Jeno Oiartzabal ballet dantzaria da, etaegun, Jose Uruñuela Gasteizko dantza kontserbatorioan ari da ikasten, Batxilergo ikasketekin batera. Gipuzkoan jaio zen, baina bere bizitzaren lehen urteak Burgosen (Espainia) eta Brasilen eman zituen, amarekin. 7 urterekin itzuli zen Euskal Herrira, eta orduz geroztik, Azkoitian bizi da bere aita Imanol Oiartzabalekin eta haren bikote Esther Martinekin.
Oiartzabalek presente du bere jatorri hegoamerikarra, batez ere dantzarekiko duen grinaz hitz egiten duenean. "Nire odol brasildarrak ere izango du eragina dantzari izateko hartutako erabakian. Dena den, aita dantzaria izateak ere asko erraztu du dena". Oro har, estilo guztietako dantzak ditu gustuko azkoitiarrak, baina gogoan du haurra zenean ikusten zituen telesailetan bereziki arreta deitzen ziola balletak. Azaldu duenez, 3 urte zituenean ikusi zuen zuzenean lehenengoz ballet entsegu bat Burgosen, eta orduan maitemindu zen dantza mota hartaz. Hain zuzen ere, oso gazte hasi zen balletaren munduan gehiago sakontzen eta zaletasuna seriotasunez hartzen. Izan ere, 11 urterekin, Zarautzen balleta zaletasun moduan praktikatzetik Gasteizko Jose Uruñuela dantza kontserbatoriora salto egiteko probak egin zituen. Benetan gustatzen zitzaionarekin jarraitzeko erabakia hartuta, eta aitaren babesarekin, Azkoititik Gasteizera joan zen bizitzera; bere familiarengandik urrundu eta beste familia batekin bizitzen hasi zen orduan: "Ez nuen uste kontserbatorioan hartuko nindutenik. Gainera, ez nintzen jabetu kontserbatorioan onartuz gero nire bizitza zenbat aldatuko zatekeen, baina aitak esan zidan, hori horrela balitz ere, ez zela ezer gertatzen, ez baininduen inork ezagutzen; hori esan zidanean lortu nuen probak egiteko behar nuen azken bultzada".
Diziplina eta zorroztasuna
Azkoitiko gazteak adierazi du dantza egitean "aske" sentitzen dela; "deskonexio une bat" dela dantza, soilik berarentzat den momentua: "Liberatzailea da niretzat dantza egitea, une horretan beste dena desagertu egiten delako. Dantzan ari naizenean, arazoak at uzteko momentua dela sentitzen dut". Gauza guztiek bezala, ordea, balletak ere baditu "argi-ilunak". Balletaren munduak fisikoarekiko duen "zuzentasuna" eta dantzariak "perfekzioa" bilatu behar izatea dira dantzariari gogorren egiten zaizkion gauzak; izan ere, hori, azken finean, "buruhausteen eta ziurgabetasunen iturri" izan daiteke, batez ere dantzaria gaztea bada. "Tristea da, baina balletean dantzariaren fisikoak garrantzi handia du, eta hori oso gogorra da psikologikoki". Diziplina horren ondorioz, bere buruarekin "oso zorrotza" dela dio azkoitiarrak, eta gaineratu du zerbait lortu arte ez duela etsitzen: "Egunerokoan, zaila egiten zaizu ongi egiten ari zarenaz ohartzea, baina okerragoa da egin ezin duzuna lortzeko estutasuna".
Dantzaria bere ibilbidean hartutako erabakiez damu ez bada ere, hark onartu du une batzuetan hausnartu izan duela bere egoeraz. "Batxilergo ikasketak Azkoitian egingo nituela uste nuen; agian, nire burua ez nuen dantzaren munduan hain urrunera iristen ikusten". Ildo honetatik, lantzean behin "etxetik gertu eta era berean urrun" sentitu izan zen Oiartzabal, batez ere bere betiko kuadrillarekin elkartzen zenean; izan ere, lagunen artean hizketagai ziren gaietan "nahiko kanpoan" sentitzen zen gaztea, hainbat aste Azkoitira etorri gabe igarotzen zituenean. Hala eta guztiz ere, gaur egun anekdota gisa gogoratzen du dantzariak igarotako guztia, une hauetan lagunekin duen harremana inoiz baino indartsuagoa dela sentitzen baitu. Dena den, azpimarratu du Gasteizen ere lagun berriak egin izanak babesa eman diola bizitzak eskaini diona positiboki baloratzeko. "Gasteizen ere lagunak egiten hasi nintzen, eta kuadrillan tokiz kanpo sentitzen nintzen garai hartan hiriburuan lagunak izateak asko lagundu zidan".
