Dokumentuaren akzioak
Barkoxeko pastorala, gogoeta-iturri eta mugarri

Barkoxe herria euskal kulturari atxikia izan da beti, euskal kantuari, Xiberoko dantzei, maskaradari, pastoralari…, Pierre Topet Etxahun koblakaria barkoxtarra zen, eta Barkoxek pastorala eskaini dio lau alditan. Barkoxtarrek jokatutako pastoralen zerrenda luzea dugu, eta hauek dira oroitzen ditugunak: Joana Parisekoa 1777an, Joana Arkekoa 1792an, Aimunen lau semeak 1818an, Napoleon enperadore 1880an, Roland 1883an, Abraham 1890ean, Mustapha 1910ean, Jondoni Jakes 1911n, Guillaume II.a 1929an, Etxahun koblakari 1953an, Aimunen lau semeak (zati bat) 1954an, Etxahun koblakari 1962an, Etxahun koblakari 1974an, Etxahun koblakari 1986an, Herriko Semeak 1998an, Xahakoa 2010ean eta Ürrats Kolektiboak 2025ean. Ez da zerrenda makala, ez horixe!
Lau alditan jokatu zuten Etxahun Irurik idatzi Etxahun koblakari pastorala, Herriko semeak eta Xahakoa izenekoak Patrik Keheillek idatzi zituen, eta oraingo honetan zazpi idazlek partu hartu dute: Patrik Keheillek, Joanes Etxebarriak, Otxanda Keheillek, Xaxi Hobiagak, Petti Galantek, Jon Gamiotxipik eta Laurie Pinque-Coyos-ek. Dena den, Patrik Keheillek koordinatu eta bideratu ditu.
Aurtengo pastoralaren ezaugarriak eta egitura
Xiberoko pastoralak, antzerkigintzaren barneko esparruan bada ere, badu bere tradizio zahar eta aberatsa, trajeria baten irudikapenean oinarritua, eta bere barne-arau bereziak dituena. Hala eta guztiz ere, ez da arkaismoetan baratutako antzezlana, etengabeko garapen prozesu bizian, aldaketa aunitz jasotzen dituen ikusgarria baizik.
Eta hori oso garbi ikus dezakegu aurtengo pastoralean, mamia, barne-izaera atxikiz, baina kanbiamenduzko urrats handiak emanez, egindako pastorala baita. Ez da idazle bakarra izan, zazpi baizik, lehen aipatu ditudanak alegia; eta errejenta bakarra izan beharrean, aurtengo pastoralean hiru izan ditugu: Aña Iriart, Maritxu Davant eta Margita Keheille. Süjeta edo gaiaren aldetik, badugu zer aipa, ez baita pertsonaia bat izan, Ipar Euskal Herrian XX. eta XXI. mende hauetan izan ditugun borrokak eta aitzin-urrats identitarioak baizik. Hortik datorkio izenburua: Ürrats Kolektiboak.
Kantu moldatzaile eta zuzendari Sophie Larrandabürü dugu, Iparralde osoan aski ezaguna duguna bere arte eta trebeziagatik; eta dantza-errejentak: Jon Gamiotxipi eta Luka Erbinartegarai, zintzo eta trebeak. Horiez gain, aipa eta goraipa ditzadan, partaide gisa, arizale edo aktore, dendari edo jostun, musikari, antolatzaile, laguntzaile… pastoralean aritu izan diren lagunak, berrehun bat osora. Pastorala lehenta batez, hogeita sei jelkaldiz eta azkenta batez egitaratua eta osatua da.
Garbi dago manikeismo tradizionaletik urrundu nahi izan dutela, ez baitute kiristiak eta türkak aipatu ere egin, urdinak eta gorriak baizik. Aingerüak ere desagertü dira, eta herriko haurrek bete dute haien lekua. Deabrüa, berriz, ate gorriaren gainean azaldu zaigu, bere beso eta zangoen mugimenduez pastoralaren momentu txarrak iragarriz. Bitxia egin zaidana izan da Xiberoko bandera gorri lehoiduna euskal ikurrinen artean ez ikustea, eta baita errejentak banderatxo urdin eta gorrien bitartez ematen dituen seinaleak ere ez izatea, errejentak (pastoral honetan hiru, bederen), ez baitu ohiko joko hori egin.
Pastorala trajeria dela gauza jakina da, eta hori dela eta, bukaera aldean süjeta edo protagonista hiltzen da beti. Erran behar dut hau dela horrelakorik gabe ikusi dudan lehen pastorala. Haatik, ikusirik, zein den pastoral berritzaile honentzat hautatu duten gaia: Iparraldean azken mendean emandako aitzin-urratsak, alegia, erraz uler daiteke heriotzazko joko horren gabezia.
