Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Baleta ez da zirkoa, artea baizik; mendira igo eta garrasi egitea da agertoki gainera igotzea"

Dokumentuaren akzioak

"Baleta ez da zirkoa, artea baizik; mendira igo eta garrasi egitea da agertoki gainera igotzea"

Alicia Amatriain, Stuttgarteko baleteko dantzari nagusia

Egilea
Xole Aramendi
Komunikabidea
Gaur8.info
Mota
Elkarrizketa
Data
2007/06/08

Euskal Herrian ezaguna ez izan arren, Stuttgarteko Baleteko dantzari nagusia da. Iaz Etorkizun Saria eskuratu zuen, Alemaniako garrantzitsuenetakoa. Bederatzi urte daramatza konpainian eta ez du aldatzeko asmorik. 26 urteko donostiarrarentzat, pirueta sorta baino gehiago da dantza. «Mendira igo eta garrasi egitea da agertokia», aitortu du. Kalitatea kopuruaren aurretik jartzen du. Horixe irakatsi zion John Crankok eta horixe da bere ibilbidearen ardatza. Orain bolada onean dago, baina badaki gaixotasun bat tarteko urtebetez agertoki gainera igo ezinik egotea zer den. Dantzaz harago, bizitza zein inportantea den ikasi zuen.

Agertoki gainean paper dramatikoak maite dituzu. Zergatik?

Bizitzan badaude bukaera zoriontsuak ere, baina drama errealagoa da.

Igor Yebra dantzari bilbotarrarekin «Beltxargaren aintzira» lanean aritu zara lehen aldiz. Zer moduz moldatu zarete elkarrekin?

Agertoki gainean sekulakoa da, karakter handia du. Ez da teknika soilik, bihotzetik datorkio. Gainera, asko ematen dizu, luxu handia da berarekin lan egiteko aukera izatea. Pertsonalki ere ikaragarria da. Ez nuen ezagutzen baina berezia izan da, betidanik ezagutuko bagina bezala joan da guztia.

Stuttgarteko Baletean oso azkar egin duzu aurrera. Zerk lagundu dizu?

Ez daukat ideiarik ere!

Alemanian ezaguna zara, Etorkizun Saria jaso zenuen. Zer sentitu zenuen?

Poz handia, ez bainuen espero. Dena den, ez du ezer aldatzen, ez dit norabidea aldatuko, ez nau beste inora eramango. Zure lana aitortzen dute, eskertzen dut, baina sariak ez zaizkit interesatzen.

Penatan zaude Euskal Herrian ezin izan duzulako dantzarik egin?

Bai, noski. Lehen aldiz iaz etorri nintzen Donostiara eta ordurako hamabi urte neramatzan etxetik kanpo. Pena ematen dit gehiagotan ez gertatzea.

Hemen ezezaguna izateak?

Horrek baino gehiago nire herrira dantzatzera ezin etorri izanak.

La Habanan «Giselle» dantzatu zenuen 2004an. Kritikari batek esan zuen dantzatzen jaio zinela dirudiela. Zer deritzozu?

Ez zait gustatzen egiten dizkidaten kritikak irakurtzea. Izan ere, pertsona jakin baten iritzia besterik ez da, ez ikuslego osoarena. Nahiago dut ikuskizunarekin berarekin geratzea, txaloekin, ikusleek eraman dutenarekin. Garrantzitsuena publikoaren erantzuna da.

Zure ibilbide laburrean inoiz jaso duzu erantzun txarrik?

Ez, onak edo ez hain onak izan dira, baina txarrik inoiz ez.

Horretarako ere prest egon behar du profesional batek.

Bai, edozertarako prest egon behar duzu. Emankizuna zuzenean egiten da eta ez dakizu zer gerta daitekeen. Gozatzen saiatzen zara eta publikoak ere goza dezan nahi izaten duzu. Ahal duzun dena ematen baduzu, ezin duzu besterik egin.

Lucia Lacarrak dio teknika ondo dagoela baina berak sentimenduak transmititu nahi dituela. Ados zaude?

Bai, erabat. Niretzat garrantzitsuagoa da publikoa negarrez ala barrez ikustea, hogeita lau mila pirueta egitea baino. Askok ez dute horrela ikusten, baina niretzat baleta ez da zirkoa, artea egiteko modua da; dantza nire espresiobidea da.

Etxetik hain gazte alde egiteak heldutasuna ematen du?

