Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Barraskiloen ibilbidea gorputz biluzien gainean

Dokumentuaren akzioak

Barraskiloen ibilbidea gorputz biluzien gainean

Gasteiz. Gaur, 18:00etan, Montehermoso kulturunean.

Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2006/04/26

 Moare dantza taldean Gata sombra lana sortzen ari zirenean (aurkeztu duten azken lana), giza begiradari buruzko hausnarketa egin zuten taldekideek. Orduan, begirada bigun eta geldoarekin zerikusia zuen ekintza baten proposamena azaldu zuen taldeko lagun batek. Giza gorputz batzuen gainean barraskilo batzuk ipini zituen eta hari begira egoteko gonbita egin zien dantza elkartekoei. Barraskiloek egiten zuten ibilbidea ikusteaz gain, giza gorputzari begiratzen zitzaiola ohartu ziren. Izan ere, gorputz atal bakoitza orografia berezia bihurtzen zen: besapearen tolesak ibai lehorraren arro bilakatzen ziren; sudurra, berriz, labar irudika zitekeen.Barraskiloen ibilbide hori ez zen Gata sombra obran erakutsi. Hori dela eta, Haragi bizitan lana sortzea erabaki zuten. Bestalde, gorputzaren plastikotasuna, haragi bizia eta begiradaren subjektibotasuna azalaraztea dute helburu gaurko saioan.Sara Paniagua dantzaria taula gainean izango da gaur. Bere esanetan, barraskiloa sukaldaritzatik atera nahi dute, eta gorputz adierazmenera barneratu. Oraingoz, Gasteizen bakarrik egingo dute jendaurrean. «Hasieran jendeak zein erreakzio izango zuen galdetzen genion geure buruari, gorputz biluziak nagusi direlako emanaldian. Baina Tunick argazkilariak Donostian izan duen arrakasta ikusi eta gero, ez dugu beldurrik».

Dantza eta gorputzaren hizkuntza lantzen duen taldea

Moare dantza taldea 1992an sortu zen Gasteizen. Hamalau urte horietan, obra bat baino gehiago sortu dituzte: Zeru urdina (2003), Gau bakar bat (2004), Gata sombra (2005) eta Dueto (2006), besteak beste. Orain arte, arlo artistikoko aditu ugarirekin lan egin dute. Algita elkartea, berriz, 2004an sortu zen, duela bi urte. Naiara Iñiguez de Ciriacok eta Sara Paniaguak osatzen dute. Sormenari garrantzia ematen diote beren lanetan.

Dokumentuaren akzioak