Dokumentuaren akzioak
Balletaren alderdirik ilunena
Natalie Portmanek erronka handia izan du aurpegi biko dantzari baten rola gorpuzten
Edertasunarekin, harmoniarekin eta liraintasunarekin lotu ohi da
balleta. Misterio puntu bat duen mundua ere bada, eta askotan
elitismoarekin ezkondu izan ohi da. Dena den, inor gutxik espero ahal
zuen balleta maltzurkeriarekin eta izuarekin lotzen ahalko zela. Are
gutxiago, Zisneen lakua lan ezagunaz ari bagara. Horixe da Darren Aronofskyk Black Swan-en egin duena.
Zuzendari estatubatuarrak drama psikologiko gordina egin du, thrillerra
ia-ia. Hau, berez, ez da sobera arraroa, azken urteotako generorik
kutunetakoa bihurtu baita; berezitasuna istorioa gertatzen den
ingurunean dago. Ballet munduaren muinera eraman du desoreka Aronofskyk,
kanpotik begiratuta sumatzen den oreka hauskor hori hankaz gora jarri
nahian. Trumoi psikologikoa ballet aretoan. Neurri batean, Michael
Hanekek La pianiste-rekin egin zuen gauza bera egin nahi izan du zinemagileak: itxurazko edertasunaren azpian ezkutatzen den gaizkia azaleratu.
Alde horretatik, Aronofskyk berak onartu du Black Swan-ek zerikusi handia duela bere azkenaurreko filmarekin, The Wrestler
bikainarekin. Itxura batean, borrokaldien eta balletaren munduek ez
dute zerikusirik, baina aurreiritziak alde batera utzita, lotune ugari
agertuko dira. Biak ala biak mundu hertsi samarrak dira, kanpora
erakusten dutenetik bizi direnak, eta bien kasuan, artea bezain
inportanteak dira horren inguruan dauden apaingarri guztiak. Halaber,
borroka librea eta balleta koreografian oinarrituta bizi dira.
Zisne zuri-beltza
Horregatik
guztiagatik, Natalie Portmanek film honetan jokatzen duen rola, neurri
handi batean, Mickey Rourkeren borrokalari etsiaren luzapen gisa ikusten
ahal da. Baina Black Swan-eko Ninak baditu beste ispilu batzuk
begiratzeko. Izan ere, bi alde kontrajarriak dituen pertsonaia eraiki du
Aronofskyk, argia eta iluna, ona eta zitala. Ez du kasualitatez Zisneen lakua
aukeratu filmaren oinarri gisa, horretan ere dantzariak berak bi rol
oso kontrajarriak jokatzen baititu: zisne zuria eta zisne beltza.
Nina bunhead
bat da, ehuneko ehunean dantzari emana bizi den pertsona, hortik kanpo
ez du deus. New Yorkeko dantza konpainian aritzen da, eta amarekin bizi
da. Konpainia Zisneen lakua lana prestatzen hasiko da, eta
zuzendari artistikoak lehen dantzaria aldatzea erabakiko du. Nina hura
ordezkatzeko hautagaia da, eta dantzariak zoratzen hartuko du gisako
aukera.
Baina ez da hautagai bakarra. Zuzendariak zalantza handia
du, beste dantzari bat ere, Lily, aproposa iruditzen baitzaio. Kontua
da Ninak oso ongi jokatzen ahal duela zisne zuriaren rola eta Lilyk,
berriz, zisne beltzarena. Baina bakar batek egin behar du biena. Horren
aurrean, bi dantzarien arteko lehia areagotuko da. Bien bitartean, Ninak
bere ohiko inozentziari muzin egin eta alderdirik ilunena indartzen
saiatuko da.
Pelikula erronka handia izan da Natalie
Portmanentzat. Aktoreak ballet dantzari baten moduan mugitzen ikasi
behar izan du; horretarako, hamar hilabete egon da balleteko ikastaro
trinko bat egiten. Ez hori bakarrik, istorio berean bere alderik gozoena
eta krudelena erakutsi behar ditu Nina pertsonaiak, eta hori ez da
kontu erraza.
Baina onik atera da. Mickey Rourkerekin gertatu zen
bezala, Aronofskyk jakin du harengandik onena ateratzen. Esfortzu
horren ondorioz, hainbat sari garrantzitsu jaso ditu Portmanek; horien
artean Urrezko Globoa.
Filmak ere oso harrera ona izan du iaz
Veneziako jaialdian estreinatu zutenetik. Oscar sarietarako bost
hautagaitza ditu, horien artean pelikula, zuzendari eta emakumezko
aktorerik onenarenak.
Sariaz harago, Black Swan-ek
berretsi du Darren Aronofsky dela bere belaunaldiko zuzendaririk
interesgarrienetakoa. Hasiera ezin indartsuagoa izan ondoren —kultuzko
bihurtu diren Pi eta Requiem for a Dream pelikulekin—, The Fountain-ekin alarma gorria piztu zen, anbizioa eta sormena lotzea kontu zaila baita. Zorionez, orain dela hiru urteko The Wrestler-ekin bide onera itzuli, eta Black Swan-ekin heldutasunera ailegatu den zinemagilea dela erakutsi du.
'BLACK SWAN'
Zuzendaria: Darren Aronofsky.
Aktoreak: Natalie Portman, Mila Kunis, Vincent Cassel.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2010.
Iraupena: 103 minutu.
Estreinaldiak: Etzi estreinatuko dute Hego Euskal Herrian. Aurreko astean estreinatu zuten Ipar Euskal Herrian.
Natalie Portman aktoreak Urrezko Globoa irabazi du, eta Oscar sarietarako hautagai da Black Swan filmarengatik. / - / EZEZAGUNA
Dokumentuaren akzioak