Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka “Dantzak polita izan behar du, baina ez hori bakarrik”

Dokumentuaren akzioak

“Dantzak polita izan behar du, baina ez hori bakarrik”

Gaztetxotatik sumatzen zitzaion Axier Iriarte billabonatarrari dantzarako sena berezia zekarrela. Hogei urte ditu eta dantzari profesionala da dagoeneko. Turinen bizi da.
Komunikabidea
Aiurri
Tokia
Amasa-Villabona
Mota
Elkarrizketa
Data
2017/01/12
Lotura
Aiurri

Gabonetan jaioterrira itzuli da Axier Iriarte eta elkarrizketa egiteko tartea baliatu du Aiurri aldizkariak, berriz ere Italiako lurretara itzuli aurretik. Dantzari ibilbidearen errepasoa egin dugu berekin eta bizimodu horrek eman dion heldutasunetik, hainbat gogoeta egin du. Zorterik onena, Axier.

Gaztetxotan, Villabonan bertan abiatu zenuen zure dantzari ibilbidea. Euskal dantzak ikasi zenituen lehenengo…
Belen Simonekin hasi nintzen umetan eta urte dezente aritu nintzen berekin. Gerora, Oinkari dantza taldearen emanaldi bat ikusi nuen eta asko gustatu zitzaidan; berria iruditu zitzaidan, arropa ezberdinekin. Mutilak ere ikusi nituen dantzan eta Oinkari dantza taldean izena ematea erabaki nuen. Urte asko egin nuen Oinkarin. Herri txiki bateko dantza taldea izateko, maila handia zegoen eta asko ikasi nuen. Emanaldi ugari eskaini genuen inguruan nahiz kanpoan eta Europan zehar bidaia asko egin genuen Korrontzi taldearekin, bereziki.

Zer eragin izan zuen gaztetxotako esperientzia horrek zugan?
Handia, izan ere asko dantzatu nuen taula gainean eta jendaurreko beldurra galtzen lagundu zidan horrek. Oinkari dantza taldean nenbilen garaian suelto nahiz aurresku txapelketetan ere parte hartzen hasi nintzen. Sueltoan binaka edota aurreskuan bakarka aritzen nintzen taula gainean. Jendaurrean aritzeko aukera asko izan dut eta eszenatokian presentzia lortzeko, aurrena beldur guztiak kendu behar direnez, baliagarri izan zitzaizkidan esperientzia haiek guztiak.

Txiki-txikitatik nabari zitzaizun dantzarako sen berezia zenuela…
Hori esaten zidaten, baina ni ez nintzen horretaz jabetzen. Dantzarako gogoa neukan, dantzatzea gustatzen zitzaidan eta dantzatu egiten nuen.

Nola etorri zen euskal dantzetatik garaikidera igarotzeko pausoa?
Edu Muruamendiaraz dantzaria Oinkari dantza taldean aritzen zen astean behin. Dantza tradizionala eta garaikidea uztartzen genituen berekin eta balleteko barra ere lantzen genuen zertxobait. Dantza tradizionalaz gain, zer edo zer gehiago ikusten hasi nintzen orduan eta gustatu egin zitzaidan ikusitakoa. Gerora Edu Muruamendiarazen Aukeran konpainian hasteko eskaintza egin zidaten. Oso onak iruditzen zitzaizkidan eta ez nuen halakorik espero.
Aukeran konpainian beste seriotasun bat sumatu nuen, maila semiprofesionala zen. Taldeko gazteena nintzen eta errespetua ematen zidan hasieran. Dantza garaikidea gehiago lantzen hasi nintzen orduan eta tradizionaletik aterata, oso berritzailea iruditzen zitzaidan dena. Edu Muruamendiarazek balleta probatzeko gonbitea ere luzatu zidan eta lotsa sentitu nuen hasieran. Villabonan halakorik ez zegoenez, urruti ikusten nuen eta momentuan ezezkoa erantzun nion. Gerora, ordea, hobeto pentsatuta, balleta gustatzen zitzaidala ohartu nintzen eta pausoa eman nuen. 16 urterekin hasi nintzen balleta ikasten Donostiako Thalia akademian. Irakaslea oso ona zen eta nire asteko motibazioa ziren eskola haiek. Astean bitan joaten nintzen hiru ordu eta erdiz, intentsibo. Irakasleak kontserbatoriora joateko gomendioa egin zidan, dohainak neuzkala esanez: altua eta malgua nintzela, gorpuzkera nuela...


