Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Barne meditazioa

Dokumentuaren akzioak

Barne meditazioa

'Silencio'

Zuzendaritza eta koreografia: Daniel Abreu. Dantzariak: Anuska Alonso, Dacil Gonzalez Abreu. Lekua: Bilboko La Fundicion aretoa Data: Abenduak 18.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2015/12/22
Lotura
Berria

Dantza arloko urtea ondo amaitzeko, Daniel Abreuren Silencio izeneko lana ikusi dugu asteburuan. Abreuk Espainiako Dantza Sari Nazionala eskuratu zuen iaz sorkuntza koreografikoaren arloan, baina nik dantzari kategorian ere emango niokeen. Bere prestakuntza fisiko itzela eta gorputzari ateratako esangura kontuan hartuta, estoizismo transzendental bezala definituko nuke bere estiloa, eta ezaugarri berberak konpartitu dituzte pieza honetako beste dantzari biek.

Ilunetik eta isiltasunean agertu da Abreu, oinutsik piezako beste biak bezala eta gorputzaren gaineko erabateko kontrola erakutsiz bere ezinezko eboluzioetan. Dantzariaren giharrek mezu ustez kontrajarriak bidali dizkigute —aldibereko indarra eta gozotasuna, kemena eta barne bakea, erne egotea kanporantz zein barrurantz...— eta bide horretatik sartu gara bere hizkera koreografiko ezin pertsonalagoan.

Koreografoak geroko solasaldian azaldu duen bezala, izenburutik bertatik sortu ohi dira bere piezak: kasu honetan isiltasunetik eta baldintza horrek ahalbidetzen duen meditazio egoeratik. Isiltasun emankorra abiapuntutzat hartuta, izpirituaren munduan barneratu da dantzaria, lehenago Dacil Gonzalezekin eta gero Anuska Alonsorekin, edozein tentazio narratibori uko eginez eta betiere meditazioak eskatutako maila jasoari eutsita. Bide horretatik, abiadura geldoko ariketa akrobatikoak garatu dituzte arestian aipaturiko kemena eta gozotasuna une oro konbinatuz, halako moldez non baitzirudien gorputzek beste dentsitate bat hartzen zutela, aldi berean zurrunak bezain malguak balira bezala, edo pisutsuak bezain pisugabeak bestela.

Behin izpirituaren egoera maila jasoago batera iritsita, trantze betean sartu dira hirurak, behegainetik etzanda eta koreografia hipnotiko batean murgilduta. Hiruren enbor eta besoen itzuliek lo urduriaren irudia ematen zuten eta hanken zein oinen posizioetan arimaren hegalaldi askea antzematen zen, dantzariak mandala batean murgilduta baleude bezala, mantra eroale baten errepikapenaz.

Kontzesiorik gabeko pieza honetan beren bide kosmikoetatik ibili dira dantzariak, argien diseinu esanguratsu baten pean eta koherentziaz jositako soinu-banda bariatuak lagunduta. Barne meditazioaren bide horretan gero eta pasarte onirikoagoak etorri dira irudi poetiko indartsuekin batera, eta horren adierazgarritzat hartuko ditugu emakumeen liraintasuna azpimarratu duen arroparen diseinua eta biluztasunari emandako tratamendu bikaina.

 
Argazkia: DANIEL ABREU KONPAINIA / EZEZAGUNA

 

Dokumentuaren akzioak