Dokumentuaren akzioak
Bakiok hartuko du Busturialdeko Dantzari Eguna
Busturialdeko Dantzari Eguna Muruetan, 2019an.
2022a urte berezia da Bakioko Itxas Alde Dantza Taldearentzat, 50.urteurrena ospatzen ari baitira. Hala, eurei egokitu zaie Busturialdeko dantzarientzat “egun berezia” dena antolatzea. Gogorarazi dutenez, normalean udaberrian ospatzen da dantzari txikien jaia, eta udazkenean, berriz, dantzari nagusiena. Aurten, hala ere, zapatuan batuko dira Bakion, dantzari txikiak, ertainak, gazteak zein helduak. Hurrengo dantza taldeek parte hartuko dute zapatuko hitzorduan: Bakioko Itxas-Alde, Bermeoko Alkartasuna, Mundakako Egunsenti, Busturiko Irrintzi Alai, Foruko Urdaibai, Gernikako Elai Alai, Nabarniz-Ereñoko Kabelinatxe, Ibarruriko Basotxoritxu eta Gautegiz-Arteagako Artie.
Egitaraua. 17:00etan hasiko dute Busturialdeko Dantzari Eguna kalejiragaz; Bentako Plazatik aterako dira eta kiroldegiraino joango dira. Bertan, 18:00etan hasita, dantza emanaldiak eskainiko dituzte dantza taldeek. 21:30ean, elkarrekin afalduko dute dantzariek kiroldegi ondoko probalekuan. Eguna dantzan amaituko dute, 23:30ean hasiko baita erromeria.
Dokumentuaren akzioak