Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ballet Biarritzek «Izarren odola» aurkeztuko du

Dokumentuaren akzioak

Ballet Biarritzek «Izarren odola» aurkeztuko du

Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Albistea
Data
2005/08/07

“Izarren odola” izenburuaren arrazoia horrela azaldu zigun koreografoak: «Odola gure gizatasuna izendatzeko dago, eta izarrak gure betikotasuna izendatzeko. Betikotasuna, gizakiongan, arrazoizkoak, zuzenak eta arduratsuak izatearen menpe dago».



Kontzeptu horiek lan bakarrean elkartzearen ideia bi liburuetatik etorri zitzaion Malandaini. Lehenengoa Jean-Louis Etiennenen liburua da. «Ipar poloan espedizio asko egin dituen esploratzaile frantses baten liburua irakurri nuen hasieran, eta bertan dio, kutsadura dela-eta, izotzak desegiten ari direla, eta hartzen ingurumena gero eta txikiagoa dela. Hartzen odolean egin dituzten analisietan, berunez betea dagoela ikusi dute. Niretzat, inozenteki, poloa zuritasun mundua zen, babestua iruditzen zitzaidan; baina ez da horrela. Beraz, horrek gogoa eman zidan hartzekin ikuskizun bat egiteko». Azken aurkikuntzak klasikoekin elkartuz, bigarren ideia Ovidioren “Metamorfosia” lanetik hartu zuen. «Hartz txikia eta Hartz Handiaren konstelazioen elezaharra kontatzen du Ovidiok. Kontua da Zeuzek ninfa bat hartz bilakatu zuela lehenengo, eta gero izar».



Gizatasuna eta betikotasuna elkartzen dituen lan hau Ballet Biarritzeko dantzariek interpretatzen dute, eta ez dago protagonistarik. «Hamasei dantzari dira. Denak protagonistak dira. Bi pertsonaia nagusiak Zeus eta Calisto ninfa dira, eta neska eta mutilak tartekatzen dira pertsonaia horien papera egiteko, beraz ez daude bi protagonista soilik, denak dira protagonistak», azaldu zuen.



Malandainek, paper protagonisten demokratizazioa bilatzen duen bezala, baletarekin gauza bera egin nahi du; horregatik, edozein ikusle motarentzat aproposa izateko lana egin du. «Irakurketa maila ezberdinak daude. Hasteko, Mahler eta Straussen musikekin egina da, eta hori publiko normalarentzat sarbide erraza izan daiteke. Badago lehen ikuspegi atsegin eta erraza; baina, gero, hausnartu nahi badugu, beste maila batzuk daude, beraz publiko guztientzako da», esan digu.



Artistak ikuspegi berezia eman dio koreografia honi: alde batetik hartzak dantzan ikus daitezke, eta bestalde estetika militarra. «Oso aldakorra da. Mahlerren musikarekin duo asko daude, eta horien artean bateratzaileak Straussekin. Duoak oso gizatiarrak eta sentsualak dira, eta bateratzaileak oso militarrak. Izan ere, XIX. mende bukaerako musika da, eta Vienan balsak dantzatzen zirenean, gizonen erdiak baino gehiagok uniforme militarra zeraman».



“Izarren odola” koreografiak oraindik bidea egitekoa duela azaldu zuen Malandainek. «Joan den urtean sortua izan zen, eta normalean urtebete behar da mundura zabaltzeko. Antzokietako zuzendariek ikusi behar dute; hurrengo astean, esaterako, asko etorriko dira Biarritzera. Horrela funtzionatzen du: batzuetan DVDak bidaltzen ditugu, eta beste batzuetan nahiago dute ikusi. Luze izatera jotzen duen prozesua da».



Euskal Herrian erakutsi ondoren, Estatu Batuak eta israel zain

I.E.

BIARRITZ



Biarritzeko bi ekitaldiak bukatu eta gero Ballet Biarritzekoek zer egingo zuten galdetzean, Malandainek honako hau erantzun zigun: «Biarritz eta gero, Biarritz. Irailean hondartza parean egongo gara. Portu zaharrean beste agerraldi bat egingo dugu, “Le temps d’Aimer” deitzen dena».



Euskal Herrian zehar ibiliko direla ere esan zigun: «Lehen “Creation” eta orain “Les Creatures” deitzen den ikuskizun bat egingo dugu urrian Barañainen. Hilabete berean, Irungo Amaia Kultur Zentroan, balet berri bat egingo dugu. Estreinaldia Biarritzen egin beharrean han eginen dugu. Ikuskizuna “Mozart à 2” deitzen da, eta Biarritzen heldu den otsailean estreinatuko dugu, 2006a Mozarten urtea izanen baita».



Thierry Malandainen ikuskizunak, hemen arrakasta handia izaten ari diren bezala, munduan zehar ere ospe handia biltzen ari dira. Tourneak Biarritz Ballet konpainia beste kontinenteetara eramanen du. «Aurten toki guztietan ibiliko gara, Errusiara bueltatuko gara, Estatu Batuetara, Israelera... Toki guztietan egongo gara, joan den urtean bezala».



Moskun eszena batek barrea sortu zuen



Barreen zergatia horrela azaldu zuen Malandainek: «Moskun oso ongi pasatu zen, batez ere Marius Petiparen “La Bay adère” oso dantza ezagunarekin bukatzen delako. Errusian etengabe taularatzen den obra da, eta normalean tutuarekin dantzatzen den zati horretan, nik 16 hartz jarri ditut dantzan»

Dokumentuaren akzioak