Dantzaren XVII. Zirkuituak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sarearen bidez antolatutako ekimenak, makina bat proposamen ondu ditu Bizkaian. Eta hala, Krego-Martín Danzak Charadas aurkeztuko du Social Antzokian, Lasalak Dead Arriola Antzokian, Kukaik Gauekoak Kultur Leioa Auditoriumen eta Osa+Mujika konpainiak Kenophobia Kurtzio Kultur Etxean
Charadas lana dantza garaikidearen eta barrearen arteko harremana estutzen du. “Badirudi artistikoa den guztia serioa dela edo izan behar duela, barrerik gabea. Era askotara eta arrazoi askorengatik egiten dugu barre, baina arrazoietako bat ulertzen ez dugun zerbaiti edo inkomunikazio une txar bat sortzen duen zerbaiti barre egiten diogunean da. Barreak berehala gogorarazten digu bizirik gauden errealitate zoriontsua. Clownak eta dantza garaikidearen mundua ezinezkoaren gustuan daude”.
Dead lanaren mezua honakoa duzue: “Hil aurretik, bizi. Zenbat zama dugu gure gain ematen dugun urrats bakoitzeko? Itxurakerietan ibiltzen gara, inondik inora sostengatu ezin den segurtasun bat lortu nahian. Oinordetzan jasotako sinesmen eta ereduek txotxongiloak bagina bezala gidatzen dute gure bizitza”.
Gauekoak proiektua Kukai konpainiaren Jon Maya Sein dantzari eta koreografoaren hausnarketa pertsonal batetik sortutako lana da. Lagun maite eta bereziak batu ditu proiektuan. Hizkuntza artistikoen gurutzaketan eta sortzaile handien baturan (Arkaitz Miner, Mireia Gabilondo…) oinarritzen da proiektu berri hau, dantza, musika, abeste, ilustrazio, literatura eta abarri gauaren muinetik ekinez.
Kenophobia edo espazio hutsekiko beldurra. Kenofobia duten pertsonentzako, espazio hutsak beldurgarriak dira; larritasun guztiz kontrolaezina sentitzen dute, bai espazio hutsetan daudenean, baita haietan pentsatzen dutenean ere. “50 minutuko lan hau festa batekin hasten da, berehala ospakizunaren amaiera iritsiko da eta jendea joan egingo da, espazioa zeharo hutsik geratu arte. Hutsunea gonbidatuen hezurretaraino sartuko da, bakardadea eta beldurra sortuz.”