Dokumentuaren akzioak
Axeri Dantza suspertu nahian
Zein dira bi ekitaldi horiek?
Azaroaren 15ean, ostegunarekin, Axeri Dantzari buruzko mahai ingurua antolatu da; Andoaingo dantzarien esku utziko da lan hori. Igandean, berriz, Axeri Dantza behin edo gehiagotan dantzatu izan duten herritarrak bildu eta Axeri Dantza egingo dugu plazan.
Mahai inguruaren xehetasunak azal al ditzakezu?
Hiru zati izan ditzan nahi genuke. Lehenbizikoan, Axeri Dantzaren jatorriaren eta berreskuratze prozesuaren kontaketek hartuko dute tokia. Kontuan izan behar da bi alderi esker gauzatu zela XX. mendearen hasieran galdu zen dantzaren berreskurapena: Bixente Olano eta Lizar Makileko dantzarien ekimena alde batetik, eta Adunako herritarren oroitzapena eta kultur transmisioa (koreografia, pausoak…) bestetik. Bigarren zatian, gaur egun Andoainen Axeri Dantza nola dantzatzen eta sentitzen den azalduko digute.
Azkenik, Adunako Axeri Dantzaren etorkizunaz hizketan jarri nahi genituzke mahai ingurura hurbiltzen diren pertsonak. Eztabaida parte-hartzailea eta interesgarria piztea espero dugu.
Iganderako, dantza prestatu duzue…
Kultur astearen baitan, Axeri Dantza plazan dantzatzea pentsatu dugu. Horretarako, ideia azaldu eta deialdi berezia egin zaie noizbait dantzatu duten Adunako herritarrei. Egia esan, harrituta gaude jaso dugun erantzun baikorrarekin: 20tik gora gonbidapen geneuzkan eginak, eta 15 lagun azaldu ziren urriaren 20an, larunbatarekin, egin zen lehen entsegura.
Dantza suspertzeko ahaleginean, zer pentsatu duzue etorkizunerako?
Adunan Axeri Dantzaren aldeko talde iraunkor bat sortzea jarri dugu erronka nagusitzat. Badakigu Adunako herritarrek herriko kultur ondare aberasgarritzat daukatela Axeri Dantza; alde horretatik, sentimendu hori zirikatzea lortu behar luke talde horrek, eta dantza erakargarria eta parte-hartzailea izatea gazte eta helduentzat. Helburu horiek era askotara lor daitezkeela pentsatzen dugu: eskoletan eta herrian bertan dantzaren ezaugarriak eta bere esanahi sinbolikoa azalduz; agiriak (argazkiak, testigantzak…) bilduz, argitalpenen bat kaleratuz… Galderak bota eta herritaren artean eztabaida piztu behar luke taldeak: esaterako, galde diezaiogun gure buruari Andra Mari eguna ote den Axeri Dantza dantzatzeko egunik egokiena.
Zer gertatzen da, bada, egun horretan?
Jendeari ez zaio oso egokia iruditzen, egia esanda, nahiko aldrebesa izaten baita eguna. Egin kontu, bezperan, ordu txikietara arte luzatzen den parranda egiteko ohitura dagoela. Hurrengo goizean goiz jaiki eta plazan dantzatzea kosta egiten da; dantza aurreko hamaiketakorako ere sabela ez da unerik aproposenean iristen. Dantza egin ondoren, bazkaria dator; Adunan etxe guztietan bazkari berezia antolatu ohi da, eta kanpotik familiarrak-eta gonbidatzen dira bertara. Arratsaldean, azkenik, dantzari gehienei herri-kiroletan parte hartzea egokitzen zaie.
Ez dira, beraz, baldintzarik egokienak biltzen...
Halaxe da, eta azkenean, dantzariek, neurri batean, konpromisotzat hartzen dute Axeri Dantza, herriko ondare batekin gozatzeko aukera bezala hartu beharrean.
