Pastoralak beti dira kolektiboak, baina aurtengoak badu zerbait berezi: idazketa prozesua ere kolektiboa izan du, zazpi idazleren artean banatu baitituzte jelkaldiak eta kantuak. Bizkarrezurra eta koherentzia orokorra Patrick Queheille Kanpo-k bermatu ditu, baina beste sei barkoxtarrek ere parte hartu dute idazketan: Otxanda Queheillek, Joanes Etxebarriak, Petti Galant Sühite-k, Xaxi Hobiagak, Jon Gamioxipik eta Laurie Pinquek. Urrats kolektiboak du izena pastoralak, eta Euskal Herriko mugimendu abertzalearen azken hamarkadetako historia kontatzen du. Bi sujet izanen dira historiaren haria ehuntzeko; Xalbat Jauregiberri Petxi-k eta Kattin Galant Sühite-k jokatuko dituzte. Hiru errejentek gidatu dute pastorala: Maritxu Galantek, Aña Iriartek eta Margita Queheillek. Uztailaren 27an eta agorrilaren 2an eta 10ean emanen dute, Barkoxeko plazan.
Barkoxeko 2021eko maskaradan sortu dinamikatik hasi zen pastorala gisa horretan osatzeko xedea. Herriko Etxahun elkartean hasi ziren aipatzen gaiaren hautaketa. Patrick Queheillek gogoan du gazte andana bat sartu zela elkartean, eta elkarrekin gogoetatzen hasi zirela. «Atzematen zuten pastoraletako gaiak beti urrun zirela beren garaitik, eta garai hurbileko historia ezagutu nahi zuten. Ments bat bazen, ez baitzuten ezagutzen 1970eko hamarkadatik 2000. urtera arteko historia», esplikatu du Patrick Queheillek. Taldean aipaturik, nahiago izan zuten ez sujet bakarra izatea. «Hiru urte iraun du» gogoeta lanak, eta «bizkarrezur» bat prestatu zuen Queheillek. Gogoetatu ahala, elkarteak idazketa kolektiboa begi onez ikusten zuela sentitu zuen. «Gaia jin zen lehenik, eta kolektiboki idaztearen xedea gero».
«Gazteek atzematen zuten pastoraletako gaiak beti urrun zirela beren garaitik, eta garai hurbileko historia ezagutu nahi zuten. Ments bat bazen, ez baitzuten ezagutzen 1970eko hamarkadatik 2000. urtera arteko historia»
PATRICK QUEHEILLE Pastoral idazlea
Gehienek lehen aldiko idazten zuten, eta ariketa berezia izan zaie. «Desafio» bat bezala hartu zuen proposamena Otxanda Queheillek —aita du Patrick Queheille—. Ikastolen sorrerari buruzko jelkaldia idatzi du hark, eta zailena «hastea» izan zaio. Bizkarsoro filma ikusteak eman zion hasteko pindarra. «Bertset kopurua mugatua izanik, ez da erraza laburbiltzea, eta ariketa berezia da». Orain, mustraketan «berriz deskubritu» du idatzi duena. «Bitxi egiten du».
Xaxi Hobiagarentzat, ezagutzen ez zuen historiaren parte bat ezagutzeko parada izan da idazketa prozesua. Emazteen jelkaldia eta kantorea idatzi ditu, eta 1970eko hamarkadan Hendaian izan zen manifestazio feminista izan du aipagai. Hobiagak uste du kolektiboki idazteak ondorioak badituela jokoa emateko maneran: «Indar kolektibo bat izan da. Idazten nuelarik, besteei erakusten nien, aipatzen genituen bakoitzaren jelkaldiak, eta idazketa prozesuan interesgarria izan da partekatzea. Idazketa kolektiboa dela ageri da jokoan ere».
220zenbat laguntzaile izanen diren. 220 laguntzailek parte hartzen dute pastoralaren prestaketa lanetan eta emanaldiaren eguneko antolaketan.
Patrick Queheille Kanpo-ri ez zaio aise izan halako proiektu baten eramatea eta idatzi guzien biltzea. «Hatsarrean kezka bagenuen ea zer emanen zuen. Azkenean, aberastasun bat izan da, baina orain aitortzen ahal dut pisu izan dela kudeatzea. Pisu, baina eder, dudarik gabe», erran du.
Transmisioa gazteei
Gaia XX. mendeko historiari buruzkoa da, eta Patrick Queheillek argi du gazte belaunaldiei transmisioa egiteko balio duela. «Eskolan ikasten ez den» historia horri buruz egitea inportantea zitzaion, eta bide beretik pastoralaren inguruan egiten den guziaren transmisioa egitea ere bai. Pastoralaren prestatzeko, argi zuen gaia «barnatu» behar zela, eta uste du «gakoa» hori izan dela. Arizaleek gauza «anitz ikasi» dituztela pentsatzen du; preseski, historia aipatzen duten bi film so egin dituzte denek elkarrekin, eta ibilaldi bat egin dute Baionan, GALen atentatuen ingurukoa. Halako gaiei buruz idazteak herrian zer erreakzio sortu dituen galdeturik, Patrick Queheillek uste du «orokorki ontsa hartua» izan dela. «Dena den, pastoralak hori du mirakulu: ez du uzten iritzirik gabe».

