Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Balleteko oinetakoak eta pop-rocka uztartuko ditu 'Pink Floyd Ballet'-ek

Dokumentuaren akzioak

Balleteko oinetakoak eta pop-rocka uztartuko ditu 'Pink Floyd Ballet'-ek

Roland Petitek Pink Floyden musikarekin sortutako ikuskizuna taularatuko dute gaur eta bihar Donostian

Egilea
Xabier Martin
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2006/08/18

Pink Floyd rock sinfonikoko talde mitikoaren musikarekin Roland Petit Frantziako koreografoak 70eko hamarkadan sortutako ikuskaria da Kursaalean taularatuko dutena. Petitek «Pink Floyden musikaren irudiak» sortu nahi izan zituen, betiere esperimentazioaren bidean.

Japoniako konpainia 40 dantzarik osatzen dute, eta haiekin batera bederatzi dantzari gonbidatu ariko dira Donostian, gaurko eta biharko emanaldietan, tartean Lienz Chang, Altankhuyag Dugaraa, Lakarra bera eta haren bikotekide Cyril Pierre. Guztiak izan dira noizbait Marseillako ballet konpainiako dantzari eta denek dute oraindik harreman estua Roland Petit hango arduradunarekin.

PINK FLOYD, ALABAREN GUSTUKOA. Roland Petiten alabaren gustuko taldea zen Pink Floyd. Aitari etengabe hitz egiten omen zion talde horri buruz. Halako batean aita kontzertu batera eramatea lortu zuen. Dark side of the Moon diskoko abestiak entzuten zituela otu zitzaion Petiti musika hari dantza klasikoa uztartzea, eta taldekideekin hitz egin ondoren martxan jarri zen proiektua.

1972ko azaroa zen estreinatu zutenean. Bost emanalditan Marseillako ballet konpainiak dantza jarri zuen eta Pink Floyd taldeak musika. Orduan lau mugimenduko ikuskizuna zen, One of these days, Careful with that axe, Eugene eta Obscured by clouds. Urtebete geroago Parisen taularatu zuten, eta arrakasta handia izan zuen. Pink Floyd ez zen aritu zuzenean, ordea, musika grabatuta baitzegoen.

30 urtetik gora joan dira ikuskizuna sortu zutenetik, «baina gaurkotasun handikoa da oraindik», Jean Broeckx Roland Petiten laguntzailearen ustez. Petit bera ez da Donostiara etorri, Londresen baitago beste proiektu batekin. Broeckxen arabera, «Pink Floyd Ballet asko aldatu da, Petitek etengabe aldatzen dituelako koreografiak». Hala, obra asko berritu da Tokioko Asami Maki konpainiarekin elkarlanean 2001ean Pink Floyd Ballet-i berriro heldu zionetik.

Bertsio berrituan Dark side of the Moon diskoko The great gig in the sky abesti ezaguna ardatz hartuta pas de deux, birentzako mugimendua, sortu du koreografoak. Lucia Lakarrak interpretatzen du mugimendua Lienz Changekin batera. Bestela, The Wall disko ezaguneko Run like hell-ekin street dancers-eko pausoak sartu ditu pieza berri batean, Lienz Changen ustez, «benetan ikusgarria».

Bestalde, Lakarrak berak dantzatzen du Hey you pieza -pas de deux hori ere-, Cyril Pierrerekin, eta Echoes pieza luzean azaltzen da berriro taula gainera, Pierrerekin eta Changekin beste bi koreografia interpretatzera. Denetara hamabi pieza izango dira ikusgai Pink Floyd Ballet berritu honetan, eta Ingalaterrako taldearen abesti bat izango du oinarri pieza bakoitzak, The wall (1979), The dark side of the Moon (1973), Meddle (1971), Relics (1971) eta Obscured by clouds (1972) diskoetako kantuak.

Dokumentuaren akzioak