Dokumentuaren akzioak
Balletaren unibertsoari itsatsita
Urte eta erdiz ballet dantzariekin batera eta bestera ibili ondoren, Endika Portillok 'Coda' liburua argitaratu du
Dantza edo musika piezaren amaiera da koda, eta orain
dantzarien azken ikasturtearen emaitza eta Portilloren arte ikasketen
amaierako proiektua ere bada. «Puntu berean elkartu gara. Euren
azkeneko ikasturtea izan da maila profesionalera bidean eta nire
ikasketen etapa bat ere amaitu egin da».
Gasteizko Arte eta Diseinu Eskolan zegoela, Jose Uruñuela
dantza eskolara joateko aukera izan zuten ikasleek, eta bisitaldi haren
ostean bururatu zitzaion Portillori argazki erreportajea egitea. Azken
ikasturteko dantzariei itsasita egon da, gau eta egun.
Erabateko askatasuna izan du dantzarien egunerokoan murgildu
eta une intimoenak kamerarekin jasotzeko. «Ez da zaila izan taldea
ohartu gabe eguneroko saioetan aritzea. Diziplina handia dute, eta oso
kontzentratuta daude euren lanean», azaldu du Portillok. Ikasleak 18
eta 19 urte bitartekoak dira, sei bat ordu egin behar dituzte egunero
dantza entseguetan, eta gauez egin behar izaten dituzte euren
ikasketak. Portillok azaldu bezala, parez pare zabaldu dizkiote ateak,
eta beste taldekide bat izan da.
Argazki klasikoak
Zuri-beltzean jaso nahi izan ditu dantzarien eszenak, eguneroko
kontakizunari are eta indar handiagoa emateko. «Ballet klasikoa izanik
zuri-beltza hobeto egokituko zela uste nuen, eta, gainera, momentu
hartan erosoago sentitzen nintzen argi eta ilunak erabiltzen,
konposizio aldetik».
Liburuak ez du jarraipen kronologikorik, momentu eta
irudipenek josten dute. «Argazki bakoitzak irakurleari esaten dionari
jarraitzea proposatuko nuke, ez zen nire asmoa hasieratik amaierara
istorioa kontatzea». 34 argazkik osatzen dute bilduma, hainbat orri
zuri ere tartekatuta. «Argazkien bitartez gorputz eta ariketen indarra
eta dantzaren samurtasuna erakutsi nahi izan dut». Ordu askotako lana
eta ahalegina agertoki gaineko fintasun eta edertasunarekin alderatuta.
Beroketa ariketak, puntekin egin beharreko saioak, jantzi eta
makillaje prestaketak. Argazki gehienak entseguetan egin ditu, baina
baita aldagela, emanaldi eta bidaietan ere. «Argazkiren bat edo beste
egiteko eskatu diet modu batera jartzea, baina gehienak saioetakoak
dira, lanari zor zaion errespetuagatik».
Principal Antzokia, Amurrio antzokia, Getxo antzokia. Agertoki
nagusienetan eta Araban barrena, herriz herri, ibili zen dantza
taldearekin batera. «Ezagutzen ez nuen mundua zen niretzat balleta.
Esperientzia aberasgarria izan da, bai profesionalki, eta baita
pertsonalki ere. Erronka zen niretzat».
Irudiekin oreka bilatzen saiatu da Portillo, harentzat
estetikoki interesgarria dena eta dantzarientzat ere esanguratsua dena
tartekatuta. «Niretzat ederrenak direnak, atmosfera berezia dutenak,
argi eta ilunekin jokatzen dutenak, eurentzat ez dira interesgarrienak.
Guztion interesak biltzen saiatu naiz». Liburuaren 1.500 ale argitaratu
dituzte, eta argazkilariaren webgunen eska daiteke: www.endikaportillo.com.
Gasteizko Zuloa eta Zallako Garoa liburu dendatan ere aurki daiteke.
Liburuarekin batera, erakusketa ere prestatu du, eta irailetik aurrera
hainbat herritan izango da.
Bien bitartean, egitasmo berriekin hasi eta argazkilaritza
artistikoko masterra ikasten ari da Portillo. Hainbeste denbora
proiektu berarekin «buru-belarri» ibili ostean, bide berriei ekin die.
«Klasikoa ondo dago, baina beste kolore eta teknikekin probatu nahi
dut».
Dokumentuaren akzioak