Datu batek, esaterako, zer pentsatua eman beharko liguke: ahaleginak eta bi egin behar izaten dira aurrez entseguren bat egiteko eta Amabirjin egunean bertan 10-11 lagun biltzeko. Urriaren 20an egin genuen entseguan, ordea, ez zen arazorik izan 15 lagun elkartzeko!
––––––––––
Axeri Dantza, Beterriko herrien historian sustrai sendoak dituen dantza da. Dantza, txantxa eta jolasa nahasten dituen ohitura zaharra da, hain zuzen. Sinbologiaz beteriko zazpi joko ditu, eta horietako askotan gizarte paganoetan ohikoak ziren erritu iniziatikoak, gazte arotik heldu arora igarotzeko erabili ohi ziren errituak ageri dira.
Uste denez, mende batzuk atzerago, Axeri Dantza festa oso baten zati zen, puska biltzea, oilasko jokoa, plazetako hainbat dantza eta beste zenbait elementu folklorikorekin batera.
Bilatu izan dira agiri idatziak XX. mendeko lehen laurdenean Adunan eta Andoainen dantzari oraindik eusten ziotela adierazten dutenak. 1936ko gerra aurreko urteetan bazterreratu egin zen dantza, hala ere. 1974an, Andoaingo Lizar Makil dantza taldeak berreskuratzeari ekin zion, Bixente Olano historiazalea gidari zuela. Horrela, gaztetan Axeri dantzari izan ziren David Zabala eta Faustino Sorondo adunarren testigantza jaso zuten, eta Inazio Aizpurua txistulari andoaindarraren laguntzarekin Axeri Dantzaren koreografia osatu ahal izan zuten, bere zazpi joko eta doinuekin.
1975ean, Adunan Axeri Dantza dantzatu zen berriro, Lizar Makil dantza taldearen eskutik; hurrengo urtetik aurrera, Andoainen plazaratu izan da San Juan jaien barruan, hutsik egin gabe. Adunan, berriz, 1975az geroztik dantzatu izan dute bertako gazteek, ia urtero. Argazkia 1996koa da, Adunako plazan ateratakoa.
––––––––––
Kultur astea
Adunako Kultur Batzordeak antolatu eta Udalak lagundutako ekimena da Kultur astea.
- Azaroak 12, astelehena.
Sua filmaren emanaldia Eneko Aritza elkartearen eskutik. 19:30, kultur aretoa.
- Azaroak 13, asteartea.
“Gipuzkoaren jatorria eta historia” Aritza kultur elkarteak aurkeztua. 19:30, kultur aretoa. - Azaroak 14, asteazkena.
Gurutz Garmendia ipuin kontalariaren saioa. “Euskal mitologiaren ipuinak”. 17:00, Elordi plazako aretoa.
“Aniztasuna eta migrazioa” Anitzak taldeko Haizea Arrutik eta BEH-eko Mikel Luluagak aurkeztuta. 19:30, kultur aretoa. - Azaroak 15, osteguna.
Axeri dantzari buruzko hitzaldia. Andoain eta Adunako kideen eskutik. 19:30, kultur aretoa. - Azaroak 16, ostirala.
“Euskal nortasun ikurrak”, Iñaki Egaña historialariaren eskutik. 19:00, kultur aretoa.
Euskal Herriko V Mus txapelketa. Adunatik, Gipuzkoa herrialdeko kanporaketa. 21:30, Txulobi elkartea. - Azaroak 17, larunbata.
“Ingurumenarekin arduratuta, mendi martxa”. Bulandegiko minak, karobia eta ur araztegia bisitatuko dira, besteak beste. 09:30, herriko plazatik abiatuta.
Pailazoak. Irrien lagunak kluba. 16:30, pilotalekua. Ondoren, txokolatada eta merendola erraldoia. - Azaroak 18, igandea.
12:00, Axeri Dantza.
12:30, Kantu jira.
12:45, Barrikotea, taloak, gaztain erreak... Erromeria Loatzo Musika Eskolako ikasle eta irakasleek alaiturik.
Dokumentuaren akzioak