Dokumentuaren akzioak
Baigorriko Arrola dantza taldeak 60. urteurrena ospatuko du bihar
Euskal Herri osoko dantza taldeak elkarretaratuko ditu
Besta handia antolatuko du Arrola dantza taldeak bihar Baigorrin. Hain zuzen ere, taldeak bere 60. urtemuga ospatuko du, eta ekitaldi franko antolatuko ditu eguna ospatzeko.
Arrola dantza taldea bigarren gerla denboran sortu zen . «Garai horretan, Ibaigorri izena zuen eta antzerki, dantza eta kantua egiten genituen», oroitu zuen Janbattit Bidartek, taldearen lehengo arduradunak. Domingo Martiarenakin batera, euskal dantzak ikasten hasi ziren Roblesekin, eta igande goizetan bildu egiten ziren beste gazteekin ikasitakoa erakusteko. «Kermezetan parte hartzen genuen, Alemanian ziren presoei laguntza emateko», gaineratu zuen. Zenbait urte beranduago, 1946an, neskak ere sartu ziren taldean, kabalkadak eskaintzeko, besteak beste.
Gerla zela eta, taldea urte batzuk gelditu egin zen , eta berriro abiatu zen Arrola izenarekin 1955an, parrokiak sortu zuen Bil Etxea izeneko gelaren inguruan. «Erretoreak galdegin zidan taldeaz arduratzeko, gazteak formatuz, eta, hala, taldea berriro sortu zen, denen laguntzarekin».
Arrola dantza taldeak errepertorioa luzatu du, eta zazpi probintzietako dantzak eskaintzen ditu. Hastapenetik, lehen txistulariak formatu zituen, baita Ipar Euskal Herriko lehen gaiteroak ere 70. urteetan.
Taldeari esker, hainbat dantza sartu dira Ipar Euskal Herrian, hala nola Baztango zortzikoa edo larrain dantza. «Larrain ikasteko, taldeko sei kide joan ziren Lizarrara duela hogei bat urte, eta orain ohartzen gara dantza plaza gehienetan sartu dela», azpimarratu zuen.
Gaur egun, 60 bat dantzarik eta hamar bat musikarik osatzen dute Arrola dantza taldea. Helduen taldean, 26 dantzari biltzen dira, eta 40 bat haur eta gaztek segitzen dituzte dantza eskolak. «Neskatoak mutikoak baino gehiago ditugu; beste dantza eskola guztietan bezala», azaldu zuen Jean Marie Crouspeyre, taldearen zuzendariak. Hala ere, 40 bat gazte biltzen dira urte guzian euskal dantzak ikastera.
Koreografia berria
Igandeko programari dagokionez, goizeko mezatik landa, kabalkada eginen da elizatik pilota plazaraino, Uztaritzeko txarangak alaiturik. Ehun bat dantzari izango dira kabalkada horretan. Eguerdian, ekitaldi ofiziala eginen du Herriko Etxeak, eta, dantza jauziak eman ondoren, bazkari herrikoia eginen dute.
Arratsaldean, berriz, Euskal Herri osoko dantzak ikusten ahalko dira pilota plazan. Aspaldiko adiskideak gonbidatu ditu taldeak, hala nola Larraineko Errege-txopitak taldea, Donibane Lohizuneko Begiraleak taldea, Baztango eta Otsagiko dantzariak, Bilboko Gaztedi taldea eta Gipuzkoak Kemen taldea. Arrola dantza taldeak, berriz, lehen aldikotz eskainiko du Claude Iruretagoienak sortutako dantza berria. Soka-dantza edo dantza korda oinarritzat harturik, koreografia sortu du Arrola taldearentzat.
Dokumentuaren akzioak