Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Azkenean eginen da maskarada

Dokumentuaren akzioak

Azkenean eginen da maskarada

Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2012/01/27
Lotura
Iparraldeko Hitza

Azken iragarpena Zuberoako ikastoletako ikasle ohiek egin dute, apirileko bost igandeetan maskarada eskainiko dutela erabaki baitute. Aurtengo maskaradak hasia izan behar luke, baina iragarpen eta ezeztatzeen artean denbora pasa da. Halere, heldu diren bi hilabeteetan maskarada bat plantan ezartzea bere gain hartu du XIIO Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohiak elkarteak.

"Hasieran, gure taldeko batek erran zuen ez zuela sekula maskaradarik eginen, bere herrian ez baita dantzaririk, eta erran genion ikasle ohien artean egin behar zela". Bettan Bordagarai Urdiñarbeko gazteak hitz horiekin esplikatu du xedearen abiapuntua. Haien inguruan beste hiruzpalau lagun bildu, eta deialdia hedatu zuten. Joan den astean egin bilkura batean, hogeitik gora izen zerrendatu, eta abiatzeko erabakia hartu zuten.

Hainbat herritako gazteak bilduko dira beraz aurten, gisa batez tradizioarekin hautsiz. Bordagarai antolatzaileak argi du kritikak izanen direla: "Segur da batzuek zerbait erranen dutela, kexu edo jeloskor izanen direla, baina egin nahi dugu, eta orain hasi gara prestatzen".

Parte hartzaile euskaldunak

Aurten, aldiz, aitzineko urteei konparatuz, ezingo da kritikatu euskararen ezagutzarik eza. Herri batzuetan, maskaradak antolatzeko zailtasuna bilakatzen ari delarik aski gazte euskaldunen biltzea, aurten denak euskaldunak izanen dira, Kabanatik dantzarietara, medikua barne.

Bordagaraik ez du lehentze parte hartuko zuberotar ihauterien ospakizunetan, bere herriarekin, Urdiñarberekin, dantzari izan baitzen maskaradan. Euskara erabiltzeko parada ikusten du plazaz plazako ibilian: "Euskaraz aritzeko parada galdua nuen, eta herrietara joatean ene herriko gazte batzuk emeki-emeki berriz hasi ziren hitz batzuk ematen, eta euskara, nonbait, berpiztu zen. Hori zen helburua, eta kausitu genuen ene ustez".

Urdiñarbetarrek bezala, ikasle ohi batzuek ukan zuten, haien herrietan, maskaradetan aritzeko parada. Horrek, dudarik gabe, gazteak lagunduko ditu epe laburrean egiten prestaketa lanak.

Apirilaren 1ean abiatuko direla iragarri dute, eta bost herritan ibili behar lukete, aldaketarik ez bada. Nahiz eta iragan asteko bilkuran zein herritara joan bozkatu zuten denen artean, herrien erantzunak ukan arte ez da jakinen nora joanen diren. Haatik, Basabürüan (Atharratzeko kantonamendua) eta Pettarran (Mauleko kantonamendua), bietan ibiliko direla argitu dute.

Larunbat honetan eginen dute lehen trebaketa, Maulen. Lehena haien artean eginen badute ere, kanpoko laguntzaile batzuei dei eginen diete, maskarada antolaketan ez baitute esperientziarik. Bereziki dantzetan izaten da prestaketa lan handia egiteko, baina ikasle ohien artean badira dantzariak eta trebatzaile gisa arituak direnak ere.

Ikasle ohien dinamika

Joan den urtean, XIIO elkarteak Olaz Ola ikuskizuna antolatu zuen Seaskaren berrogei urteak ospatzeko. Iaz abiatu ibilbideak "ikasleak berriz elkartzeko, belaunaldi ezberdinen artean ezagutzeko" balio izan zuen, Maite Davant elkarteko kidearen arabera. Dinamika horrek jarraikia ukan dezan "begi onez" ikusten du.

Iaz, berrogei bat ikasle ohi bildu ziren, eta Davantek hizkuntzarekiko duten lotura azpimarratu nahi du: "Herrietan euskaraz ari direnak, gehienetan, ikastoletako ikasleak edo ikasle ohiak dira. Sei hilabetez euskaraz bizi izan ginen; bilkurak, entseguak eta besta, dena euskaraz egin genuen, eta naturala zen".

Hori kultur ekintzetan ere sentitzen dela dio XIIOko kideak: "Kantatzea edo predikuak egitea aiseago da euskara menperatzen delarik". Gainera, ikasle ohien dinamika aitzina joateak plazer egiten dio "erakusten baitu ikastolek duela berrogei urte landatu zuten haziaren fruitua".

Lagunarteko dinamika horrek euskarazko sorkuntza ahalbidetuko du, beraz, aurten ere. Halere, Olaz Ola ikuskizunaren bilana egitean, Davantek botere publikoen laguntza eskasa ere aipatu du: "Laguntza teknikoa bai ukan genuen, baina sosez laguntzeko bakarrik bi herriko etxeren laguntza ukan genuen".

Maskarada batek gutxienez ez du sos laguntza beharrik, eta gogotsu abiatu dira gazteak. Orain, bi hilabetez arropen bila, paperak banatzen eta dantzak lantzen ariko dira, besteak beste, ikastoletako ikasle ohiak. Larunbatean, lehen saioa dute; apirilean, lehen emanaldia.

Dokumentuaren akzioak