Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Balet ona

Dokumentuaren akzioak

Balet ona

Kritika, Biarritz Baleta, Creation

Egilea
Jesus Mari Begoña
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2004/01/20

Atseginez harritu gaitu Miarritzeko balet gazteak eta T. Malandain, aspalditik eskarmentu handiko dantzaria zena eta egun taldeko zuzendari eta koreografoak hain denbora eskasean prestatu duen dantza-maila. 13 neska-mutilez osaturik euskaldun bat edo beste tartean, taldeak prestaketa fisiko egokia adierazi zuen ordubete luzean barrena, apenas atsedenik gabe, etengabeko dantzetan asko eta asko modu koralean burutuak, hau da, bakarlari barik. Baina heziketa teknikoa izan da, zalantzarik gabe taldearen bertuterik handiena. Dantzariak dantza modernoaz baliatu dira erakustaldia egiteko baina ahaztu gabe klasikoaren pausu eta ibilbideak modu egokian gainera. Création izeneko Malandain-en koreografia lan sendoa, orekatua eta ederra iruditu zaigu.



Dekoratu gabe eta argiztatze minimoekin dantza hutsaren errebindikazioa da, sormenaren prozesuari eta egungo dantza modernoaren aldarrikapena. Koreografoak begiradatxoa eman zion dantzak historian zehar egin zituen lorpenak gorputzaren adierazgarritasuna askatzeko. Horretarako Itun zaharreko Genesis-eko hiru pasarteak eta Beethoven handiaren Prometeoren kreaturak izeneko baletaren musika erabili zituen ardatz moduan emaitza arrakastatsuarekin. Adan eta Ebaren tentaldia, sagarragatik erorketa eta Abelen hilketa aitzakiak baino ez ziren dantzaren jaiotza inozoen paradisoan, garapena eta askapenara heltzeko: jatorrizko bekatuak libre egin gaitu guk mina eta poza sentitzeko eta artearen sormenari ekiteko. Bertan roboten hasierako pausuak behatzen puntaren gainean jarri arte, edo bertikaltasun jarrera estutik erorketara igarotzeko dauden tarteko irudiak, esaterako, ziren baletak izan duen bilakaeraren adibideak.Binaka zein taldeka dantzariek errepasoa eman zieten barroko garaitik egungo dantza modernoraino emakumeen dantza arropa desberdinekin miriñake, tula edo tutu erritmo edo dantza anitzarekin minue edo sigi-saga dantza. Koreografoarena zen dantzaldiaren asmaketa eta trinkotasuna, gazteen gorputz lirainak, eta teknika eta izerdia ziren artea gauzatzeko ezinbesteko beste baldintza. g Jesus Mari Begoña

Dokumentuaren akzioak