Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Badago zer erran euskal zinemaz»

Dokumentuaren akzioak

«Badago zer erran euskal zinemaz»

Kanalduden ikusgai dago 'Zinez' saioaren aurreneko atala, Josu Martinez zinemagilearekin grabatutakoa. Euskal zinemaz arituko dira, elkarrizketa «intimoen» bidez. Olasagastik esan du asko ikasten ari dela.
Egilea
Urtzi Urkizu
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2021/12/08
Lotura
Berria
KANALDUDE

Eskarmentu handiko dantzaria da Joana Olasagasti (Baiona, 1990). Bartzelonan ikasi zuen dantza, eta, Europako hainbat lekutan dantza egin ondoren, Euskal Herrira itzuli zen 2016an. Kanalduden haurrentzako dantza saio bat aurkeztu zuen iaz, konfinamendu sasoian. Poitiersko (Frantzia) egonaldi batean dela erantzun ditu galderak.

Eki Pagoagaren eta Loic Legranden ideia batetik abiatu da Zinez emankizuna. Nola iritsi zara zu proiektura?

Legrandek proposatu zidan saioa aurkeztea —iaz ere egin zidan beste proposamen bat—. Ohiko saio bat ez, bestelako zerbait zuen hark buruan: intimoagoa. Horrela atera da Zinez.

Josu Martinezekin egindako elkarrizketak eman dio hasiera programari. Tankerakoak izango dira hurrengo atalak?

Bai, berdintsuak izango dira, eta toki berean grabatuak. Euskal zinemaz aritu nahi dugu, baina ez promozioa eginez, baizik eta gonbidatuaren ikuspuntutik arituz. Gonbidatuaren inspirazioak zein diren, haren ibilbidea nolakoa izan den, zergatik ari den zinemagintzan... Nahi dugu pertsonatik aritu, eta ez filmetik.

Martinezek bere hurrengo lana aipatu du elkarrizketaren amaieran: Hitzak. Sortzeko bidean diren proiektuak ere aipatuko dituzue?

Bai, sortu direnak eta sortuko direnak. Gerorako zer plan dituzten ere azalduko dute elkarrizketatuek. Lehen hiru elkarrizketak Martinezekin, Ximun Fuchsekin eta Jean Larregarairekin egin ditugu. Sexuen oreka ere zaindu nahiko genuke, eta, horrenbestez, andreak iritsiko dira gero.

Lehengoarekin alderatuz, egungo euskal zinemak hausnarketa gehiagorako ematen du? 

Gero eta proposamen gehiago daude; geroz eta interesgarriagoa da euskal zinema. Badago zer erran eta zer egin euskal zinemaren inguruan. Publiko gisa ikusi nahiko genukeen emankizun bat sortzen saiatu gara.

Berriketan aritzeko patxada ematen diozue gonbidatuari.

Zinez sinesten dut Zinez-en lekua uzten diogula gonbidatuari bere ikuspuntua garatzeko. Luzatu daitezke, eta, aurkezle gisa, oso zaila egiten zait moztea. Kontu sakonak azaltzen dizkigute, kontu pertsonalak ere bai, eta orduak egon naiteke haiek entzuten.

Nola daramazu elkarrizketen prestaketa?

Dantzaria naiz ni, eta nire lanbidea ez da galderak egitea. Baina ikasten ari naiz, alde guziz. Hastapenean, prestaketan asko lagundu zidan Loic Legrandek. Duela bi urte Hazparneko [Lapurdi] Zinegin jaialdian egindako kronikak izan ziren niretzat zinemari lotutako lehen esperientziak. Beste arte diziplinekin interesatzea ederra da, oso aberasgarria. Baina ez naiz aurkezlea, eta dena dut ikasteko. Plazer handiarekin ari naiz, hala ere, lantaldearekin. Elkarrizketetan, bestalde, ezustekoak eman nahi dizkiegu gonbidatuei. Martinezek, adibidez, ez zekien zertara zetorren.

Iazko udaberrian dantza saioak egin zenituen haurrekin, Kanalduderentzat. Etorkizunean egingo zenuke dantzari buruzko emankizun bat?

Sekulako gogoarekin ibiliko nintzateke, plazer handiarekin. Bestetik, buruan dut dantzaren inguruko dokumental bat egitea. Gogoa piztu zait.

Dantzarekin lotutako zer film da zure kutunena?

Tomer Heymannen Mr Gaga. Ohad Naharin koreografo israeldarraren bizitzaren inguruko dokumental bat da. Sekulako filma da, zoragarria.

Dokumentuaren akzioak