Dokumentuaren akzioak
Balletaren kontaketa
Kritika
Ispiluzko bederatzi kaxoi handi kokatu zituzten
eszenatokian, eta horren inguruan ballet taldea bikoizten joan egin zen
ispilu islarekin joko nahasi bat irudikatuz. Halere, Malandainek
planteatutako egituran, kontrajarritasuna izan zen garaile; Loti eder-eko
binakako pausoetan emakumeak aurkeztu beharrean, gizonezkoak; giza
harpa bikain, zailtasun handiko oreka ikusi zen ariketetan, eta italiar fouetté-etan
gizonezko zirenek emakumeen rola bete zuten. Gozamen hutsa izan zen
emanaldi osoan bozgorailuetan garrasika aritzen den grabaketa bat izan
beharrean zuzeneko musika entzuteko aukera; horretan, Euskadiko
Orkestrak malgutasun oparoz garatu zituen dantza bateratasunak.
Zisneen lakua-n
korrikaldi bikainak egin zituzten Miarritzeko mutil neskatoek, erritmo
handiko gorputz higidurak eta garrasi ozenak gauzatuz. Malandain
koreografoak distira berezia eman nahi izan zien lauko pausoei, eta
hankekin ideiatu zuen koreografia bereizgarri hau. Bitartean, Portalen
zuzendaritzapean aritu zen orkestra fin aritu zen erritmo kontuan,
Txaikovskiren emozio sentikorrean xume aritu arren. Energia falta izan
zen biolin jotzaile bakarlariaren interpretazioan eta handitasun
gardenago bat tronboien aldarrikapenetan. Amaierako Intxaur-hauskailua-n
ukitu komikoa zoragarria izan zen, zelestaren eguratsean dantzatu zen
gizonezko soloa nabarmenduz. Balleta jendartera gerturatzeko aukera
paregabea, zuzeneko musikaren presentzia aldarrikatuz eta duintasun
dotoreko emanaldia egituratuz.
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Baleta: Miarritzeko Malandain.
Zuzendaria: Eduardo Portal.
Egitaraua: P. I. Txaikovskiren Loti ederra, Zisneen lakua eta Intxaur-hauskailua-ren atalak.
Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma.
Eguna: Otsailak 18.
Dokumentuaren akzioak