Urrats kolektibo horiek jelkaldietan barna
Ikus dezagun orain nola egituratu diren urrats kolektibo horiek jelkaldietan barna. Lehen jelkaldian, 1963ko apirilaren 15ean, Enbata mugimenduak Itsasun antolatu zuen lehen Aberri Egun historiko haren berri ematen digute, bukaeran Mixel Labegerie-ren “Gu gira Euskadiko” abestia ospetsua kantatuz.
Bigarren jelkaldian, 1965eko irailaren 2an, goardia zibilek Dantxarienean Christiane Etxaluz andereñoa atxilotu zutenekoa aditzera ematen digute. Eta hor ibiltzen da goardia zibil multzoa, aitzinera eta gibelerat, beraien balentriak egiten. Hirugarren jelkaldian, Enbata-koek espainolek Iruñeko kartzelan sartu zuten aipatu andereñoaren sostenguz, Hendaian antolatu zuten agerraldia. Christien Etxaluz abantzu urtebete izan zuten kartzelan, 1966ko agorrilean askatu baitzuten.
Laugarren jelkaldian, Baionako apezpiku edo gotzainak euskararen kontra, behin eta berriz, agertu zuen jarrera makurra azaltzen dute, baita euskal apaizgai zenbaiten protestak eta eman zizkieten zigorrak ere. Bosgarren jelkaldian Iparraldeko lehen ikastolen sortzea ekartzen digute gogora. 1969ako maiatzaren 24an, Noblia-Arandia familiak lehen ikastola antolatu baitzuen Baionako bere etxean. “Izan da makil kaska” izeneko abestiaz bukatzen da.
Zazpigarren jelkaldian, 1970etik goiti, Iparraldean antolatu ziren lehen kantaldien berri irudikatzen dute. Zortzigarrenean, 1975eko uztailaren 5ean, goardia zibilek Peio Ospital eta Pantxoa Karrere kantariak, Lesakan, kantaldi baten ondotik. atxilotu zituztenekoa. Bukaeran, Telesforo Monzonen “Lepoan hartu” kantua abestu dute publikoaren laguntzaz. Bederatzigarren jelkaldian, 1975eko urriaren 5ean, Hendaian izan zen Emazteen ibilaldia eta manifestazioa oroitarazten dizkigute, eta bukaeran, Xaxi Hobiagak egin “Emazte izan erne” kantatuz jelkaldiari amaiera airosa ematen diote.
Hamargarren jelkaldian, 1978ko ekainaren 17an, bukatu zen “Bai Euskarari!” kanpaina historiko hura irudikatzen dute, bukaeran “Bai euskarari” eta “Eusko gudariak gara” publikoaren laguntzaz kantatuz. Hamaikagarrenean, 1980an, AEK Iparraldean sortu zenekoa aipatzen digute, bukaeran “Euskal Herrian euskaraz” kantua abestuz.
Hamabigarren jelkaldian, Mitterand frantses presidenteak, boterea hartu aitzinetik, egindako promes faltsuak ekartzen dizkigute gogora. Hamairugarrenean, Xiberoko Botza irratiaren sortzea 1982ko agorrilaren 4an, bukaeran Joanes Etxeberriak egin “Hitza bil eta heda” abestia kantatuz. Errepikak honela dio:
Hitza bil eta heda
eraikitzeko xenda.
Eüskalgintzaren indar,
nahia atzo, egün. Bihar.
Hamalaugarren jelkaldian, ELB (Euskal Herriko Laborarien Batasuna) sindikatuaren sorrera ekartzen digute gogora. 1982ko larrazkena zen. Hamabosgarren jelkaldian, ELB-ren lana goraipatzen dute eta bukaeran “Artzainen kantorea” abestuz amaitzen dute. Oholtzara artzainak, kabaleak, zakurra eta astoa igotzen dira, ohikoa den bezala. Hamaseigarrenean, 1985eko irailaren 25ean, Baionako Mombar ostatuan, GAL talde parapolizial esapainolak egin zuen atentatu koldar eta lazgarria antzezten dute, gordintasun osoz, eta ahanzturan genituen sentimendu gogorrak arrapiztuz.
Hamazazpigarrenean, 1985eko abenduaren 24an, Iparretarrak erakunde armatuak Miarritzeko turismo bulegoa zartarazi zutenekoa. Hemezortzigarrenean, 1990eko apirilaren 7an, EKE (Euskal Kultur Erakundea) sortu zenekoa. Hemeretzigarrenean, 1996an izan zen Euskal Herria Zuzenean jaialdi ospetsuaren lehen edizioa aipatzen dute eta bukatzeko, nola ez, Txatok, hori kontatuz, egin zuen “Arrosako zolan” izeneko kantu ospetsua.
