Dokumentuaren akzioak
Barne piztiak koreografiatzea
Publikoak harrera ona egin dio Versaillesen Malandain Ballet Biarritz eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak elkarrekin sortutako 'Ederra eta piztia' balletari, eta kritikariek ere bero hartu dute.
Keinu bat da, baina nahikoa erronkaren neurria ulertzeko. Emanaldi erdian, eskuinerantz biratuta, Ainar Rubikis Euskadiko Orkestra Sinfonikoko orkestra zuzendaria, hari sekzioari adi; tenpoa moteltzeko esaten die biolin, cello eta kontrabaxuari. Segundo bakar batez, ordea, biratu du burua ezkerrera, eta Malandain Ballet Biarritzeko dantzariei zuzendu die begirada oholtza gainean. Ongi doa dena, nonbait, eta, istant bakar batera, berriz ere orkestrara begiak. Versaillesko Chateau opera aretoan harrera ona egin dio publikoak ostiral gauez Malandain Ballet Biarritzek eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak elkarlanean sortutako Ederra eta piztia balletari. Europako balletaren habia nagusietariko bat da aretoa, eta zazpi minutu inguruko txalo zaparrada egin zieten 22 dantzariei eta 53 musikariei amaieran.
Umil erantzuna kontzertu ostean Thierry Malandainek. «Ongi egon da». Ezin erabat ezkutatu poza, halere. Ostiralean egindako emanaldira prentsa espezializatua, programatzaileak eta kritikariak ere agertu ziren, gainera, eta harrera ona igarri zuen koreografoak. «Beldur pixka bat bagenuen, egia esan. Estreinaldia Miarritzen egin genuen, eta, publikoa oso aldeko genuenez, harrera ona izan zen. Baina hemen ez zen halakorik». Ordea, txaloen sariaz gain, zoriondu egin zuten sortzailea hainbat kritikarik ostiralean, eta AEBetatik emanaldia ikustera espresuki joandako programatzaileek ere adierazi zioten egindako lanari buruzko interesa. Baina, neurrian, berak: «Ongi egon da».
Ostiralekoa zuten lehen emanaldia Versaillesen, eta gaur egingo dute azkena. Abonamendu denboraldian ere emango dute gero Euskal Herrian.
Garaikide eta klasiko
Piotr Ilitx Txaikovskiren musika piezak batuz osatu du Malandainek ikuskizuna, eta ederra eta piztiaren istorioa kontatzeko baliatu du oinarri hori. Nahasian doaz ballet klasikoa eta ballet garaikidea, eta intentsitate handiko ordu eta erdiko pieza osatu du, eszenografia ezin minimoago batekin. Bi maila ditu aldi berean emanaldiak. Ederra eta piztiaren istorioa kontatzen du agerikoenak, eta istorio hori kontatu beharra duen sortzailearen barne borrokak kontatzen ditu besteak. Sortzailea eta bere piztiak. Eta emanaldiak aurrera egin ahala, uztartuz doaz bi planoak behin eta berriz.
«Txaikovski oso pozik egongo litzateke Miarritzeko balletak eginiko moldaketa ikusiz gero», laburtu zuen bere poza Rubikis EOSeko orkestra zuzendariak. «Musikalki ere badu zentzua Malandainek osatu duen narrazioak».
«Laugarrena ere egin nahi dugu elkarrekin». Aurrez ere elkarlanean arituak dira EOS eta Malandain Ballet Biarritz balleta, eta hirugarren elkarlana da Ederra eta piztia. Zein ez dakite oraindik, baina etorkizunean ere beste elkarlanen bat egingo dutela aurreratu zuen Oriol Roch EOSeko zuzendariak. «Euskal Herriko proiektua dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Miarritzeko balleta, eta, hiru lankidetzaren ostean, norabide zuzena marrazten dute. Proiektu honek zentzu kultural handia du». Elkarlanaren emaitzarekin pozik musikariak eta dantzariak ere. Andoni Mercero concertinoa, esaterako. «Oso koreografia artistiko eta sortzailea da, eta musikariontzat ohore bat da balleta laguntzea». Eta pozik Arnaud Mahouy dantzaria ere. «Iruditzen zait orkestrak eta balletak oso ongi entzuten dugula elkar». Edo bestela esanda, ez dagoela ia piztiarik Ederra eta piztian. Hori sentsazioa parte hartzaileen eta ikusleen artean.
Dokumentuaren akzioak