Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka BAD jaialdia dela eta

Dokumentuaren akzioak

BAD jaialdia dela eta

Lehiatila

Egilea
Agus Perez, Antzerki kritikaria
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2006/11/07

Nik, ordea, ez dut triunfalismorako hainbeste motiborik ikusten, kontuan izanda hasierako gabeziak ez direla zortzi urte hauetan konpondu eta ez dirudiela konpontzeko bidean daudenik. Duda barik, haietariko lehena areto faltarena da. Zorionez, atzean geratu dira zinema arruntetan, Erriberako merkatuan eta Arriaga alboko karpan izandako emanaldiak. Zelako hotza pasatu dugun azaroko gauetan merkatuan, lagunok! Eta zelako lotsa Matarile bezalako konpainia handia baldintzarik gabeko karpa hartan antzezten!

Aurten gutxienez lokal itxietan izan dira emanaldiak, baina arazoak bere horretan dirau. Bilborock aretoa primerakoa izan daiteke rock kontzertuetarako, baina guztiz desegokia da antzerki edo dantzarako: antza denez, agertokia diseinatu zuenak arte eszenikoak baino boxeoa nahiago zuen eta lehen lerroetatik ez bada, mirari hutsa da eszenako zerbait ikustea, baina Bad Off-erako baliatu den San Frantzisko auzo etxeak are baldintza negargarriagoak dauzka. Areto falta arintze aldera, ikastetxe bateko gimnastika gela ere atondu dute, eta bere eskastasunean areto hura izan da hiruretan onena.

Egia da hiriko antzoki antolatu biak (Arriaga eta La Fundicion) BADen parte direla, baina argi dago haietariko bakoitzak oso bide definitua duela jaialditik kanpo ere eta egunotan antzoki horietan ikusi duguna berdin ikusiko genukeela BAD existituko ez balitz. Nire susmoa da ikusle arruntak ere pertzepzio berbera duela eta areto kaskarretan izandako lanak identifikatzen dituela benetako BADekin.

Alde horretatik, artifizialtasun edo handinahitasun apur bat hartzen diot nik jaialdi honi, gauza gehiegi bere baitan hartu nahi balu bezala edo goiko dekretutik jaioa balitz bezala, azken finean onartezina zelako Guggenheimen hiria eszena-basamortua izatea, lehen esandako antzoki finkoen salbuespena kenduta. Baina gabeziak gabezia eta zailtasunak zailtasun, ni pozik nago, betidanik predikatu dudalako gauzak ez direla egun batetik bestera lortzen eta nahiago dudalako basamortuaren loratze artifiziala basamortua bera baino.

Programazioa bera ere ez da bolanderak pizteko modukoa izan, batez ere kalitate gutxiko pieza lotsagarri batzuk ikusi direlako lan bikain askoren alboan. Hortik badauka zertan hobetu BADek eta baita ere debate edo mahai-inguruetan eta, zelan ez, giza harremanak zaintzen, benetako jaialdi giroa sortzen eta euskara bultzatzen. Izan ere, euskararen arloan lan guztia daukate egiteko, egitarauak kontrakoa dioen arren eskola-ume talde batek antzeztutako Txanpon magikoa izan delako euskarazko emanaldi bakar-bakarra.

Dokumentuaren akzioak