Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Azken gaua, edozein gau

Dokumentuaren akzioak

Azken gaua, edozein gau

Kritika, Gau bakar bat

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2005/03/13

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolaturiko Dantza Garaikidearen I. zirkuituan ikusi dugu Gau bakar bat izeneko pieza. Izatez testua zena Ixiar Rozasek idatzitako antzezlanaren ondorengo poema sorta Idoia Zabaleta koreografoaren eskuetan jausi eta diziplina arteko proposamena bihurtu da, sortze prozesu sakon baten ostean.



Jatorrizko aitzakia azken gaua bada ere, ikusleak ez du topatuko emanaldian zehar gaiarekiko lotura zehatzegirik, baina bai, ordea, beste zenbait gogoeta garratz eta sakon existentziaren hutsuneaz eta munduko bidegabekeriak pertsona sanoengan sortzen duen ezinegonaz. Bilboko Laressistens lokalean duela gutxi izandako saioan euskarazko testuekin gozatzeko parada izan genuen, baina oraingo saioan ez dakit zergatik erdaraz izan dira. Kontsolamendu moduan, jakin beharra dago egileak berak itzultzen dituela olerkiak eta berak hori ere pizgarritzat jotzen duela, euskarazko testuak beste ikuspegi batetik kontsideratzeko.Zabaletak, aldiz, hitzak hartu eta haien arteko edo gaineko egoerak eta pasarteak diseinatu ditu, dantzarien inprobisazioen gainean. Testuak berez hermetiko samarrak direnez, mugimendua ere hertsia izan da eta kontzesiorik gabea edertasun errazari begira. Interpreteen aldetik, apropos bilaturiko soiltasuna eta euste eszenikoa izan dira zuzendariak sustatu dituen ezaugarri nagusiak.



Horrela izanik, mugimendu txikiak, egoera erdi onirikoak behetik husten den arroz paketea, buruki hegalariak... eta pasarte sinboliko ilunak erabili dira gehienbat. Une jakin batean bereziki esanguratsua izan da besteen gorputzen erabilera ate ikusezinak zeharkatzeko edo eremu berrietan sartzeko, eta indar handikoak iruditu zaizkit Gabriel Ocinaren bakarrizketa asaldatua eta Miren Gaztañagaren solo adoretsua, ahaztu barik, jakina, Saioa Ibañezen estilo lasai eta elegantea eta Amaia Pascualen kemena eta irmotasuna.



Amaitzeko, Kepa Elgoibarren musika aipatu behar dugu, bere soinu delikatuekin batzutan Giant Sand-en antzekoak, batzutan esperimentazio hutsetik hurbilagoak hari gidariarena egin duelako azken gauari buruzko ariketa poetiko honetan.

Dokumentuaren akzioak