Dokumentuaren akzioak
Babian egotea
Orduz geroztik, bere ibilbidea ziztu bizian joan da. Orain 32 urte ditu eta heziketa akademikoa ia ez duela jaso esaten du: «Konpainia eta koreografo ezberdinekin lan eginez ikasi dut». Amets beroak izan zen bere lehenengo lan profesionala, eta orduz geroztik Valentzian, Donostiako A Deshorasen, Burgoseko Hojarascan, Suitzan... jardun du. Bere azken etapa horretan zazpi ikuskizunetan parte hartu du, «baldintza oso onetan, gainera». Hala ere, azkenean etxeko hariak indartsu tira egin dio, eta Donostian da berriro.Ertza izena du berak osatutako konpainia berriak. Bere asmoa hemendik aurrera egiten dituen proiektuak horren baitan bideratzea da. Hain zuen, horrela ekin dio Babia-ri. Babian egotea; guztiok dakigu zer den kanpoan gertatzen denaz ahaztea eta norbera bere barrualdean sartzea. «Hor aurrean daukagun emakume hori bezalaxe. Hemen dago, tabernan, baina ez dio jaramonik egiten inguruan duenari. Begirada hutsean galdua du, eta paretari begiratzen dio zuzen-zuzenean. Auskalo zer gertatzen ari den bere barrualdean».
Barruko egoerak
Elkarrizketa gertatzen zen unean ondoan zuen emakumeak bizi zuen egoera modu ezberdinetan azaldu nahi du ikuskizunak. «Izan ere, babia egoera batean ahots altuan hitz egin dezakezu, keinuak egin, begirada galdu, egoerak imajinatu, amets egin...».
Ertza taldearen lan berriak pertsonaia ugari jartzen ditu egoera horretan. Pertsonaia ugari eta egoera ugari. Horiek guztiek ez diote hari narratibo bati jarraitzen, elkarren artean lotuta doazen sekuentziak dira: «Hala ere, bada guztiak biltzen dituen amaiera bat, nahiz eta ez den oso agerikoa».Zabaletak atsegin duen gisa, dantzak eta antzerkiak bat egingo dute ikuskizunean. «Gustuko dut jarduera batetik bestera jauzi egitea eta jarduera bakoitzeko elementuak erabiltzea». Hala, parte-hartzaile guztiak antzerkian zein dantzan aritutakoak dira. «Batzuk aktoreak dira, baina badakite dantzaz; eta beste batzuen kasuan, justu alderantziz».
Euskal Herrian finkatzeko helburuarekin
Dantzari donostiarrak aro berri bati ekin nahi dio Babia ikuskizunarekin. Bere lehenengo asmoa da Euskal Herrian finkatzea eta bere proiektua bertan garatzea. Ez du kanpora begiratu nahi; etxetik hasi nahi du lehenengo urratsak ematen. «Badakit agian utopiko samarra naizela, baina beste herrialde batzuetan gertatu da aldaketa. Hasieran gu bezala zeuden, eta gero sortu dute beren publikoa, sortu dute zirkuitua eta sortu dute merkatua... Agian guk ere egin dezakegu hori».
Hain zuzen, Babia filosofia horrekin bat eginez sortu da. Obrak testu gutxi du, eta dantzariek esaten dituzten hitzek ez dute esanahi jakin bat. «Hitz solteak dira, pertsonaiek egiten dituzten hitz jokoak». Baina guztiak euskaraz edota gaztelaniaz esanda daude. Modu naturalean hartutako erabakia dela dio Zabaletak, eta badaki horrek etxean lan egitera behartuko duela, hein handi batean. «Baina ez hizkuntzarengatik bakarrik, pieza osoa hemengo jendean eta hemengo gizartean oso kokatua baitago».Emanaldiaren garaian, Zabaleta oraingoan agertokiaren atzean geratuko da. Nahiago izan du zuzendari lana egin, «fidelagoa» izateko eta «gauzak hobeto ikusteko». Buru-belarri ari da. Eszenografia, banaketa, elkarrizketak, entseguak...
'Babia'
Zuzendaritza: Asier Zabaleta. Dantzariak: Pilar Andres, Iñigo Iraultza Garcia, Maria Ibarretxe eta Jorge Lastra.
Eszenografia: Iñigo Leon. Koreografia: Asier Zabaleta, beste dantzarien laguntzarekin. Produkzioa: ERTZA. Estreinaldia: Bihar eta etzi, 20:30ean, Bilboko La Fundicion aretoan.
Dokumentuaren akzioak