Dokumentuaren akzioak
«Berdin zait dantzan bakarrik edo norbaitekin aritu»
Aritz Salamanca, dantzaria
Larunbatean ospatutako txapelketan nola sentitu zinen?
Urduri. Urduritasun puntua beti hor egoten da. Txapelketa hasi zenean, tentsio handiarekin egon nintzen, baina oso kontzentratuta. Nahiko seguru ikusten nuen neure burua, eta nahiko gustura dantzatu nintzen.
Ormatxulo, Eskua aldatzeko soinua, Kontrapasa, Aurkez aurke eta zortzikoa dantzatu zenituen. Non aritu zinen erosoen ?
Amaierako zortzikoan, gusturen sentitu nintzen. Neure buruarekin seguru nengoen, eta gustatu zitzaidan zortzikoa nola atera zitzaidan. Orokorrean, txapelketa guztian sentitu nintzen eroso.
Hamabi parte-hartzaile izan ziren txapelketan. Zer-nolako maila egon zen?
Hori kanpoko jendeak esan beharko du. Orokorrean maila igo dela esan dute, eta nik ere maila hobea egon dela esango nuke. Badakit hainbat parte hartu ezinik geratu direla.
Oholtza gainean maila hobea izan dela diozu. Zer moduko giroa sumatu zenuen ikusleen artean?
Polita. Jendea bazegoen ikusten. Pena izan zen telebista etorri ez izana. Dantzariak oso animatuak zeuden, eta horrek harritu ninduen. Jendeak dantza amaitu eta txalotzen zuen, dantzari bakoitzak bazeukan zale taldea eta oso txalotuak izan ginen.
Bakarrik aritu beharrean, sokan irten ziren dantzariak. Horrek lagundu al zuen?
Bai eta ez. Zeure burua seguru ikusten baduzu, bai, berdin dio bakarrik edo norbaitekin dantzatu. Seguru baldin bazaude, ondo egingo duzu. Gazteentzat, berriz, lagungarri izan daiteke, edo ez. Batzuetan batak bestearen aurrean dantzatzea ez da oso erosoa, ziur ez bazaude. Dantzari bat justu kontrakoa egiten ikusteak desorekatu edo nahasten zaitu. Niri berdin zait bakarrik edo norbaitekin aritu.
Hamargarren aldia zenuen txapelketa horretan, espero zenuen txapela janztea?
Beti daukazu esperantza. Irabaztera joaten zara beti, baina inoiz ez dakizu zer gertatuko den txapelketa batean. Ezin duzu esan «segur aski irabaziko dut»; azken finean, zuk ongi egin behar duzu, baina ez dago zure eskuetan. Epaile bat duzu zuri begira eta besteei begira, eta askotan ez dituzu besteak ikusten. Irabazteko gogoa eta esperantza banuen, baina ez nengoen seguru.
Iazko txapelduna, Ibon Huarte, aurten ez da txapelketan izan.
Ibonen falta sumatu dut, eta baita Urkorena ere. Kideak dira eta gustuko dut haiekin aritzea.
Bost-sei urterekin hasita, 22 urte daramatzazu dantzatzen. Nola bizi duzu dantza?
Bizitzeko era bihurtzen da, azken finean. Txapelketak, emanaldiak, dantza eskolak, azkenean horrekin guztiarekin zure bizimodua sortzen da. Dantzan ordu asko igarotzen ditut; Lezoko Murixka eta Donostiako Goizaldi dantza taldeetan. Horrez gain, txikiei dantza eskolak ematen dizkiet zenbait ikastolatan. Denbora kentzen dizu, baina oso ondo daramat, gustuko dudan zerbait baita.
Beraz, dantza duzu ogibide?
Zaila da gaur egun dantza ogibide izatea. Ikastoletan-eta eskolak emanez, soldatatxo bat lor daiteke. Baina, ez da hori nire asmoa. Ikasten ari naiz une honetan, eta ikasketak amaitzea da nire asmoa.
Txapelketan hainbat aldiz hartu duzu parte. Dantza lehiaketak beharrezko ikusten dituzu dantza bultzatzeko?
Dantzaren adar bat bultzatzeko bai, baina dantza orokorrean bultzatzeko ez. Dantza bultzatzeko gauza asko behar dira, eta, agian, txapelketak ez dira beharrezkoak horretarako. Lehiaketen bitartez, haurra zarenean, konstantzia eta teknika hobetzea lortzen da. Txapelketetara aurkezten diren haurrak ondo dantzatzen dira, eta hori taldeetara iristen da, taldekideak txapelketan parte hartu duenari kopiatzen hasten dira, eta azken finean, hori teknikoki onuragarria da.
Zer iruditzen zaizu txapelketen eredua?
Txapelketetan beti dago lehiakortasuna, beti dago irabazlea, bigarrena eta hirugarrena. Agian, zenbaitetan ez da hori onena. Baina, dantza munduan, beharbada, elkartasuna da hoberena.
Dokumentuaren akzioak