Bai, 13 urte izan ala 18 urte izan, heltzea dagokizu. Aita eta ama ez dituzu alboan eta oinak lurrean izan behar dituzu. Gainera, nire kasuan, oso desberdina den herri batera joan nintzen. Hizkuntza, kultura, bizimodua... erabat ezberdinak dira. Heldu nintzenean ez nuen alemanez hitzik egiten. Lehen asteak oso gogorrak izan ziren, baina ikasi egin nuen, norbaitekin hitz egin beharra nuen, ezin nuen komunikatu gabe egon. Lau urte egin nituen eskolan eta bederatzi daramatzat konpainian. Jada ohitu naiz. Ez dut planteatu beste norabait joatea, momentuz han jarraituko dut. Hori bai, inoiz ez dakizu munduak nora zaramatzan.

«Freelance» izatea pentsatu duzu?

Ez dut nire burua freelance bezala ikusten. Nire nagusiarekin ezin hobeto konpontzen naiz. Freelance moduan konpainia batean baino askoz diziplina handiagoa behar duzu, beste mentalitate bat da. Egunero lan egin behar duzu, beti izan behar duzu gorputza sasoian, emankizuna noiz izango duzun ez baitakizu. Ni gustura nago konpainia batean egotearekin, batez ere Stuttgartekoa delako.

Zer nabarmenduko zenuke konpainiaren inguruan?

Lehenik nagusia, Reid Anderson. Pertsona bezala txundigarria da eta zuzendari bezala ere oso ona. Gainera, familia bat gara, beti elkarrekin gaude. Ez zoaz lanera, eguna elkarrekin pasatzera baizik. Hori ez da ohikoa.

Txikitan dantzari izatearekin amesten zenuen?

Ez. Amak akademia batera eraman ninduen, ez baitzuen nahi ezer egin gabe egon nendin. Zerbait egiteko eraman ninduen, besterik ez. Zaletasun moduan nuen eta ez nuen nire burua dantzari ikusten. Kanpora joateko aukera eman zidatenean 'bai, zergatik ez?' pentsatu nuen. Konpainia batekin oholtza gainean egon nintzen lehen aldian erabaki nuen dantzari izan nahi nuela, orduan jakin nuen hori egin nahi nuela.

John Crankoren eskolan eman zenituen lau urteak garrantzitsuak eta erabakigarriak izango ziren.

Donostiako Kontserbatorioko oinarria nuen eta Alemaniako eskolak asko lagundu zidan. Gauza garrantzitsua irakatsi zidaten: garbi dantzatzen. Kantitatearen ordez kalitatea baloratzen dut. Argi dut.

Zu iritsi zaren tokiraino ailegatzearekin amesten duen ume bati zer esango zenioke?

Lan asko egin dezala, politagoa dela dantza egitea ikastea baino. Ikastea oso zaila da, baina agertokira iristean, merezi du aurrez egindako esfortzuak.

Zer ematen dizu dantzak?

Barnean ditudan sentimenduak kanporatzen ditut, mendira igo eta garrasi egitea da niretzat agertokia. Sentimenduak, izan onak ala txarrak, kanporatu egiten ditut, inori minik egin gabe. Gainera, publikoa poztu edota negarrarazi dezaket.

Okerrena zer da?

Ez dakit. Agian mina, gorputzari eragiten diogun mina, baita lesio batengatik agertoki gainean egon ezina ere. Ez ditut lesio asko izan, baina, duela bi urte, ia urtebetez egon nintzen dantzarik egin gabe. Gaixotasunagatik izan zen. Hor konturatu nintzen bizitza zein inportantea den. Nire bizitza erabat aldatu zen orduan, bai dantzari bezala, bai pertsona bezala. Aldaketa onerako izan zen, nire ustez. Orain guztia desberdin baloratzen dut, inportantzia handiagoa ematen diot.

Familiak ze garrantzi du zuretzat?

Nire lehentasunen zerrendan familia dago lehenengo tokian. Faltan ditut, ez ditut asko ikusten, Donostiara sarri joaten saiatzen naizen arren. Familiak asko lagundu dit eta asko eskertzen diot. Dena zor diot.

Ikasi egiten da minarekin bizitzen?

Mina ez nabaritzen ikasten da.

Gorputzak, giharrek, erantzuten dizutenean sentsazioa ederra izango da.

Gorputzak erantzuten dizunean, hainbeste esfortzuren ostean gorputza jasotzen duzunean, sentsazioa ikaragarria da.

Saiatzen zara dantza mundutik kanpoko lagunak izaten?

Bai, oso garrantzitsua da mundu honetatik ateratzea, bestela erotu egin zaitezke.

Zer da alemaniarrek duten onena?

A zer galdera! Diziplina, beti dakiten nora doazen, euren bidea egiten dute. Oso langileak dira.

Euskal Herrian dantza ez baloratzeari zer deritzozu?

Pena da dantzari garrantzirik ez ematea. Dantzari euskaldun eta espainiar on mordoa dago, baina guztiak kanpoan. Konpainia handi bat egin zitekeen, baina... Pena ematen du kanpora joan behar izateak.

Dokumentuaren akzioak