Dokumentuaren akzioak
Baigorriko nortasuna
Duela 65 urte sortu zenetik, lehen aldikoz dantza sorkuntza berria aurkeztuko du Baigorriko Arrola dantza taldeak, etzi eta etzidamu, mahastien kultura eta dantza uztartuz: 'Mihimena'
Goizik hasita, 9:00etan, Arrola dantza taldeko belaunaldi guziak buru-belarri ari dira Baigorriko (Baxenabarre) ezker-paretan. Mihimena sorkuntza, datozen larunbatean, hilaren 12an, 21:00etan, eta igandean, hilaren 13an, 17:00etan, emanen dute, pilotaleku horretan berean. 65 urtez, lehen aldikoz eskainiko du dantza sorkuntza bat Arrolak. «Ikusgarri horren bidez, gure herriko mahastiaren eta euskal dantzaren kultura erakutsi nahi ditugu», azaldu du Jean-Marie Crouspeyrek, Arrolako kideak. «Bi ohituren arteko loturak erakutsiko ditugu».
Horretarako, ahal zituzten laguntzak harrapatu dituzte. Bakoitzak bere harria utzi du, ikusgarria poliki-poliki moldatzeko. Urte eta erdi Mihimena-ri pentsatzen hasiak direla. Dantzariak asteburuetan elkartzen direla, lau hilabete. «Taldearen nortasuna lortu dugula erran dezakegu», jakinarazi du Crouspeyrek, irria ezpainetan.
Ttotte Errotabehere, berriz, «gustura» ari da haur eta gazteekin dantzan. «Elkartasuna sortu da belaunaldien artean. Eta Baigorrik bazuen horren beharra, Zuberoan pastoraletan harrapatzen den elkartasun hura, edo Oztibarren (Baxenabarre) West Ibarre Side Story ikusgarrian ere lortu zutena», ohartarazi du Mihimena-n parte hartuko duenak. «Ez gara baitezpada goi mailako artistak, gazte batzuek ahal bereziak dituzten arren. Baina plazerak batzen gaitu, eta ikusgarriak ondorio onak baizik ez ditu izaten ahal gure herriarentzat».
750 jarleku ezarri dituzte Baigorriko pilotalekuan, lehen emanaldientzat. Hainbeste ikusleren asetzeko, 89 lagunek parte hartuko dute Mihimena ikuskizunean. Gehienak dantzariak dira, baina musikariak eta kantariak ere badaude. Horiek denak zuzenean ariko dira, ikusgarri denboran. Coulisses-etan, jantziak josi dituztenak, teknikariak, eta Aldudarrak Bideo elkartekoak. Film txiki batzuek lagunduko baitituzte dantzariak. «Lekukotasunekin, argazkiekin, mahastietako lanekin eta antzerki laburrekin josiak izanen dira bideo horiek», jakinarazi du Crouspeyrek. Hiru bideo zatiek mahastiaren kultura ezagutaraziko dute. «Lehengo mahastietako lana, lehengo tresnak, hainbat soinuren grabazioak, lekukotasunak eta mahatsaren denboraldien argazkiak ikusiko dira. Ikusgarriari indarra emanen diote, eta jendeari halako goxotasuna ekarriko, atsedena, haria hobeki segitzeko».
MILITANTEA ERE BAI. Mahastietako harrabots horiekin musika berezia pentsatu dute, eta, nola ez, dantza berezia josi diote. Eta horrelako sorkuntzak asmatu dituzte, elkarren artean, taula zuzendariek: Eztitxu Alfaro, Antton Kurutxarri eta Jean-Marie Crouspeyre baigorriarrek, Johañe Etxebest zuberotarraren, Jose Cazaubon lapurtarraren eta Patxi Laborda Bilbaomusikako irakaslearen laguntzarekin. Horiek horrela, jokoetan arituko dira haurrak, eta neskak, berriz, mahai eta upelen gainean dantzan, saskiekin. Bi dantza ere kantatuak izanen dira, Bixente Hirigarai eta Gexan Alfarok egindako bertsoekin. «Euskal dantza da ikusgarriaren oinarria, baina mazurka eta scottish gisakoak ere sartu ditugu», nabarmendu du Crouspeyrek.
Mihimena ikusgarriarekin abiatuko da aurtengo Baigorriko Kulturaldia, Basaizea elkarteak antolaturik, Nafarroaren Egunarekin amaitzeko, apirilaren 27an. «Basaizeak eta Arrolak dute euskal kultura eta nortasuna atxiki Baigorrin, frantses giroak bere bidea egiten zuen batean», erran du Crouspeyrek. Pasarte sinbolikoak izanen ditu Mihimena-k, Baigorrik ezagutu duen militantzia suharra gogorarazteko. «Irudiak izanen dira, gaita hautsi bat bezala. Baina ikusleak zabaldu behar du. Bakoitzak bere Mihimena ikusiko du. Baina politikak lortu ez duen batasuna eta elkartasuna, dantzak lortu du». Baigorriko nortasuna Lapurdin eta Hego Euskal Herrian ere ezagutaraztea dute azken xedea.
«Mahatsaren denboraldiko irudiek jendeari halako goxotasuna ekarriko diote, haria hobeki segitzeko»
«Euskal dantza da ikusgarriaren oinarria, baina mazurka eta 'scottish' gisakoak ere sartu ditugu»
Jean-Marie Crouspeyre
Arrola dantza taldeko kidea
Dokumentuaren akzioak