Dokumentuaren akzioak
Balet Nazionalaren bila
Olaeta Baleta. Omenaldia J. Aranbarriri
Aranbarriren musika hartu zuten aitzakiatzat Olaeta baletekoek omenaldi katea egiteko, bata bestearen atzetik: gaur egun balet horretan lanean dagoen gazte aldrari, olaetatarren balet-tradizioari, euskal musikari klasikoei edo beraiekin lan egin zuten abesbatza beteranoei. Gerra aurreko edo osteko urteetan egon den euskal balet bakarrak, eta munduan euskal kulturaren erresistentzia ikurra izan zenak, berak gogoko duen egitaraua eskaini zigun Euskaldunako eremu zabalean gozatzen geunden guztioi. Horretarako, euskal musika sinfoniko eta abertzalearen gainean egindako estanpa bukolikoak edo mitologikoak dantzatu zituzten; batzuk folkloretik zuzenean aterata, beste batzuk euskal mitologiaren gainean asmatuak, baleteko pauso eta ibilbideei egokituak.
Olaetako Victor zuzendari zutela, bost urtetik gora dituzten ume-gazteek neskatoak gehienak dantzaren urratsak erakutsi zizkiguten, gorputz eta arima. Dena den, interes handiagokoak ziren helduenek dantzatu zituzten koreografiak: Aranbarri-Olaetaren Sorgin-Morgin..., Aita Donostiaren Lamien ikasgaia edo Franco-Olaeta-Arenguesen Itxasoan dantza folklorikoa... Nahiz eta ilusioz jardun, diskretoagoa iruditu zaigu, ordea, Meza osteko jaia nekazaritza ikonografia idilikoa, ahots akatsengatik. Luxuzkoa izan zen BOS-en parte-hartze erabatekoa, Menaren esku prestuetan. Jantzietan eginiko lana ere ikusgarria eta dotorea izan zen; euskal folklorean edo margolarietan inspiratuak: Arrue , Aranoa.... Iparraldean edo hegoaldean dagoen maila eta dantzari kopurua ikusita, noizko da Euskal Balet Nazionala?.
Dokumentuaren akzioak