Dokumentuaren akzioak
Azpitarte anai-arrebak dira Euskal Herriko Dantza Sueltoko txapeldun berriak
Lehia bizi-bizia izan zen Seguran; azkoitiarren ondoren sailkatu ziren Asier Ena eta Maite Lazkano bergararrak eta Eneko Gil eta Nerea Vesga errenteriarrak
Baratze pilotalekuan aritu ziren hamabi bikoteen artean ez zegoen faborito garbirik. Izan ere, azken urteotan bezalaxe, punta-puntako lauzpabost bikote, behintzat, lehiatu ziren, eta horietako edozeinek eraman zitzakeen Nestor Basterretxeak diseinaturiko garaikurra eta horrekin batera doazen gainerako opariak.
Azkenean, epaile guztien puntuak zenbatu eta Jon Ander eta Edurne Azpitarte anai-arreba azkoitiarrak nagusitu ziren, 375,25 punturekin. «Horiek azken urteotan ate joka ibili dira, eta, aurten, irabazi egin dute», adierazi zion GARAri Joxe Juan Ugalde epaileak eta Euskal Dantzarien Biltzarreko Dantza Sueltoko koodinatzaileak. Lehia bizi-bizia izan zela nabarmendu zuen Ugaldek. Izan ere, bigarren geratu zen bikoteak, Asier Ena eta Maite Lazkano bergararrenak, 372 puntu lortu zituen. Ena eta Lazkano iaz ere bigarren geratu ziren; 2001ean txapela jantzi zuten. Beraz, puntako bikotea.
Eneko Gil eta Nerea Vesga errenteriarrak, 359 punturekin, hirugarren sailkatu ziren; eta Aitzol Ena bergararra eta Miren Illarreta donostiarra, 357,75 punturekin, laugarren. Ondoren sailkatu ziren Alex Torre-Josue Fernandez (Bergara, 327), Xabier Azurmendi-Janire Urbieta (Zegama-Bergara, 316), Arkaitz Pascuas-Nagore de las Cuevas (Sestao, 308), Xabier Segura-Lierni Martiarena (Hernani, 307,75), Xabier Etxaniz-Leire Larrañaga (Azkoitia, 294), Joseba Apaolaza-Irati Imaz (Arama-Lazkao, 293,25), Aritz Martin-Maialen Olazabal (Sestao-Mendaro, 284,75), Mikel Igartua-Ibane Baseta (Bergara, 260).
Sari gehiago ere izan zen. Mikel Igartuak eta Ibane Basetak bikote gazteenari dagokiona eraman zuten. Jantzi onenarena, berriz, Xabier Segura eta Lierni Martiarena hernaniarrek; bigarrena, Eneko Gil eta Nerea Vesga errenteriarrek.
Baratze pilotalekua beteta eta giroa primerakoa izan zen. Aurkezlearena egin zuten Imanol Artolak eta Itxaso Martinek. Trikia Joseba Iparragirrek eta Ander San Josek jo zuten; txistua, berriz, Isilkara taldeak.
Presoen alde
Txapelketaren erdian-edo, pertsona talde bat minutu pare batez oholtza aurrean jarri zen preso politikoen argazkiekin eta apartheida salatzen zuen pankarta batekin. Ekintza txalotu egin zuten ikusentzuleek.
Euskal Telebistak Segurako Txapelketa oso-osorik grabatu zuen eta hilaren 25ean emitituko du, gaueko 10etan.
Lan berria aurkeztu zuen Aukeranek
Urtero bezala, atzokoan ere, epaileek erabakia hartu bitartean, Edu Muruamendiarazek zuzentzen duen Aukeran taldeak koreografia berri baten estreinaldia egin zien opari Baratze pilotalekura bildutakoei. Kutxartean lanaren atal bat eskaini zuten. Kaxarrankan oinarritutako oso lan ikusgarria da, perkusio bizia lagun duena. Txalo zaparrada handiarekin eskertu zuten ikusleek. Kutxartean Madrilgo Albeniz antzokian aurkeztuko du Edu Muruamendiarazek hilaren 23 eta 24an, Madril Hiria Koreografia Lehiaketaren barruan.
«Geldialdiak-eta guk asmatuak dira»
Jon Ander eta Edurne AZPITARTE | Dantzariak
Jon Anderrek 25 urte ditu eta Edurnek, berriz, 22. Aparejadorea da mutila, eta Telekomunikazio Goi Ingenieritza ikasten ari da neska. Oholtzatik jaitsi bezain pronto harrapatu ditugu, opari guztiak eskuartean dituztela. Izerditan blai, pozez zoratzen daude. Oraindik ez dute dutxa hartzera joateko astirik izan, bai, ordea, gertukoei botila bat txanpain freskatzen jar dezatela eskatzeko.
Azken urteotan lehendabizikoen artean sailkatu zarete, baina aurten argi eta garbi irabaztera etorri zaretela ematen du.
Jon Ander: Egia esan, iaz lehendabizikoen artean sailkatu baginen ere, ez ginen gustura geratu, eta, bai, aurten gogo handiarekin etorri gara.
Zuen dantza egiteko moduaren ezaugarrietako bat jendeak txaloen bidez nabarmen eskertu duena, gainera, geldialdi edo erritmo aldaketa txiki horiek dira. Non ikasi duzue hori?
Edurne: Horiek denak guk asmatuak dira.
Noiztik egin duzue dantza?
E: Txiki-txikitatik...
J.A.: Bospasei urte genituela hasi ginen, eta geroztik geratu gabe ibili gara.
Dantza talderen batean aritzen al zarete?
J.A.: Ez, soil-soilik txapelketetan ibiltzen gara. Orain, uda partean, dezentetan hartuko dugu parte.
Oholtza gainean egiten duzuena egiteko prestakuntza halamoduzkoa izango da.
J.A.: Negu partean geldi samar egoten gara. Urte hasieratik, berriz, gogor hasten gara entseatzen.
E.: Eta azken hilabeteetan, berriz, ahal den gehiena egiten dugu, berdin da zenbat.
Dokumentuaren akzioak