Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Barberito'-ren txistu doinua inoiz baino biziago

Dokumentuaren akzioak

'Barberito'-ren txistu doinua inoiz baino biziago

Egilea
Maider Arregi
Komunikabidea
Goiena
Mota
Albistea
Data
2020/05/15
Lotura
Goiena
1975. urtean Antzuolako jaietako kuadrilla eguna

Isildu da Jose Inazio Jauregi Barberito-ren txistu doinua; ez ordea, hark Antzuolako herriari emandakoa. Txistua biziberritu eta errotu zuen; herriko belaunaldi berriengan utzi du bere ondarea eta txistua suspertu ez ezik, herrian errotzea ere eragin du.

Aurreko astean, maiatzaren 7an, 73 urte zituela hil zen Jose Inazio Jauregi, Barberito. Belaunaldi ezberdinei txistua maitatzen eta zaletasunean eragiten gakoa izan zen Antzuolan. Jose Luis Lizarralde eta Bittor Arbulu izan dira ikasle izandako bi. Haren lana gogora ekarri eta balioan jarri gura izan dute. "Sasoi hartan ez zegoen horren antolatua txistu taldea eta lotura handiegirik ere ez zegoen. Gervasio Legorburu, Pello Lete, Iñaki Arregi, Severiano... ospakizun jakin batzuetan aritzen ziren soilik. Norbait gidari izatea falta zen eta Barberito-k hartu zuen ardura Arrolaren laguntzarekin. Horrelaxe hasi ginen gazte-gaztetatik txistua ikasten eta entseguak egiten. 5-6 urtez jardun genuen txistua ikasten hamar bat lagunek Danobat elkarte zaharra zegoen tokian. Gero Arrasaten ezkondu eta hara joan zen bizitzera Barberito", kontatu du Bittor Arbuluk.

"Arrola Mendizale elkartea oso garrantzitsua izan da gure belaunaldian. Kirola eta kultura uztartzen zituen. Horri esker, makina bat ekintza egiten genituen Barberito-rekin eta bere anaiarekin batera. Aita herriko bizargina zuten eta harengandik jaso zuen Jose Inaziok Barberito ezizena", gogora ekarri du Arbuluk. Arrasatera joan arren, berak ereindako haziak eman ditu fruituak.

Euskal Herriko lehen kanpaldia

1974 urtean, Arrolak antolatutako Urbiako kanpaldian txistua protagonista izan zen. "Urbian, Lehen Euskal Herriko kanpaldia egin zen Pako Iriondo presidente zela. Txistua jotzen izan ziren Gervasio, Severiano eta Barberito", kontatu du Arbuluk

Alboradak taldearen esker ona

"Familia eta lagunei doluminak eman nahi dizkio Alboradak herriko txistulari taldeak; eta bereziki, Barberito-ri eskerrak eman txistuaren transmisioan gakoa izan delako Antzuolako belaunaldi berriendako ere".

Goikobaluren agurra

Antzuolarra izanik, Arrasaten egin du bizia Barberito-k. Goikobaluko kide zen eta abesbatzak azken agurra egin gura izan dio bertso eta bideo bidez. "Edonon inguruak piztu eta pozteko dohaina bazenuen", diote Goikobaluko kideek. Txistuarekiko zaletasuna ere berarekin eroan zuen Arrasatera. "Txistua hartu eta ohitura zeukan Aitameniko gaixoengana joateko", dio Arbuluk.

Dokumentuaren akzioak