Dokumentuaren akzioak
Ballet Biarritz konpainiak dantzarako sentsibilizazio gunea ireki du Donostian
Helburua 2004an Donostian bigarren egoitza eta gazte konpainia sortzea da
Atzo ireki zituzten ofizialki Egiako kultur etxean jarri duten lokaleko ateak, eta, bide batez, baleteko arduradunek Donostian egoitza bat eratzeko proiektua azaldu zuten. Dantzarekiko sentsibilizazioa eta hedapena lantzeaz gain, datozen bi urteetan hiriburuan gazte konpainia sortzeko ikerketa egingo du.
DONOSTIA
1998an sortu zenetik, Ballet Biarritzek Hego Euskal Herriarekin lotura estuagoa izateko beharra ikusi izan du, eta «beharrezkoa iruditzen zaigu Gipuzkoan lan egitea», azaldu zuen atzo Egiako kultur etxean inauguratu zuten zentroan lan egingo duen Filgi Claveriek. Ballet Biarritz konpainiaren barruan Donostiako zuzendari administratiboa den Claveriek Dantzaren Sentsibilizaziorako Mugaz Gaindiko Zentroaren aurkezpen ekitaldian parte hartu zuen, eta bere ondoan izan ziren honakoak: Thierry Malandain, Ballet Biarritzen zuzendari artistikoa; Adriana Pous, Donostiako arduradun pedagogikoa; eta Luis Mari Bandres, Kultura ahalduna, eta Ramon Etxezarreta, Kultura zinegotzia, Gipuzkoako Aldundiaren eta Donostiako Udalaren ordezkari gisa. Zentroa eratzeko laguntzak eman dituzte bi erakundeek.
Ballet Biarritzen xedea Donostian, edo Hego Euskal Herrian, egoitza bat irekitzea da, dantza konpainiaren bigarren egoitza. Atzo inauguratu zen zentroa bide horretan eman den pausoa da. Proiektu handinahi hori hiru adarretan banatu dute, azaldu zion GARAri Claveriek. Batetik, sentsibilizazio ekintzak bultzatuko dituzte publiko zabalari dantzarako gustua erakusteko, eta bide hori Egiako lokalean zentratuko da.
Bigarrenik, sorkuntza eta hedapena landuko dituzte. Ballet Biarritzeko 14 dantzariek urtero sorkuntza bat egiten dute eta beren asmoa sorkuntza hori Biarritzen eta Donostian erakustea da. Ildo horretan, konpainia Victoria Eugenia antzokian aritzeko eskaintza egin zion atzo Claveriek Ramon Etxezarretari, hilabetez sorkuntza bat egiteko prozesu guztia nahi duen orori erakusteko.
Azkenik, datozen bi urteetan Donostian gazte konpainia bat sortzeko proiektua landuko du Ballet Biarritzek, hori gauzatzeko izango diren beharrak, kolaborazioak eta laguntzak neurtuz. Konpainia hori balletaren harrobia izango litzateke eta Europako Interreg fundazioaren diru-laguntza lortu dute ikerketa egiteko. Badakite helburu handia eta garestia dela, eta, izatekotan, 2004an gauzatuko da, ez lehenago, gehitu zuen Claveriek.
Sentsibilizazio ekintzak
A.J.
DONOSTIA
Orain arte, Ballet Biarritzek Donostian bultzatu duen sentsibilizazio kanpaina ikastoletan egiten zen, ikastetxeetan dantzaren lehen urratsak erakusten zizkieten haurrei, «dantzaren gustua, saborea emateko», baina Egiako zentroak ekintza desberdinak antolatzeko aukera emango die. Ikastoletakoei uko egin gabe, hainbat tailer eskainiko dituzte zentroan bertan, publiko arruntarentzat, irakasleentzat edo teknikarientzat, hainbatetan gizarte elkarteekin elkarlanean. Horrezaz gain, dantzaren inguruan hitzaldiak eta erakusketak antolatuko dituzte beren instalazio berrietan.
Dokumentuaren akzioak