearen zereginetan.Tenoreak ahots beroa eta argia azaldu zuen Txikito de Arrigorri-n eta azken duo komikoan Inosensiarekin batera.
Antzezle hutsen artean Loli Astorekak biribildu zuen Eustasia baserriko etxeko andrearen rola. Oso ondo aritu ziren Rúperez apaizaren rolean , Pinilla eta Iturbe. Argia dantza taldeak ezpatadantza, alkate soinua eta aurresku ikusgarriak egin zituen.
Maribel Berastegik betiko irudi idiliko-bukolikotik alde egin nahi zuen eta minimal esparrutik sartuz erdibidean geratu zen: egurrezko euskarriez baliatu zen eszena osatzeko C.Barearen berrikuspenean .Bilboko Sociedad Koraleko abesbatzak eszena bete zuen eta bikain aritu kantuan zein tauletan. Bilbao Orkestra Sinfonikoko musikariek Guridiren gozamena eskaini ziguten Menaren luxuzko zuzendaritzapean. Bertsio antologikoa.
Dokumentuaren akzioak