Jauzi bat gehiago eman zenuen orduan…
Bai, Dantzaz egitasmoa ezagutu nuen eta zer egiten zuten ikustera joan nintzen behin. Ohartzerako, Mugi plataforman aprendiz moduan hasteko aukera sortu zitzaidan. Harrituta nengoen, ez nuen halakorik espero. Gainera, momenturik onenean etorri zitzaidan aukera, unibertsitatean zer ikasi erabaki behar bainuen eta ez baineukan batere argi. Dantzaz egitasmoan hasita, %100 eskaintzen nion dantzari eta bai, momenturik onenean etorri zitzaidan, unibertsitateko ikasketei ekin izan banie, okerreko bidea hartuko bainuen.
Dantzaz nire esperientziarik onena izan zen. Dena berria zen eta hasieran arrotza sentitu nintzen. Gainerako dantzari gehienak Europatik etorritakoak ziren, oso irekiak. Ni herri txiki batetik eta gaztetxo joan nintzen, baina azkar egokitu nintzen girora. Koreografo askorekin egin nuen lan Dantzazen. Urte eta erdiz aritu nintzen eta oso oroitzapen ona gordetzen dut. Dantza arloan izugarrizko jauzia egiteaz gain, batez ere pertsonalki bete ninduen esperientzia hark; pentsatzeko modua asko aldatu baitzidan. Aprendiz bezala aritu arren, Aureo izeneko azken programan hartu nuen parte. Uda horretan hiru hilabetetan batetik bestera arituta, jauzia eman nuen berriz ere. Estreinaldi horretara Turingo Balleto Teatro di Torinoko koreografoa etorri eta bi dantzariri idatzi egin zigun kurrikuluma eta minutu bateko bideoa bidaltzeko eskatuz, hango zuzendariari erakusteko. Eskatutakoa bidalita, Turingo konpainian hartu egiten gintuztela erantzun ziguten bi egunera. Hilabete bateko kontua izan zen. Iazko azaroan deitu gintuzten eta abenduan han nengoen dagoeneko. 19 urterekin joan nintzen, 20 ditut orain. Hain gazte izanik, dezenteko esperientzia izan dut dagoeneko. Euskal dantzetan eroso sentitzen nintzen, baina garaikidea ez nuen sekula egin. Banekien lan egiten banuen, neuzkan baldintzengatik lortuko nuela, baina oso azkar etorri da dena. Kanpotik etorri izan zaizkit aukerak beti eta nik eutsi egiten diet.

Zer ekarri dizu Balleto Teatro di Torinoko kide izateak? Zer ikasi duzu urte honetan guztian zehar?
Balleto Teatro di Torinon etxeko koreografoarekin eta kanpokoekin egin dut lan. Horien artean garrantzitsuena, Itzik Galili israeldarrarekin. Konpainia txikia da, sei dantzari gara guztira. Dantzazen hamabi kide ginen eta babestuago sentitzen nintzen hasieran. Sei dantzari izanda, beste presentzia bat eskatzen dizuete taula gainean, baina hori ere ikasi egiten da pixkanaka. Aldaketa handia izan da. Turinen bakarrik bizi naiz, hiri batean lehenengo aldiz, beste hizkuntza batean… Baina aldaketa garaian sentitzen naiz eta hiri batean bizimodu eta pertsona ezberdinak ikusten dira, gustuko duzuna aukera dezakezu. Turinek aukera asko ematen du: hiri bezala ez da oso handia, baina denetarik dago eta pertsonalitate handiko hiria da gainera. Turismoa ez da gehiegizkoa eta arte aukera handia eskaintzen du. Zentzu guztietan positiboa izaten ari da esperientzia, asko ikasi baitut denetik. Garrantzitsuena, nire burua zabaltzeko aukera izan dudala. Hiri handi batean eta dantza konpainian izan ditudan bizipenekin asko ireki naiz, beste modu batera pentsatzen dut orain, gogoeta gehiago egiten dut. Artistak hiri bateko erdigunean bizi behar duela konturatu naiz, taula gainean egungo gertaerak irudikatzeko, errealitatea gertutik ezagutu behar duelako. Badakit arrazoi horrengatik, hiri batean bizi beharko dudala etorkizunean ere.
Ia konpainia guztietan bezala, goizetan balleta lantzen dugu Turingoan ere; teknika landu, kontzentratu eta berotzeko. Erronka bat da balleta, oso zaila baita. Eszenarioan dantza garaikidea egiten dugu bestela.

Zein ezaugarri behar ditu dantzariak? Gorpuzkera? Arintasuna? Espresioa?
Nire ustez, gorpuzkerak ez du dantzarako garrantzia handirik. Ikusleei begira gustagarriago izateko eskatzen dute gorpuzkera jakin bat. Altuagoa edoa argalagoa izateagatik ez da hobeto dantzan egiten, baina egungo gizartean balioan dauden estereotipoek pisu handia dute dantzari izateko ere. Nesketan batez ere, gorputz mehea eta aurpegiz polita izatea eskatzen da. Baina gizartean bezala, dantzarion artean ere, mutilei ez zaigu neskei adinako presiorik jartzen. Nire ustez, gorputz jakin bat izatea baino garrantzitsuagoa da dantzarako gogoa edukitzea. Gorputz bakoitzak mugimendu ezberdinak egin ditzake, baina berez, denok egin dezakegu dantza. Hori bai, ezinbestekoa da dantzatu nahi izatea eta saiatzea. Egia esan, barrutik ateratzen da hori. Arintasuna garrantzitsuagoa da, dantzariak azkarra izan behar baitu malgutasun handia eskatzen duten mugimendu azkarrak egiteko. Espresioa, berriz, oso garrantzitsua da eta horixe lantzen ari naiz une honetan. Ikusleek dantzariaren aurpegira begiratzen dute hanketara baino lehenago. Ardatza aurpegia izaten da, presentzia. Gorputza gero, mugimendua. Gorputzarekin ere adierazi ahal da, baina aurpegia da garrantzitsuena. Aurpegia ezkutatuz gero, ezin baita ezer handirik transmititu. Taula gainean begiradari eutsi behar zaio. Ez da gora edo behera begiratu behar, koreografiak hala eskatzen ez badu behintzat. Begiradarekin, eszenatokitik energia zabaltzen saiatu behar da, espazioa betetzen. Hori erakutsi didate niri eta hala dela ondorioztatu dut.


