Dokumentuaren akzioak
Azken gauean dantzan
Heriotzaren eta bizitzaren inguruko gogoeta aitzakiatzat harturik, Moare eta Amarauma taldeek Ixiar Rozasekin batera, Gau bakar bat dantza-antzerki pieza sortu dute. Larunbatean, Irunen estreinatuko da
Azken gau horren gainean gogoeta egiteko proposamena luza-tzen dio ikusleari Gau bakar bat dantza-antzerki lanak. Moare eta Amarauma dantza taldeek Ixiar Rozasekin batera egindako obra da. Asteburuan, larunbatean, Irungo Amaia Antzokian estreinatuko dute, euskaraz.
Duela urte bi Ixiar Rozasek idatzitako antzezlana du abiapuntu Gau bakar bat piezak. Moare dantza taldeko Idoia Zabaletaren eskuetara heldu zen testua. Obra horretako pertsonaietako batek hitzekin baino dantzarekin adierazten zituen sentimenduak. «Lan guztia dantzara eraman zitekeela pentsatu nuen ekarri du gogora Idoia Zabaletak baina antzerkia zenez, Amaraumako Gabriel Ocinarengana jo nuen laguntza eske».
dantza eta antzerkia
Eusko Jaurlaritzaren dirulagun-tza jasotzeko eskaera egitea izan zen hurrengo urratsa. Ohartu orduko urtebete joan zen laguntza jaso zutenerako. «Berriz irakurri nuen orduan testua. Niretzako gehiegi zela konturatu nintzen. Ez dut antzerkiaren lengoaia menperatzen eta ez nekien nola lan egin», esan du Zabaletak.
Aurtengo maiatzean Sevillara joan ziren, hilabetez piezan buru-belarri aritzeko asmo sendoarekin. «Dantzari eta antzezle taldea elkartu genuen kontatzen du Ixiar Rozasek eta lana presta-tzen joan ginen. Bakoitzak bere lana egin zuen: nik testua egokitu nuen dantza egin ahal izateko eta dantzariak inprobisazioarekin hasi ziren beraien kabuz».
Hasierako testuak aldaketa ba-tzuk izan zituen, horietako bat pertsonaia kopurua izan zen eta azkenean laura mugatu zen. Saioa Ibañez, Gabriel Ocina, Miren Gaztañaga eta Amaia Pascual dantzariak dira taula gainera igoko diren dantzariak. Azken gauaren ideiaren aurrean mugituko dira 50 minutuz.
Pieza «dentsoa, iluna eta gordina» dela pentsatzen du zuzendariak. Hala ere argitik ilunerako joan-etorriak ere badaude, pertsonaia batzuk argitasuna nahiago izango dute eta beste batzuk iluntasuna.
heriotza eta bizitza
Heriotzaren eta bizitzaren arteko hausnarketa baten aurrean topatuko du bere burua publikoak. Munduaren azken gau horretan ez da efektu berezirik edo txikiziorik ageri, gaia aitzakia bat besterik ez da-eta. «Ez da batere tremendista. Irailaren 11koa baino lehen egin nuen eta gertatu zenean pentsatu nuen ez nengoela hain urruti. Heriotza eta bizitzari buruzko gogoeta dago, nire ustez beharrezko gogoeta dena», azaldu du Rozasek.
Olerki luze baten egitura du piezan entzuten den testuak, tarteka dantzarekin ere nahastuko dira hitzak. Lan prozesuan galdera abstraktuetara jo dute, pertsona bakoitzarengana. «Norbanako bakoitzaren beldurrak non dauden, ezinegona, hormak non dauden identifikatu dugu. Pareta horiek apurtuz gero zer aurki daitekeen, nola jarrai daitekeen sakondu dugu», azaldu du Idoia Zabaletak. «Hutsunearen inguruan aritu gara», gaineratu du.
Sevillan emandako asteetan inprobisazioa oinarri zuen hainbat material batu zuten, handik esentzialena atera zuten. Hori guztiori ordenatzea eta antolatzea izan zen hurrengo pausua. Argiak eta musika izan ziren azkenengo elementuak. Kepa Elgoibarrek pieza honetarako beren-beregi sortutako musika egin du. Argiztapenaz David Antzuola arduratu da: «Argiek asko lagundu dute giroa lortzen, giro ilun eta atenporala», esan du Zabaletak.
pieza irekia
Gau bakar bat antzezlana planteatu zuenean «erabat irekia» egin zuenean Ixiar Rozasek: «Askotan antzerkia idazten duzunean ez dakizu zertan bilakatuko den. Pozik nago nola geratu den». Orain hau da, eta gero...
