Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Azpitartetarrak nagusi dantzaren 'katedralean'

Dokumentuaren akzioak

Azpitartetarrak nagusi dantzaren 'katedralean'

Azkoitiko bikoteak bigarren aldiz irabazi du euskal herriko dantza suelto txapelketa. Segurako Baratze pilotalekuan jokatu zen txapelketako epaimahaiak irabazleen "arintasuna" nabarmendu zuen

Egilea
Joseba Imaz
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Segura
Mota
Albistea
Data
2006/06/19

Dantza sueltoaren katedrala jendez gainezka zegoen atzo arratsaldeko 18.00etarako, denak dantzarien erakustaldia noiz hasiko irrikitan. Aldageletan, berriz, kriskitin soinua entzun zitekeen, parte-hartzaileak azken beroketak egiten ari ziren seinale. Eta hala, ordua iristean, hamabi bikoteak banan-banan tranpaldora igotzen joan ziren. Jon Ander eta Edurne Azpitarte izan ziren dantzatu beharreko arin-arin eta fandango doinuekin lehendabizi hankak bizi-bizi mugitu zituztenak.

Bizkaitik gerturatu ziren ordezkari bakarrek, Arkaitz Pascuas eta Nagore De las Cuevas sestaotarrek, itxi zuten partaidetza, gainontzeko partaide guztietatik desberdindu zituen dantza egiteko modu berezi batekin. Epaileek beren lana egiten zuten bitartean, Ziklus Dantz ikuskizuna eskaini zuen dantzari eta perkusionista talde batek; aurreko dantzari guztiek bezala, azken horiek ere txalo zaparrada handia jaso zuten.

Azkenik, Nestor Basterretxeak eginiko eskultura famatua Azpitarte anai-arrebek altxatu zuten Baratze pilotalekuan, iaz gertatu zen moduan. Eneko Gil eta Nerea Vesga errenteriarrak geratu ziren bigarren, eta Aitzol Ena bergararra eta Miren Illarreta donostiarrak osatutako bikotea, hirugarren. Janzkera onena luzitu zuten partaideak Xabier Segura eta Lierni Martiarena hernaniarrak izan ziren.

Txapelketaren "maila ona" nabarmentzeaz gain, Joxe Juan Ugalde epaimahaikideak eta adituak txapeldunen "esperientzia izugarria eta urte askotako eskarmentua" aipatu zuen. "Beren ezaugarria dantza erraz egitea da, aire eta indar handiz. Oso dantza zaila oso erraz egiten dute", gaineratu zuen. Gainera, zenbait "ikutu berezi" sartu omen zituzten beren urratsetan.

Dokumentuaren akzioak