Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Barkamen eske

Dokumentuaren akzioak

Barkamen eske

'Noetic'

Konpainia: Goteborgeko Operako Dantza Konpainia.Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia.Eguna: Maiatzak 12.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2016/05/15
Lotura
Berria

Noetika filosofiaren adar bat omen da, pentsamendu logiko edo ulergarriaren azterketa filosofikoa egiten duena. Jatorrian badauka zerikusirik ideia aristotelikoekin, baina, ikusita logika hutsari jarraitzeak zer-nolako desmasiak ekarri dituen gure gorputz tormentatuetaraino, azkenean noetikak arreta jarri du intuizioan eta sentimenduetan, seguruenik erlazio dialektiko gatazkatsua mantentzen dutelako munduko Ekialdean sagaratu dugun arrazoi ahalguztidunarekin.

Barka bezate filosofian adituek arestiko lerroetan esandakoa, gaur bertan jabetu bainaiz noetikaren existentziaz Wikipedian begiratuta, eta barka beza irakurle sufrituak dantza kritika bat hain modu desegokian hasteagatik. Hala ere, denak dauka bere azalpena, eta orain arteko digresioaren zioa da zer eta Noetic jarri diotela izenburutzat Suediako bigarren hiriko dantza lan bati, eta noetikaren nondik norakoa aztertu behar izan dudala, ni bezalako izaki lurtar batek ezin izan baitu agertokian gertatzen zena bere baliabide arruntekin bereganatu.

Eta hor sartu zaigu Sidi Larbi Cherkaoui koreografo erdi marokoar erdi europarra, muturreko abstrakziora jotzen baina beste munduko inspiraziorik gabe. Harekin batera ibili dira Antony Gormley eskultore ingelesa, erabat hutsik zegoen agertoki grisa sortzen (harridura markak hemen, mesedez) eta Les Hommes delako bikotea —Les hommes en noir, agian?— dantzarien jantzi ezin konbentzionalagoak diseinatzen: emakumeak soineko labur beltza, besoak agerian eta takoiekin —zelan ez— eta gizonak praka eta txaleko beltzarekin, alkandora zuri eta gorbata beltzarekin, eta txarolezko zapatak —zelan ez—, Troikako beltzez jantzitako gizonen antzera eta beltzaren dotorezia aldarrikatuz. Nik, ordea, gaizkile itxura hartzen diot gorbata daraman edonori, eta emakume takoidunengandik ahalik eta urrunen joaten naiz. Hortaz, hileta makabroren moduko bat iruditu zait estetika hotz eta bihozgabe hori, hegoaldeko herrien hileta, zehatzago esanda. Barka bezate iparraldeko herriek.

Szymon Brzoska poloniarraren soinu-banda, behintzat, interesgarria izan da, Shogo Yoshii japoniarraren pasarte lakarrak gorabehera. Konpainiako hemeretzi dantzariek xede argirik gabeko eboluzio geometriko konplikatuetan ibili dira lehen aldian, azaleko espiritualtasunean murgilduta eta gizonezko batzuen maila bikaina solo akrobatiko geldoetan adierazita. Une jakin batean, ordea, karbono-zuntzezko haga zapal luzeak atera dituzte eszenara, eta haiekin arkuak, aroak, tunelak eta aterpe esferikoak eraiki dituzte, baina niri Francoren garaiko sindikatu bertikaleko erakustaldi olinpiko haiek edo Ipar Koreako masa desfile koordinatuak etorri zaizkit burura, eta, ondorioz, ezin izan dut benetako dantzatik ezer ere barneratu. Barka bezate adituek.

Dokumentuaren akzioak