Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ballet Biarritz Junior-en lehen saioa Donostian

Dokumentuaren akzioak

Ballet Biarritz Junior-en lehen saioa Donostian

«Tximeleta» ikuskizuna eskainiko dute Egiako kultur etxean gaur zortzietan

Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2005/11/17

Ballet Biarritzek Donostian duen Dantzaren Sentsibilizaziorako Zentroak eta Donostia Kulturak antolatuta, Gipuzkoako hiriburuak Dantzaz jardunaldiak hartuko ditu aste honetan, atzo hasi eta igandera arte. Dantzara hurbiltzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte, hala nola, hitzaldiak eta ikastaroak, eta, horien artean, gaur gaueko zortzietan “Tximeleta” izeneko ikuskizuna ikusi ahalko da Egiako kultur etxeko Gazteszena aretoan.



“Tximeleta” hiru koreografiaz osatutako ikuskizuna da eta gaur gauekoa lehen emanaldia izango da. Estreinaldia da, hortaz, baina ez ikuskizunaren aldetik bakarrik, dantzari taldearen jendaurreko lehen saioa izango baita Donostian, eta ikuskizun horrekin Ballet Biarritz Junior talde gazteak bere burua aurkez- tuko du donostiarren aurrean.



Hiru koreografia



Hamabi dantzarik hartzen dute parte Ballet Biarritzek irailean abiarazi zuen egitasmo horretan, guztiak neskak, Thierry Malandain eta Gaël Domenger koreografoen zuzendaritzapean. “Tximeleta» delakoan, hiru pieza eskainiko dituzte. “Gau itxuraldatua” Gaël Domengerren lehen koreografia da eta Arnold Schoenberg sortzailearen poema sinfonikoa aukeratu du. «Musikak jaiotzaz hitz egiten duelako eta, beraz, egokia iruditu zitzaidan BBj-ren sorreraz hitz egiteko», azaldu zuen atzo Domengerrek. Koreografiaren konposizioa 12 dantzarietan oinarritzen da eta beren nortasun desberdinen bidez multzo koherentea eraikitzen saiatuko da. Beste bietan, “Zisnearen heriotza”n eta “Boleroa”n, koreografia Thierry Malandainena da eta musika, Maurice Ravelena.



Ballet Biarritz taldeko zuzendari eta koreografo Malandainek aipatu zuen koreografia horiek zailtasun handia dutela hasiberria den dantzari talde batentzat. «Hala ere, helburua oso goian ipini nahi dugu, dantzariak hobetu eta orain dauden tokitik guk nahi dugun tokira irits daitezen», azaldu zuen.



BBj-ren lehen ekitaldia otsailean bukatuko da eta, ordura arte, “Tximeleta” hainbat herritan emango dute.

Dokumentuaren akzioak