Dokumentuaren akzioak
Barkoxeko maskaradak Zuberoan zehar ibiltari
Berrogeita zortzi arizale dira guztira; tartean, bi aitzindari talde (beltzak eta gorriak), hartza eta apaiza izango dira
Aurtengo txanda, beraz, Barkoxeri tokatu zaio eta, beti egin
ohi duen legez, gertakizunari handitasunez ekin dio. Hala, 48 arizalek
parte hartuko dute maskarada hauetan, denak zenbatuta. Kauterak sei izango dira; kasu gehienetan lau izan ohi dira. Sei buhame ere egongo da, eta horiei gehituko zaizkie bi buhamina (emakume buhameak). Hortaz, zalaparta asko gertatuko dela zalantzarik ez daiteke izan...
Dantzarien aldetik, berriz, bi aitzindari talde
arituko dira: beltzak eta gorriak. Dantzari ugari duen herri batek
baino ezin dezake horrelakorik paratu, azkenik horrela egin izan
zuelarik Urdiñarbek. Maskaradakari (maskaradetako arizaleak) eta horien
trebatzaile eta laguntzaile kopuru handia ikusita, barkoxtarrek
pentsatu dute Zuberoan zehar, igande oro, herriz herri ibiltzeko aukera
hoberena izango zela autobusa baliatzea.
Hala, Barkoxen bertan egingo diren bi agerraldiez gainerat
--lehena eta azkenengoa- Zuberoako beste herrietara eramanen dituen
hamar jelkaldietatik zortzirentzako garraiobide hau baliatuko dute
maskarada emaileek. Egia da ere Barkoxen bertan garraiolari bat egoteak
aukera eman dietela. Egingo diren hamar jelkaldietatik sei Mauleko
kantonamenduko herrietara egokituko dira, hiru Atharratzekora eta bat
-Eskiula, alegia- Olorue-mendebaldekora.
Kabana, Pitxu eta besteak...
Maskaradetako pertsonaia nagusiak aipatzearren, jakin beharrekoa da kautere gehiena den Kabana handia
Joanes Etxebarriak egingo duela. Xiberoko Botza irratiko kazetari eta
animatzaile hori Barkoxeko herritarra den Gonzalo Etxebarria margolari
ezagunaren semea da. Ikusliarrek begikotasun handiz hartzen duten Pitxu
kautere broma egilea, aldiz, Daniel Lagune izango da. Buhameen aldetik,
berriz, hezigaitz horien nagusi egongo da Mattin Agor. Kautere eta
buhameen perediküak dira zuberotarrek maskaradetan gehien itxaroten
dituzten uneak, horietan entzun ohi baitira han-hor gertatutako
kalapita edo xelebrekeriak. Egia da zuberotar ez diren ikusleentzat
ulergaitzakizan daitezkeela maskaraden zati horiek.
Jaunaren ezpata zorrozteaz gainerat, maskaradetako ikuskizun zatien artean lotura kantuz egiten duten Xorrotxak Christophe Galant eta Alain Etxeberri izango dira. Jauna,
hain zuzen, Jean-Fabien Lexardoi pastoral errejent entzutetsuaren seme
Arño Lexardoi izango da, eta alboan egongo zaio Cecile Ordokihandi Anderea. Zamaria zikiratzen nahikoa lan duten eta biarnesez mintzatzen diren kerestuak Allande
Latsagaborda eta Julien Cabanne izango dira. Berrikuntza da, ordea,
emazte banarekin agertuko direla plazara, kerestu andere kargu horretan
arituko direlarik, aurrendari gisa, Elixabet Ürrüti eta Maddi Casenave.
Berrikuntza ez, baina maskarada aski gutxitan agertzen den hartza ere egongo da Barkoxekoetan. Erabat ezohikoa, aldiz, maskarada garaikideetan behintzat, apaiza agertzea. Hala izango da aurtengo maskarada hauetan eta elizgizon gaixoak ez du lan eskasik izango beltzeriaren aldrebreskeriak jainkoarengandik parkarazteko.... Berak ere, beharbada, kautere eta buhameen jokaera basatiak paira ditzake.
2010eko pastoralaren atarian
Maskaradak dantzari kontu baitira ere --askorentzat horrela
dira lehenik eta behin- arizaleen trebatze lanetan zorrotz aritu dira
lehen aipatutako Jean-Fabien Lexardoi eta Patrick Keheille. Bi lagun
horien berri izango dugu 2010 urtean ere, Barkoxek orduan taularatuko
baitu Patrick Keheillek idatzitako pastorala eta trajeria horren errejent lanetan arituko baita -nola ez ?- Jean-Fabien Lexardoi. Horiek, baina, gerorako kontuak dira.
Anartean, urtarril honen 11a eta apirilaren 12a bitartean,
Barkoxeko maskaradak gozatzeko aukerarik ez galdu. Gogorarazi behar da
maskaradak goizeko hamarrak ingurutik hasten direla barrikada hausteekin,
eta agerraldi nagusiaren hitzordua, aldiz, 15:30ean emana dela, herriko
plazan. Bada garaia, beraz, «hau Pitxu hau !» oihu famatuaren botatzen
trebatzeko.
Dokumentuaren akzioak