Dokumentuaren akzioak
Barkoxe prest da XX. mendera itzultzeko
Barkoxe herriak aurten emango duen Xahakoa pastorala hiru 
alditan antzeztuko dute, zehazki uztailaren 25ean eta 31n, eta 
agorrilaren 8an. Hiru agerraldiren artean aukerarik izango dute, beraz, 
Zuberoako antzerki zaharraz zaletuta daudenek. Haatik, argi jakin behar 
dute aldi bakoitzerako 2.000 ikusletara mugatuta egongo direla lekuak. 
Hortaz, aurretik hartzea gomendatuta dago, antolatzaileek ez baitute 
finkatutako kopurutik jende bakar bat ere gehiago hartuko.   
Zuberoan bizi ez diren pastoralzaleentzat aukera berezi bat 
dago: Interneten bitartez lekuak erreserbatzea www.xahakoa.org 
webgunean. Mendeetan barrena bidea eginik, pastorala Interneten 
baliatzera iritsi da orain. 
Lekua segurtatua izango duen ikusleari ez zaio damutuko 
Barkoxerako buelta, ikusgarri dotorea paratu baitute Patrick Keheille Kanpo
 idazleak, Jean-Fabien Lexardoi errejentak, Sophie Larrandaburu 
kantarien trebatzaileak eta Catherine Artzanuthurri ballet irakasle eta satan
 dantza-jauzi egileen eskolatzaileak. Hogeita lau jelkalditan banatuta 
dagoen trajeria honek Barkoxek XX. mendean bizitutako gertakarien ildoa 
lantzen du. Kontakizunaren ardatz nagusitzat, Alexis Etxekopar Attuli
 barkoxtar koblakari eta kantu idazlearen (1924-2005) bizi-urratsak 
gogorarazten dizkigu Keheilleren obrak. Zuberoatik kanpo oso gutxi 
ezagutua bazen ere, denen gogoan dira Attulik ondutako hainbat eta 
hainbat kantu: Algarri esküak emanik, Bedatsean, Bortü
 txoria, Leheneko denboran, Sor leküa kitatü, Oilar
 zaharra... eta ororen artean ezagutuena: Xahakoa.   
Attuli bizi izan zen garaian gertakari asko izan ditu Barkoxek, 
atseginezkoak eta atsekabekoak: II. Mundu Gerran aleman nazien okupazio 
garai latza, erresistentziari barkoxtar batzuek emandako laguntza 
garestia, 1946. urteko maskaradetan lehen aldiz emakumeak gizonezkoekin 
batera egotea, Pierres Topet Etxahun Barkoxe koblakariaren 
bizitza kalapitatsuaz pastorala bat ematea 1953an -Pierre Bordazarre Etxahun-Iruri-k
 idatzi zuen, eta Euskal Herriko gai bat aipatzen zuen lehendabizikoa 
zen-, Barkoxeko beste seme garrantzitsu batzuek -Lohidoi, Marxe 
Eihartzet, Germain Lexardoi-  Zuberoako euskal kulturaren alde eginiko 
lan handia... Horiek guztiak eta gehiago biziaraziko dituzte pastoral 
honen bertset, abesti eta koreografiek. Nabarmentzekoa da ere Xahakoa
 pastoralaren pertsonaia nagusi Attuli eta Marxe Eihartzet dantzari 
paregabea gaztaroan, helduaroan... baita zeruan ere antzeztuta daudela 
pastoralean ! 
Karguetan, txandakatzeak
Hiru agerraldi Barkoxen bertan emateaz gainera -agorrilaren 8koa
 gauez izango da-, Xahakoa pastoralak badu beste berezitasunik.
 Horien artean da lehen perediküa eta azken perediküa 
kantatuko dituztenak desberdinak izango direla agerraldi batetik 
bestera. Hautu hori eginda, Jean-Fabien Lexardoi errejentak ahal 
bezainbat barkoxtarri kargu garrantzitsu bat edukitzeko aukera eman nahi
 izan die. Horrela, 19 lagunek abestuko dituzte lehen eta azken 
peredikuetako bertsetak ! 
Lehen perediküa kantatuko dutenak hauek dira: Johañe 
eta Jean-Pierre Luro, lehen emanaldian;  Mado Andere eta Aña Iriart, 
bigarren emanaldia; Christophe Galant eta Henri Artzanuthurri, 
hirugarren emanaldian. Azken perediküa abestuko dutenak, 
berriz: Sophie Tourreuil, Monique Lexardoi eta Maddalen Luro, lehen 
emanaldian; Mattin Agor, Gillen Gamiotxipi, Pierre Iriart eta Xabi 
Barneix, bigarren emanaldian; Marie Uhurriborde, Fabienne Andere, 
Maritxu Galant, Maddi Lexardoi, Katti Xabalgoiti eta Teresa Agor, 
hirugarren emanaldian.
Dokumentuaren akzioak
    
  
 
