Dokumentuaren akzioak
Ballets Olaeta aitarik gabe geratu ostean, aitabitxirik gabe jarraitu beharko du aurrera
Lerro hauek idatzi ahal izateko ezin ordainduzko laguntza jaso dugu; Josemari Alix Truebarena, hain zuzen. Maitasunetik hitz egin digu zuzen-zuzenean, Bittor de Olaeta bere koinatu zenarekin lotzen zuen maitasunetik. Gizon serioa zela esan digu, «tontakeria» gutxi zituen horietakoa. Baina, egia esan, familia osoarekiko maitasuna agertu du; aipatu ditu orain urte bete edo zendu zen emaztea, Bittorren «Lidetxu» arreba, Mari Tere eta Lourdes beste arrebak, Javier anaia...
Oraingo gure jardunak, dena den, bestelako bidea hartuko du. Bittor de Olaeta orain astebete hil zen 84 urte zituela. Beraz, bere ibilbidean egindako lanaren errepasoa egiteko garaia ere bada. Lumoko familia osoa aipatzea ezinbestekoa da kontakizunean, bereizezinak baitira Segundo de Olaeta familia burua eta bere seme-alabek egindako bidea.
Bittorrek, anai-arreben antzera, aitaren pausoak jarraitu zituen eta dantza eta musikan buru belarri egon zen lanean etengabe. Ikasketak ere hartara bideratu zituen: Bartzelonan zein Bilbon musika konposizioa ikasi zuen, Madrilen orkestra zuzendaritza eta Pariseko Operan dantza-klasikoa.
Guda Zibilaren gorabeherak zirela medio, bai familiak, baita aitak 1926an sortutako Elai-Alai dantza taldeak ere, atzerrira, Estatu frantsesera, joan behar izan zuten, eta handik mundura zabaldu zituzten euskal dantzak. Ez da txantxetakoa, izan ere, 1940 urtean, Canneseko zine jaialdi entzutetsuan «Elai Alai» izeneko film laburrak lehen saria eraman baitzuen etxera bere mailan.
Atzerrian egindako lanak azkenean etxera bueltatzeko aukera eman zien, hartara, beren ibilbide artistikoarekin jarraitzeko. Ordurako, hala ere, etxerako-lanak eginda zituen Segundok, 1919an Gernikako Udal Banda sortu zuen-eta, arestian aipatu Elai-Alai taldeaz gain. 1930. urtean Ballets Olaeta sortu zuten Segundok eta Lidek, hartara, euskal dantza tipikoak oinarri, koreografia, behinik behin bitxiak, egin ahal izateko. Urrezko garaia 60 eta 70eko hamarkaden artean bizi izan zuten. Europa eta Amerika osoan ibili ziren emanaldiak eskaintzen. Erbesteratuta zeudela ere jarraitu zuten, hein handi batean jada ahaztutako zenbait dantza tipiko berreskuratzeko asmoz, baina jada etxean, Bittorrek hartu zuen aitaren ardura, eta 1950. urteaz geroztik lehen dantzaria eta koreografoa izan zen Ballets Olaetan. Egun, hala ere, ez dago taldearen etorkizuna bermatzerik. Izan ere, urte luzez «Lidetxuk» zuzendu zuen balleta, Bittorrek zuzendari artistiko lanak egiten zituen bitartean. Baina orain, Lourdes arreba besterik ez da geratzen taldean, eta Javier anaiak -beste ogibide bat du jada- orain egun gutxi batzuk ere aurrera jarraitzerik izango duten ala ez zalantzan jarri zuen.
Segundok hasitako lanari jarraiki, Bittorrek ere mundua bisitatzeko parada izan zuen, dantza lagun zuela. Elai Alai alde batera utzi eta Ballets Olaeta berregituratuta, euskal doinu askori koreografia sortu zien Bittorrek eta Ipar Amerikan, Kanadan, Kuba edota Puerto Ricon barna ibili zen horiek zabaltzen. Konpositore moduan egindako lanen artean «Kasket» edo «AikoMaiko» entzutetsuak izan ziren; lehena Luis Guridiren doinuak berreskuratuz sortu zuen, eta Jesus Aranbarri konpositore eta orkestra zuzendariarenarekin bigarrena. Ezaguna izan zen baita «Sorgin Morgin, Aker Maker» lana -Jesusmari Alixek proposatu zion izenburua Bittorri-, hau ere Aranbarri zuzendariaren omenez egindakoa. Hauek guztiak 2003. urte inguruan ibili ziren bolo-bolo gure artean.
Ballets Olaeta dantza talde bat baino gehiago da, eta izan da. Maitasun historia bat izan da, Alixek esan moduan. Nestor Basterretxeak 1996an «Lidetxuk» bere aitaren omenez egin liburuan utzitako hitzek ere norabide bera dute: «(...) Es historia sabida, que como un leve viento colorido y sonoro, un Ballet recorrió los caminos del mundo, para hacerle amigo de nuestras danzas y músicas. Escenarios poblados de ritmos exactos, evocándo las fiestas que se suceden en las edades de nuestra memoria colectiva. Antropología vasca, bailada. Médula viva del pueblo, cantada. (...) el corazón y el ánimo grande de los Olaeta, nos invitan apasionadamente a compartir con ellos, la arquitectura escénica de los ritmos de la belleza».
Dokumentuaren akzioak