Dokumentuaren akzioak
Badator uholdea
Salbuespenak badaude, eta aipagarriak gainera. Miarritze da salbuespen sendoena, urte osoko dantza eskaintza baitu. Bilboko La Fundicion aretoa da hegoaldean dantza urte osora begira programatzen duen bakarra.
Euria -barkatu, dantza-, inoiz baino lehenago iritsi zaigu aurten, eta gainera soineko berriarekin. Martxoan, Damian Muñozen azken lana, Asiré, Miarritzen aurkeztu da. Asteburu horren atarian, Ballet Biarritz eta Gipuzkoako Diputazioak Mugaz Gaindiko Koreografia Zentroaren egitasmoaren berri eman dute. Miarritzeko baletaren egitura baliatuz, izaera nazionala duen lehen koreografia zentroa gauzatzea da egitasmoa. Gipuzkoako Diputazioak bi dantzari kontratatu ditu, Mikel de Irurzun eta Luisa Santos eta Miarritzeko baletak dituen 12 dantzariekin ari dira lanean. Lan horren emaitza, La Cambre d'Amour maiatzaren 13an estreinatuko da Miarritzen.
MAIATZEKO dantza zaparrada bezperetan egunkari eta aldizkariek giroa berotzeari heltzen diote. Horrela, urtero plazaratzen da atzerrian dauden euskal dantzarien zorigaiztoa, dantza alorrean zerbait egiteko kanpora irten beharra eta abar. Formazioa osatu eta profesionalki heldutasuna lortzeko atzerrira irten beharra berez ez da txarra. Beste kontu bat da gero itzultzeko aukerarik ez izatea. Alegia, kanpoan ikasitakoa Euskal Herrian konpartitzeko modurik ez izatea. Dantza hezkuntza urria daukagu eta atzerrian arrakasta dutenek beren etxean errekonozimendurik ez izateak sumindu egiten du. Horretan denok dugu ardura zati bat, erakundeek puska eder bat, komunikabideek beste puska bat, antzokietako programatzaileek, eta baita dantzariek ere. Erakundeek jartzen dituzten sos urriei errendimendua ateratzen jakitea eta produktua gizarteari saltzen jakitea ezinbestekoa da.
Horretaz ere badugu zer ikasia dantza tradizionalaren alorrean gabiltzanok. Berriz ere urte osoko ekitaldi garrantzitsuena, bai hartara emandako indar eta denborarengatik, eta baita horretan xahututako sosengatik maiatzaren 7an Donostian burutuko den Dantzari Eguna da. Barne kohesioa bultzatu eta gizarteari sektorearen indarra erakusteko aitzakian jarraitzen da antolatzen Dantzari Eguna, baina ezin ditu ezkutatu dantza tradizionalak hirugarren milurteari heltzeko dituen arazoak. Dantzariak eta dantza taldeak elkartu, ekimen bateratuak adostu eta erakundeetan aurkeztu eta defendatzeko ezintasuna nabari zaio dantza tradizionalari.
GAUZAK horrela, ez da harritzekoa erakundeek dirulaguntza sinbolikoak baino ez bideratzea bere burua kultur ondaretzat duen alorrerako. Dantza tradizionaleko irakasle profesionalak han eta hemen ari dira lanean baina ez dago horien perfila osatzeko ikasketa ofizialik, ez eta irakasle agiri ofizialik ere. Urteetako ahozko aldarrikapena den arren, ez da euskal dantza tradizionaleko konpainia profesionala osatzeko egitasmorik bultzatu, eta inork ekimen hori Jaurlaritzak bere gain hartuko zuela espero bazuen...Hirugarren milurtean antikuario eta fosil kolekzionisten artean sailkatuko al dira euskal dantzariak? Lan gogorra daukagu dantza tradizionala adierazpen ekintza dela frogatzen, mundu modernoko parte garela alegia, eta ez bakarrik iraganeko keinu eta mugimenduen bilduma. Banoa zuhaitz baten bila, gainera igo eta, itotzeko arrisku gabe, maiatzeko uholdea pasatzen ikustera...
Dokumentuaren akzioak