Enbata mugimendu politikoaren sorrerarekin hasten da pastorala, 1963an. «Gaulismoa eta Elizaren pisua ikusirik garaian, ez ziren ohartu zer-nolako indarra ukanen zuen mugimendu horrek», adierazi du Patrick Queheillek. Ondotik, gizarteak berak eraiki dituen egiturak eta mugimenduak izanen dituzte aipagai: ikastolak, gau eskolak, Euskal Irratiak, Euskal Herria Zuzenean festibala, euskal moneta, kooperatibak, ELB laborari sindikatua, Bake Bidea elkartea eta ETA erakundearen armagabetzea. «Zortzi gunetan itzuli zituzten armak, eta horietarik bat Barkoxen izan zen. Barkoxtarren historia ere bada».
Petti Galant barkoxtar gazteak ere lehen aldiko idatzi du: artzainen jelkaldia eta laborantzari buruzkoak. Bere burua ez zuen beste gai bati buruz idazteko «gai» ikusten, baina ariketa gustatu zaio. Laboraria da Galant, eta ELB eta EHLG egituren ildo nagusiak ezagutzen ditu, baina idazketa lanak dokumentazio lana eginarazi dion heinean, historia hobeki ezagutzeko parada izan du. «Anitz ikasi dugu. Badakit ELBk eta EHLGk zer ideia defendatzen duten, baina ez nekien nola sortu ziren. Azken urteetako historia ezagutzen dugu; aitzineko urteena, gutiago. Pastoralak ekarri digu ezagutza hori».
Euskara batzordea
Taulan euskaraz aritzea da bat; hortik kanpo segitzea, beste bat. Preseski, kezka hori sentitzen zuten Etxahun elkarteko eta pastoralaren bulegoko kideek. «Euskarak behar duen lekua ukan behar duela argi genuen; horretarako, euskara batzorde bat sortu dugu pastoralaren prestaketaren hasieran», esplikatu du Otxanda Queheille euskara batzordeko kideak. Iaz, EKE eta Plazara mahai inguru batean bildu ziren ekitaldietan euskarak duen lekuaz gogoetatzeko. Zuberoan hainbat ikusgarri, pastorala eta maskarada izaten dira, errepikak eta ikusgarriak euskaraz egiten dira gehienetan, baina hortik landa euskaraz segitzea bakanagoa da. «Guk oraino urrunago joan nahi genuen. Zer gelditzen da euskararentzat ekitaldi horiek pasatuta? Gure helburua plazan egunerokoan euskaraz aritzea da, eta lanketa zentzu horretan eraman dugu», erran du Otxanda Queheillek.
«Zer gelditzen da euskararentzat ekitaldi horiek pasatuta? Gure helburua plazan egunerokoan euskaraz aritzea da, eta lanketa zentzu horretan eraman dugu»
OTXANDA QUEHEILLE Pastoral idazlea eta euskara batzordeko kidea
Horretarako, hainbat tailer eta estrategia ezarri dituzte martxan. EKE, Plazara eta pastoraleko euskara batzordea urtean bospasei aldiz bildu dira, lehen fasean parte hartzaileei galdetegi bat pasaraziz —euskararen ezagutza neurtzeko, sustut—; ondotik, hainbat helburu finkatu dituzte. «Gauza sinpleak egin ditugu, baina argiki plantan emanez, euskarak bere lekua ukan zezan». Adibidez, errepiken ondotik egiten dituzten gaualdietarako euskarazko hiztegi bat plantan ezarri dute, jendeak baliabideak ukan ditzan euskaraz segitzeko errepikatik kanpo; izan ere, ohartuak ziren giro informal horretan frantsesera lerratzen direla errazkiago. Beste erabaki batzuk ere hartu dituzte: pastoraleko liburuxkaren bi bertsio egin dituzte, bata ele biz eta bestea euskara hutsean. «Finean, beste urrats bat da euskararentzat; denak ez du beti ele biz izan behar», adierazi du Otxanda Queheillek. Aurtengo pastoralerako eraman esperimentazio hau Ipar Euskal Herriko beste kultur ekinaldietara zabaldu nahiko lukete.
XEHETASUNAK
- Emanaldiak. Uztailaren 27an eta agorrilaren 10ean, 15:30ean izanen da pastorala. Bero handirik eginen balu, 09:30ean eginen lukete. Agorrilaren 2an, 20:30ean emanen dute. Denak, Barkoxeko plazan.
- Sarrerak. Lekuak eros daitezke Mauleko Xirikota saltegian, Atharratzeko Vival dendan, Barkoxeko Garat ogitegian eta HelloAsso webgunean.