Hogeigarren jelkaldian, Demoen sortzea, 2000. urtean. Hogeita batgarrenean, Euskal Herriko Laborantzaren Ganberaren sortzea 2005eko urtarrilaren 18an, Hogeita bigarrenean, euro euskal txanponaren sortzea 2013ko urtarrilaren 31n. Bukaeran, Patrik Keheillek egin “Eusko bat esküan” izeneko kantua. Hogeita hirugarrenean, ETA-ren armagabetzea Luhuson, 2016ko abenduaren 16an. Hogeita laugarren jelkaldian, 2017ko apirilaren 8an, Baionan, bakegileek antolatu zuten armagabetzearen ekitaldi publikoa. Hogeita bosgarrenean, 2017ko apirilaren 8an, Barkoxe eta Aramitzen artean ETA erakundeak zuen arma-zuloaren indargabetzea. Eta amaitzeko, hogeita seigaren jelkaldian, aipatu urrats kolektibo guztien bilduma eskaintzen digute. Gero ezkenta dator, pastoral tradizionalean azken perediküa deitu izan dena, eta pastoral bikain honi buaera ematen dion azken kanthorea. Hitzak Patrik Keheillerenak dira eta ahairea Jean Bordaxarrena. Ikus dezagun bukaerako errepika:
Ez egük bihar hel dadila
bestetarik geroaren giltza.
Esküan har eüskal makila,
ürratsez ürrats aska hitza.
eraikitzeko Eüskal Herria.
Ene iritzia Barkoxeko pastoralaz
Pastoral berritzailea dugu aurtengoa, ausarta, adoretsua eta urrats berrien emailea. Ontsa idatzia eta ontsa jokatua, Herri honen bidea eta urrats kolektiboen berri zehatza ematen diguna. Badakit ez dela denen gustukoa izan, folklorea bere zentzu txarrenean maite duten epelentzat gogor samarra izan baita. Horiek turistendako ikusgarri epel-epel bat nahiago luketela garbi dago. Euskaldun abertzaleentzat, berriz, pastoral bikaina izan da, gure historia oroitarazi diguna eta Herri honek duen askatasuneranzko norabidea aldarrikatzen duena.
Hogeita sei jelkaldi aipatu dizkizuet, nik lau jelkaldi gehiago irudikatu ditut ene gogoan: hogeita zazpigarrena: euskararen indartze eta nagusitzea, hogeita zortzigarrena: Euskal Herriaren lurralde batasuna, hogeita bederatzigarrena: independentzia, eta hogeita hamargarrena: Nazio Batuen Erakundearen onarpena.
Barkoxek aurten jokatu duen pastorala gogoeta-iturri eta mugarri izanen da hurrengo pastoralendako. Zaharrok gure historia garaikidea oroitu dugu pastoral honen bidez, eta pastoral hau ikusi duten gazteek, hau da, biharko belaunaldiek jakinen dute nik aipatu ditudan azken lau jelkaldi horiek betetzen. Hori ere etorriko baita, eta Euskal Herriak dagokion tokia hartuko baitu munduko beste nazioen artean.
Barkoxtarrek, pastoral ez-ohiko honen bitartez, jakin izan dute tradizio zaharretik abiaturik, bide eta xendra berriak idekitzen, gaurko euskal gizartearen nahietara hurbilduz, eta elkarrekin emandako urratsak ontzat hartzen eta gogoeta-gai gisa aurkezten.
Arizaleen lana bikaina izan da, musikarien lana itxura profesionalekoa, hau da, ezin hobea; dantzariak izugarri onak eta satan dantzak ikusgarriak, zinez. Dendari edo jostunen lana ere, aipatu beharrekoa.
Laburbilduz, barkoxtarrek, berriz ere, erakutsi digute pastoral kontuetan adituak direla, eta ororen gainetik Euskal Herria maite dutela.
Eta zuk, irakurle, oraino ez baduzu aurtengo pastorala ikusi, balia itzazu oraindik dituzun bi emanaldiak, agorrilaren 2an eta 10ean (*), Barkoxera hurbiltzeko eta ikusgarri eder honetaz gozatzeko. Ez zara, inolaz inola ere, damutuko. Biba Barkoxe eta biba pastorala!
(*) Ondoko emanaldiak agorrilaren 2ko iluntzean eta hilaren 10eko bazkalostean iraganen dira. Sartzeak honako lekuetan eskuratu daitezke: Mauleko Xirikota esne-dendan, Barkoxeko Garat okindegian, Atharratzeko Vival saltokian, eta Etxahun elkartearen HelloAsso orrialdean.
( Egun berean hil zaizkidan Imanol Anza eta Jeando Iriart adiskideei. Zuen euskaltzaletasuna, abertzaletasuna eta bizi-poza betiko ene gogoan )
Dokumentuaren akzioak