Dokumentuaren akzioak
Barneko erritmoari erreparatuz
Tatiana Zapiain hernaniarra da jaiotzez, baina Tolosan irekia du Numen dantza eskola. Umetatik egin du dantza, eta ballet klasikotik hasi eta ekialdeko dantzetarako jauzia egin zuen.
Bartzelonan pasa ditu bizitzen hamar urte, eta eszenografia ikastera joan bazen ere, dantzarengandik ez zen aldendu eta ekialdeko dantzak ikasten jarraitu zuen. «Lehenengo ikasle moduan sartu nintzen, eta irakasle moduan amaitu nuen», zehaztu du. Gero, libreki klaseak ematen hasi zen Bartzelonan, eta etxe aldera itzuli nahi, eta joan-etorri asko egin ostean, Tolosan aurkitu du dantza erakusteko bere txokoa. «Azterketa bat egin nuen, eta dantza batzuk erakusten diren arren, gabezia bat zegoela ikusi nuen», kontatu du.
Aniztasuna bilatzen du ikastaro eta tailerretan Zapiainek. «Nire lehentasuna denetik eskaintzea izan da», dio. Diziplina guztiak eta adin ezberdineko herritarrak batzea nahi izan du dantza eskolan. Denentzat sorkuntzarako lekua izatea nahi du Numen: «Horregatik dago hain gutxi apaindua, zeren denbora guztian tokia aldatzen joatea nahi dut». Eta «gustura» agertu da horrela izaten ari delako.
Pandemia osteko 2020ko urrian ireki zuen, eta estilo eta talde askok ikasten dute bertan. Herritarrek eginiko harrera «ikaragarria» izan dela aitortu du. Egunerokoan beharra dagoela azpimarratu du, baina behin itxialdia eta pandemia bizitu eta gero, «izugarria izan da jendeak mugitzeko eta dantza egiteko zuen beharra, eta baita ukitzekoa ere». Gizartean nabaritu egin du Zapiainek: «Gogorra izan da, eta beharra zegoen». Esan behar da, Zapiainek dantzarekiko duen kontzeptua dela mundu guztiarentzako premia bat dela: «Oso naturala da, eta guztiak du erritmo bat».
Ekialdeko naturaren erritmoetan mugitzen da bera, eta barneko erritmoari erreparatzen dio. «Autoaurkikuntza da, eta niretzat oso garrantzitsua da». Aitortu du, askotan, berak eskaintzen ez dituen klaseetan haurrei edota helduei begira liluratuta geratzen dela begira: «Hori da gehien gustatzen zaidana, eta guztiek nola ateratzen duten barruan dutena».
Denetarik erakusten da Numen dantza eskolan: dantza garaikidea; ekialdetik datozen dantza mota asko, esaterako, sabel dantza; afrikar dantzak; flamenkoa; jazzpunk; oso modan dagoen dancehall, ... Guztia aurrera atera ahal izateko irakasle ezberdinekin egiten du lan. Hala ere, haur gehienek estilo modernoko dantzak eskatzen dituztela kontatu du.
Adin mugarik ez dantzarako
Hiru urtetik hasi eta bost urteak bitarte predantza egiten dute. «Gehiago da joko libretik hasi eta dantza garaikiderako bidea. Gorputz espresioa lantzen da gehiago, lehengo koreografien eskemak egiten dituzte. Jokoen bidez orekatik hasi eta indarrera bitarteko lanketa egiten dute. Konturatu gabe gauza asko lantzen dituzte».
«Hortik aurrera gehiago galdetzen diegu ea zer nahi duten», zehaztu du, baina «nik beti dantza garaikidea gomendatzen dut, zeren teknikoki oinarri on bat ematen dizu geroko edozein dantzetarako».
Hiru urtetik hasi eta ez dago adin mugarik izena emateko. Gero, taldeak adinaren arabera orekatzen ahalegintzen dira, baina «tailerretan-eta adinak nahasten hasi gara, eta hasieran errespetua ematen bazidan ere, egia esan, oso ondo funtzionatzen du».
Helduak ere animatzen direla dantzara adierazi du, nahiz eta, gehiago kostatzen zaien.
Bilakaera bat egoten dela kontatu du, eta janzkeratik hasi eta lehentasun bilakatzera pasatzen dela dantza. «Beraien momentua da, eta harrapatu egiten ditu. Obligazioz ez dator inor hona».
Lehiarik ez
Konpetizioak ez du lekurik Numen dantza eskolan, eta joko kooperatiboak dira guztiak. «Gure pentsamendua jada nahiko lehiakorra eta ezkorra da», azpimarratu du. Jendeak orekarik ez duela esaten duela askotan kontatu du, eta ez dela horrela azpimarratu du: «Zure oreka lantzen ari zarela esan behar da; txip hori aldatzearekin guztia aldatzen da». Poliki-poliki zeure burua gainditzen edota hobetzen joatea dela helburua nabarmendu du, eta «ez duzu zure burua besteekin alderatu behar, baizik eta guztiz kontrakoa, hau da, talde horretatik elikatu egin behar duzu».
Ikasturte amaierako emanaldietan sentitu egin du hori: «Batzuk besteei laguntzen ikusten nituen, gauzak uzten, orrazten, batzuk bestei txaloka... eta guztia giro oso zintzo batean joan zen, eta hori izan zen gehien hunkitu ninduena». «Hemendik kanpo inondik inora ezagutuko ez ziren pertsonek bat egin dute», dio irribarretsu.
Irailetik ekainerako ikasturtea eskaintzen du, baina udara begira dantza udalekuak ere prestatzen ditu, eta baita ikastaro trinkoak ere. Ezkontzera doazen bikoteentzat ezkongaien dantzak ere erakusten dituzte. Ikasturte berrian izena eman nahi duenak dei bat egitea nahiko du edo whatsapp mezu bat idatzi, eta informazio guztia eskuratuko du. Taldeak goizetan, eguerdietan edota arratsaldetan izan direla esan du, baina gehienak arratsaldez izaten direla kontatu du. Irekita dago Numen dantza eskola jendearen beharretara.
NUMEN DANTZA ESKOLA
- Helbidea. Santa Klara, 5, baxua (Tolosa)
- Telefono zenbakia. 688 78 06 66
- Posta elektronikoa. info@numendance.com
- Sare sozialak.
Instagram: @numendance
Facebook: Numendantzaeskolatolosa - Eskaintza: Dantza garaikidea; ekialdetik datozen dantzak; afrikar dantzak; flamenkoa; jazzpunk; dancehall...
Dokumentuaren akzioak