Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Azerien jolas dantzagarria

Dokumentuaren akzioak

Azerien jolas dantzagarria

'Axeri-boda' dantza ikuskizuna estreinatuko du Argia taldeak igandean, Arriaga antzokian

Egilea
Xabier Martin
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2008/02/22

«Lan handia da hau guztia. Axeri-bodaren esaera zaharra oinarri hartuta sortzen ari gara. 'Eguzkia eta euria, axeri-boda' esaten dugu, eta adiera horri begira ari gara lanean». Azeri dantza aspaldikoa da Hernanin, Andoainen, Adunan, «eta garai batean baita Lekeition ere». Baina hau berria da, «berritzailea ere bai». Hori garbi gera dadin nahi du Urbeltzek. Euria eta eguzkia batera ikusten direnean axeri-boda dagoela dioen ohitura horrek euskal mugak gainditzen ditu, gainera. «Akira Kurosawaren Ametsak filma ikustean ohartu nintzen horretaz, han ere erreferentzia egiten baitzaio gai horri». Eta, hain zuzen, Japoniari begira bukatzen da Axeri-boda, Okinawako kantu tradizional batekin.

Axeri-boda otsailaren 24an estreinatuko dute Bilboko Arriaga antzokian (20:00etan), igandean. «Jendea pozik dago, estreinaldiaren atarian gaudelako lan handia egin ondoren. Bi urte eman ditugu hau prestatzen. Sortze prozesua lehenagokoa da, ordea, duela urte asko hasi bainintzen ikuskizun honetan pentsatzen. Kontua da ideiei euren bidea egiten uzten dietela; eurak bakarrik, modu naturalean ez badatoz, ez du merezi».

Argia taldeak 41 dantzari jarriko ditu agertokiaren gainean 75 minutuko lanean, asko beste talde batzuetakoak, tartean Elgoibarko Haritz, Eibarko Kezka eta Iruñeko Duguna taldekoak, baita zazpi musikari ere. Axeri-boda-k hamar atal biltzen ditu, hamar agerraldi. Dantza tradizionalak dira koreografion funtsa, soka dantza, ingurutxoa, makil dantza... «Azeri mozorroekin azaltzen gara agertokira, batzuk azeri gorriak dira eta beste batzuk azeri beltzak. Zuberoako maskaradan agertzen da dikotomia hori, eta guk ere erabili dugu, oinarrian izaera desberdineko ikuskizunak diren arren. Inauteri jolas komun horretan, dantza ugari egiten ditugu».

 

HABANERAK, JAUZIAK ETA GEZIAK. Euskal dantzaren tradizioaren osagai ezagunak hain ezagunak ez diren beste hainbatekin nahastu ditu Urbeltzek. Esaterako, habanera generoa agertzen da Axeri-boda-n, baita jauzi arriskutsuak eta giza-dorreak ere. «Badute bere oinarria dokumentazioan. Iztuetaren azalpenak dio azeri dantza egitean plazan uztai bat zintzilikatzen zutela sokarekin, eta dantzariek jauzi arriskutsuak egiten zituztela ikusleen gozagarri. Hemen tradizio hori berritu dugu. Gauza bera gertatzen da gezi dantzarekin. Urteak eman nituen gezi dantzaren erreferentziaren atzetik, eta azkenean Hego Amerikan aurkitu nuen halako dantza bat; euskal jesuitek eramandakoa zen».

Bestalde, Axeri-boda-ren musika doinu tradizionalekoa izango da, musika ezaguna euskal folklorean. Orkestra bi alorretan banatuko da. Lehena akordeoiak eta biolinak osatuko dute, panderoaren perkusioaren laguntzaz, eta bigarrena dultzaina jotzaileen bandak osatuko du. Horrez gain, Maider Urbeltzek harparekin bi habanera interpretatuko ditu. «Axeri-boda proiektu handinahia da», dio koreografoak; «nire sorkuntzen artean leku berezia izango duela iruditzen zait, argumentuaren edo gidoiaren aurretik dantza baitago ikuskizun honetan. Dantza dantzaren zerbitzura jarri dugu, eta oso ikuskizun bisuala sortu da».

Euskal dantzaren tradizioan kokatu diren koreografia berrien aitzindari da Urbeltz. Irradaka, Zortziko, Muriska, Alakiketan, Kondharian eta Pas de Basque sortu ditu Axeri-boda baino lehen, eta azken honek ere errepertorioa zabaltzeko balioko duela uste du. «Kalera atera daitezkeen ikuskizunak sortzea interesatzen zait. Ongi da antzokian ematea, baina inauteri hau kalera atera daiteke».

«Axerien mozorroekin azaltzen gara taulara, batzuk Axeri gorriak dira, besteak Axeri beltzak»

«Proiektu anbiziotsua da, nire sorkuntzen artean leku berezia izango du; dantza dantzaren zerbitzura dago»

Juan Antonio Urbeltz

koreografoa

Dokumentuaren akzioak