Noiz arte geratuko zara Turinen?
Otsailean Turingo lana bukatu egingo zait eta Euskal Herrira itzuliko naiz hasiera batean. Baina ate guztiak zabalik dauzkadanez, ez dakit zer gertatuko den gerora begira. Urte hasieran Europako dantza konpainia guztietan audizioak izaten dira, irailean lanean hasteko. Turingo lana audizioekin uztartzen saiatuko naiz orain eta ea zer edo zer aurkitzen dudan Europan zehar. Hiri berri batera joatea aldaketa handia da eta gogoa behar da horrelako aldaketa berri bati aurre egiteko. Baina gogoz nago ni.  20 urterekin aukerak aprobetxatu egin behar dira. Erasmus-a dela edo bestela, nire adineko jende guztiari kanpora joateko esaten diot, bizi beharreko esperientzia dela uste dudalako. Bizitzan behin behintzat hiri batera joan, bertan bizi eta lan egitea oso garrantzisua iruditzen zait; norberaren pertsonalitatea aurkitzen laguntzen duelako.

Zein asmo duzu etorkizunera begira?
Oraindik gaztea naiz eta bakarrik dantza egiteko esperientzia handia behar da, baina etorkizunea begira bakarkako dantza emanaldiren bat egitea gustatuko litzaidake, zer edo zer pertsonalagoa. Europan zehar dagoena ikusten eta ikasten ari naiz orain, koreografoek nola pentsatzen duten. Eta oraingoz, dantza geldirik dagoela ikusten dut. Ideia asko dago, baina airean. Gizarteko hainbat arlotan bezala, dantzan ere ez dago helmugarik zehaztuta. Saiakera polit eta abstraktuak egiten ari gara, baina zentzurik gabekoak askotan. Jende askok dotorea izateari soilik ematen dio garrantzia. Nire ustez dantzak polita izan behar du, baina ez hori bakarrik. Horregatik, etorkizunean zer edo zer pertsonalagoa egitea gustatuko litzaidake bakarka edo beste batzurekin batera.

Dantzari profesionala izatera iristea oso lorpen handia da eta zer esanik ez hain gazterik!
Jende askok oraindik ikasten ari naizela pentsatzen du eta batzuek ez dute ulertzen dantza lanbide izan daitekeenik. Baina lana da, bai; hilabete bukaeran soldata jasotzen dudan momentutik. Emanaldirik izan ez arren, egunero egiten dut dantza eta ordu asko eskaintzen diot gainera.

“Dantzak polita izan behar du, baina ez hori bakarrik”

                     Laburrean

  • Zer da zuretzat dantza? Hitzekin beharrean, gorputzaren bidez barruko sentsazioak adieraztea.
  • Gogoan gordetzen duzun emanaldi berezia? Dantzaz konpainiarekin egindako Aureo emanaldia, segurtasun handia eman zidalako.
  • Non dantzatzea gustatuko litzaizuke? Ez daukat leku berezirik. Konpainia eta hiri batean gustura egotea gustatuko litzaidake, nahiz eta biak batera egokitzea ez den errazena.
  • Dantza estiloa? Garaikidea, dudarik gabe, gehiegi zabaltzen bada ere.
  • Dantzarako musika? Transmititu nahi dudanaren arabera musika mota ezberdinak. Batzuetan, musikarik gabe ere egiten dut dantza eta kanpoko eraginik gabe, sentimendu errealagoak ateratzen dira isiltasunean, barneagokoak.
  • Dantzari bat? L.E.V dantza konpainiako Sharon Eyal koreografoa,  Rebecca Hytting dantzaria.

Gailurra, Israelen

Egun, dantza garaikidearen gailurra Israelen dagoela uste du Axier Iriartek. Munduko dantza konpainiarik garrantzitsuena Tel Aviveko Batsheva dela azaldu du eta, besteak beste, bertako L.E.V dantza konpainia ere oso gogoko du. “Israelen ari da hasten mugimendu berria eta ez gelditzea espero dut, bere bidea bilatzen ari baita”. Haien dantzako norabidea jarraitzea gustatuko litzaioke eta billabonatarrak ez du baztertzen noizbait Israelera joatea, “L.E.V konpainiako dantzariek esaterako, ideia aldetik oso lan abstraktoa egiten dute eta mugimendu oso azkarrak dituzte. Haiek dantzan nahiz barruan dutena ateratzen ikustea izugarria da”, dio.

Dokumentuaren akzioak