Dantzako taldekideekin ere "laguntasun handiko harremana" duela adierazi du, elkarrekin ordu asko igarotzen baitituzte, eta askotan elkarren sostengu handiena izan ohi dira. Hasiera-hasieratik, ongi hartu zuten Oiartzabal dantza taldean, eta gainera, kideetako batzuekin ikasketak ere partekatzen zituenez, harreman "oso estua" izan zuen hasieratik. Balletaren mundua zaila eta zorrotza da, ordea, eta horrek badu eraginik dantzarien joan-etorrian: "Beraz, harremanak ere aldatzen joan ohi dira". Dena den, dantzak eman dion onena jendea ezagutzea eta esperientzia hori bizitzeko aukera izatea dela adierazi du. "Nahiz eta aldian behin, eskolako zenbait kiderekin harremana hoztu, beste batzuekin hartu-eman oso sendoak eraikitzeko, pertsonalki hazteko eta esperientzia hau bizitzeko aukera eman dit dantzak". Gazteak azaldu du, gainera, bere aitak eta haren bikoteak beti babestu dutela, eta horrek are errazagoa egin diola bere ametsarekin jarraitzea.
Amets baten lehen geltokia
COVID-19ak ezbaian jarri zuen Oiartzabal eta bere taldekideek aurreko ikasturtean San Petersburgora (Errusia) joateko zuten aukera, baina gaitzak, azkenean, ez zuen lehia hori irabazi, eta azkoitiarra "balletaren sehaska" den hirira joan zen. Taldeko dantzarien artean, Oiartzabalen moduan, Gasteizera joandako hainbat kide daude, tartean, Alba Hermoso eta Daniela Perez. Bidaia harekiko oso oroitzapen onak ditu Oiartzabalek, eta hain zuzen, esperientzia hark dantzarekin jarraitzeko indar gehiago eman ziola jakinarazi du azkoitiarrak. "Dantzaz gozatzeko aukera izateaz gain, eta balleteko irakaslearen lagun bati esker, San Petersburgon vip-ak sentitu ginen uneren batean". Errusian bada, agian, Euskal Herrian ez dagoen balletarekiko sentsibilitatea eta zaletasuna, eta Oiartzabalek adierazi duenez, hango dantzarien mailan antzeman daiteke hori: "Emanaldia baino zortzi ordu lehenago joan ginen Alexandrinsky antzokira, eta hara sartu orduko, nire belaunak dardarka hasi ziren. Hango dantzarien maila oso-oso altua da". Hala eta guztiz, agertokira irten orduko lasaitu zen azkoitiarra, eta dantzatzean sentitzen duen askatasuna izan zuen Errusiako antzoki nazional zaharrenean.
Egun, ikasketak amaitzeko urtebete geratzen zaio Oiartzabali; hark argi du dantzan jarraitu nahi duela eta horretarako aukera bakarra atzerrira joatea dela. "Espainian oso zaila da balletetik bizitzeko aukera izatea, beraz, hurrengo urtearen ostean kanpora joateko asmoa dut, eta hori posible izateko beka bat lortzea dut amets".
Balletari komunikabideetan beste diziplina edo kirolei ematen zaien leku berbera ematearekin ere amesten du gazte azkoitiarrak: "Dantza kirol gisa onartuta ez egoteak garrantzia kentzen dio gure diziplinari, beste edozein kirolek adina esfortzu eskatzen duelako gureak". Hain zuzen ere, jendeak balletarekiko duen irudia aldatu dezan, herritarrak antzokira gerturatzera animatu ditu.
Motzean
Adina: 16 urte.
Ikasketak eta lanbidea: Ballet dantzaria.
Dantzaria ez banintz... Abokatua edo irakaslea izango nintzateke ziurrenik.
Ikasketak amaitzean... Balletetik bizitzeko ametsa jarraitu nahiko nuke, nahiz eta horrek etxetik urruntzea eskatu.