Lan prozesua oso aberasgarria izan dela onartzen dute bai Idoia Zabaletak bai Ixiar Rozasek ere. Mugitzeko lengoaia gauzarik bereziena dela uste du dantzariak, «lengoia hibridoa da, antzezleekin lan egiten dudan lehen aldia da». Obra sinbolikoa da, esanahiz betea. Idazlea pozik dago prozesu guztian parte hartzeko aukera izan duelako, ez baita ohikoa.
Moare Ikerketa eta dibulgazioa
Moare Danza dantza eta gorputzaren hizkuntzen elkarte bezala sortu zen 1992an, Gasteizen. Mariaje Ariznabarreta, Idoia Zabaleta eta Leticia Moralesen ekimena izan zen. Dantza Berria eta Contact Inprobisazioaren etengabeko ikerketa egin dute urteotan. Lanak: Conversaciones, Runas, Surco, Motz, La Puta Inocencia, El rato de José eta Zeru urdina . Euskal Herrian eta Espainian egin dituzte emanaldiak, baita Parisen, Uzbekistanen, Kyrgyzstanen edo Mongolian.
Ixiar Rozas Poesia, antzerkia, ipuina
Kazetaritzan lizentziaduna da. Idazlea eta gidoigilea. Eleberria, ipuina, poesia eta antzerkia landu ditu. Edo zu edo ni, Sartu, korrontea dabil, Luego les separa la noche eta Gau bakar bat lanak argitaratu ditu. Hizkuntza eta disziplina ezberdinek pizten dioten interesak bultzatuta, Memorie Periferiche eta Periferiak enkontruak sortu eta sustatu zituen.
Amarauma Mugimenduaren azterketa
Duela hiru urte sortu zen Amarauma Danza. Amaia Pascualek, Rosana de la Fuente eta Gabriel Ocinak Muelle 3 estudioan mugimenduaren inguruan egindako lanaren ondorioa da Amarauma egitasmoa. 2002an Manía euren lehenengo koreografia aurkeztu zuten eta ondoren Hueco. Biak Euskal Koreografo Gazteen Erakusketaren barruan eratu ziren.
«Programazio gutxi dago. Zaila da dantza saltzea»
Udan, Santiagon, En Pe de Pedran egin zuten 25 minutuko bertsioa izan zen Gau bakar bat obraren lehenbiziko emanaldia. Donostiako Antzerki Azokan ere taularatu behar zuten baina egitarau osoa bertan behera geratu zen. Datorren larunbatean Irungo Amaia An-tzokian izango da, beraz, estreinaldia. Handik astebetera, hilaren 31n, Bilboko Erriberako merkatuan izango dira BAD jaialdiaren barruan. Irunen euskaraz egingo du
te eta Bilbokoa gaztelaniaz.
Hitzordu bi hauen ondoren gehiago adostea ez dela erraza izango pentsatzen dute. «Programazio gutxi dago, oso zaila da dantza saltzea», adierazi du Idoia Zabaleta zuzendariak. Berak egiten duen dantza estiloaren gainean ere badu zer esanik: «Ezin dut dantzari esperimental-berezi klitxe horretatik atera, hor kokatu naute eta jendeari kostatu egiten zaio hurbiltzea. Badakit egiten dudana ez dela denengana helduko, baina pentsatzen dut ikusle potentzialak hor daudela». Aretoek gurago dituzte produkzio handiak, errazago eskaini daitezkeenak egitarauetan. «Ni dantzaria naiz dio Zabaletak ez dakit nola saldu nire lana eta ez daukat dirurik promozioa eramango duen norbait kontratatzeko».
Dantza taldeek jasotzen duten dirulaguntzek ere beraien aukerak nabarmen mugatzen dituzte. 10.000 euro izan dituzte Gau bakar bat egiteko, baina horrekin hilabeteko lana soilik ordain daiteke.
Ia urtero, aurkezten diren baino dantza pieza gehiago sor-tzen dira Euskal Herrian. 2005. urterako zortzi bat lan egingo dira eta denen artean banatu beharko dituzte Eusko Jaurlaritzak ematen duen 60.000 euroko laguntza. «Gauza serio bat egin nahi baduzu ez zaizu heltzen». Eszenografia, musika, banaketa edo produkzioa ordaintzea ezinezkoa da.
Dokumentuaren akzioak