Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Azeri dantza

Dokumentuaren akzioak

Azeri dantza

Gure ama hil berriaren pazientziari zor diot txistulari bihurtu izana. Etxeko eta inguruko guztiei egin zizkigun erregalia ugariren artean –bere bizitza osoa oparia izan baitzen– bizimodu bilakatu zaidanaren karra piztu zidan.
Egilea
Jose Ignazio Ansorena
Komunikabidea
Argia
Mota
Iritzia
Data
2014/07/27
Lotura
Argia

Geroago, txistulari hastapenetan, aitonaren eskutik ttunttunero zahar asko ezagutu nituen. Misteriozko zerbait zerien euren doinuei: errespetua, herri xehearen jakintzari begirunea. Erabakita zeuden irmo plantatzen horren aurka ari zirenen aurrean. Ez da txatxukeria txistulari izatea.

Azeri dantza Hernaniko festen dantza ikurra da. Bertako bi txistulari taldeak eredu dira inguruko danbolinteroentzat. Herriak dituen behar guztiei ongi erantzuten diete, eskuarki musu-truk, eta arduraz zaintzen dute dagokien ondare kulturala.

San Juan egunean bi taldeak elkartzen dira aspaldiko urteetan Kontzertu berezia jotzera eta goiza beteta izaten dute. 2013an guraso batzuei bururatu zitzaien Azeri dantza haurrentzako moldean ere egin behar zela eta  antolatzeari ekin. Egun horretako goiza aukeratu zuten, ordea, txistularien usadio eta iritziari erreparatu gabe.

Haur Azeri dantzaren antolatzaileek, sortutako ika-mikaren ondoren, txistularien dimisioa eskatu dute. Ez dakite zertaz ari diren.

1977. urtean Donostiako Aste Nagusiaren lehen egunean txistularien Kontzertu Nagusia egin behar genuen Konstituzio Plazan. Egun eta ordu berean antolatua zuten Askatasunaren Ibilaldiaren amaiera ekitaldia Donostiako Trinitate Plazan.

Horren antolatzaileak, azken momentuan, konturatu ziren Trinitate Plaza ez zela leku egokia, poliziak eraso egitea erabakiz gero, hura tranpa bihur zitekeela. Eta eguerdian etorri zitzaizkigun esanez gure emanaldia atzeratu behar genuela. Ezetz esan genien, eurena atzeratzea zela bidezkoena. Berehala hasi zitzaizkigun demandan. Eskerrak Telesforo Monzon agertu eta txistularienganako errespetua eskatu zien. Hark lortu zuen beren ekitaldia laburtzea (hiru ordu laurden), baina gurea atzeratu behar izan zen oholtza hartu egin zigutelako. Horraino iritsi zen errespetua.

Tankera horretakoak maiz izan ditugu txistulariok polizia frankistarekin, ia alderdi politiko guztiekin, neurririk gabeko saltzaile eta tabernariekin, elizarekin... Beste txapelketa batean lehiatzen gara, ez azerienean.

Dokumentuaren akzioak