Dokumentuaren akzioak
Banderak
Begiz
Musika eta banderak sinbolo indartsuak dira, guztiok ikusi ditugu,
kirol probetan batez ere, garaipenak ematen duen harrotasun keinua
herrialde bateko bandera erakutsi eta himno nazionala jotzen denean.
Hain zuzen, harro izatearen esanahia bikoitza da euskaraz
behintzat. Harro egon zaitezke zerbaitez, baina harrotzen garenean
arrazoiaren muga pasa dugula esan nahi dugu. Euforiari buruz hitz egin
zuen Idoia Zabaletak dantzaren buruzko azalpenak eman zituenean.
Dantza bitartean Idoia eta Antonio banderak astintzen ari zirela, Asier Mendizabalen Bigger than a cult, smaller than a mass (one, two backdrops)
2006ko artelana gogoratu nuen. Jositako banderez eta egunkari zatiz
osatutako bi oihalen atzean ikuskizunak, kasu honetan rockarenak, eta
politikak izan ditzaketen antzekotasunak aztertu zituen Mendizabalek.
Sinboloek bultzatzen dituzten jarrerak dantzarako eta, orokorrean,
arterako iturri onak izan daitezke, arteak gizartean hain zabalduta
dauden eta normaltzat hartzen ditugun jarrerak zalantzan jartzeko
aukera ematen digulako. Adibidez, artikulu hau idatzi baino zerbait
lehenago Bilboko udaletxearen aurrean dagoen bandera handia ikusi dut,
eta Idoia Zabaletaren dantza gogoratu dut. Aldi berean, Madrilgo Colon
plazan PPk eskegi zuen Espainiako bandera erraldoia gogorarazi dit.
Badirudi sinbolo horiek indarra galtzen hasi direnean
hiperbalorizatu behar ditugula. Espainiak bere baitan dituen nazioen
burujabetza maila eskakizunei erantzuteko sinboloen premiazko balio
erantsia eman nahi diola dirudi: bandera erraldoia, himno nazionalari
hitza jartzea, banderak udaletxe guztietan jarri behar izatea...
Horrek guztiak euforia edo gorakada sentsazioa
indartzeko besterik ez luke balio, arrazoiaren gainetik emozioei
eragiteko zerbait izango litzateke, rock kontzertuetan, futbolean,
mezetan edo amodioan gertatzen den bezala. Testuingurutik aterata,
Idoia Zabaletaren dantzan gertatzen den bezala, barregarri bihurtzen
dira. Hala ere, gure izaeratik hain hur dauden sentipenak dira!
Dokumentuaren akzioak