Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Azpitarte anaia-arrebak, hirugarrenez irabazle Segurako dantza txapelketan

Dokumentuaren akzioak

Azpitarte anaia-arrebak, hirugarrenez irabazle Segurako dantza txapelketan

Bigarren postua Errenteriako Nerea Vesga eta Eneko Gilentzat izan zen

Egilea
Andoni Etxeberria
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Segura
Mota
Albistea
Data
2007/06/18

Azpitarte anaia-arrebak hirugarren aldiz jarraian gertatu direnez txapeldun, Basterretxearen eskultura Azkoitiko Udalaren jabegora igaro da. Irabazleek saritan jaso zituzten baita ere 700 euro, txapela, lepokoa, euskal makila, oroigarriak eta lau bidaia.

Ohizkoa den moduan, bikote parte-hartzaileek fandangoa txistuz eta arin-arina trikitixaz dan-tzatu zituzten, biak zortzi pausokoak, eta epaimahaia Euskal Dantzarien Biltzarreko Joxe Joan Ugalde, Jesus Mari Garate, Rafa Salaberria, Joxe Antonio Atxukarro eta Gabriel Alonsok osatu zuten. Epaileek dantzarien erritmoa, bien arteko berdintasuna, zailtasuna eta dantzaren osotasuna baloratu zituzten

Azpitarte anaia-arrebak oso pozik zeuden lortutako garaipenarekin eta dantza jardunean gustura aritu zirela zioten. «Azken bi urteetan irabazita presio txiki bat bagenuen eskultura Azkoiti aldera eramateko, baina asko entrenatu dugu, urrats pare bat berriak ere sartu ditugu eta konfiantzarekin aritu gera. Bizi guztia daramagu dantza askatuaren inguruan eta, sari hau guretzat oso inportantea denez, trofeoak gurasoei eskaini nahi dizkiegu, beraien laguntzarik gabe ez baikenuen ezer lortuko. Asko gustatzen zaigu sueltoan dantzatzea, gazte sentitzen gara eta, garaipenak jarraitzeko indarra ematen digunez, hurrengo urtean ere hemen izango gara».

Atzokoarekin letra handiz pasa dira dantza askatuaren historiara Jon Ander eta Edurne , lehiaketa hiru alditan irabazi duten bikote handienen alboan, hain zuzen, Lezoko Joxe Joan Ugalde eta Lourdes Esnaola (1981-82-83), Donostiako Antton Mendizabal eta Amaia Illarreta (1989-90-91), Bergarako Edu Muruamendiaraz eta Amaia Agirre (1992-93-94), Azkoitiko Kimetz Larrañaga eta Eneritz Epelde (1998-99-2000) eta Hernaniko Parrondo anai-arrebak (2002-03-04).

Atzoko lehiaketan hamabi bikotek parte hartu zuten, bederatzi gipuzkoarrak, bi bizkaitarrak eta bat Nafarroakoa. Puntuazioari dagokionez, Azpitarte anaia-arrebek 382,25 punturekin lortu zuten garaipena. Eneko Gil eta Nerea Vesgari 359 puntu eman zizkieten epaileek eta 341,75 Mikel Igartua eta Ibane Basetari.

Jantzien dotorezia nabarmentzeko sariketa ere ohizkoa da txapelketa honetan eta atzokoan lehen saria Eneko Gil eta Nerea Vesgarentzat izan zen, eta Hernaniko Xabier Segura eta Lierni Martiarenak irabazi zuten bigarren saria. Bikoterik gazteena Ordizia eta Olaberriko Jon In-txausti eta Iera Maizak osatutako izan zen, eta gazteetan ongien sailkatutako bikotearentzat gorde-tzen den Gillermo Areizaga saria Azpeitiko Jon Ibarguren eta Estibaliz Arangurenek irabazi zuten.

Atsedenaldian eta epaimahaiak sailkapena egiten zuen bitartean, Jon Maiak zuzentzen duen Kukai konpainiak Taupadak ikuskizuna eskaini zuen eta, dantza jaialdia borobiltzeko, Euskal Dantzarien biltzarrak Hernaniko Sarriegi familia omendu zuen. Sendiko zenbait belaunalditako hamabi kidek jaso zuten omenaldia.

Azpitarte anaia-arrebak, hirugarrenez  irabazle Segurako dantza txapelketan
Jon Ander eta Edurne Azpitarte atzo, garaikurra eskuetan dutela. [MIKEL FRAILE]

Dokumentuaren akzioak