Dokumentuaren akzioak
Auziak eta jauziak, dantzan
Bertsolari, prokuradore, uxer, zirtzil eta dantzariz beteko da Itsasuko plaza (Lapurdi) heldu den igandean. Gaur hasten dira herriko bestak Goxoki gaztetxeko gaualdiarekin, baina etzi izanen da egun berezia, Datozkigunak izeneko kabalkada emanen baitute 200 itsasuarrek. Arratsaldeko lauretan hasiko da ikuskizuna. Ez da bakarra izango, baina, irailaren 7an beste bat eginen baitute, 17:00etan hasita.
Itsasuko herrian kabalkadak izan direla ezin uka, 1849tik aitzina kabalkada parrasta bat egin baitute; 1853an, 1859an, 1865ean, 1876an, 1883an, 1889an, 1892an, 1899, 1937an… Zerrenda gaur arte luzatu arte. Azken aldietan, bost urtean behin egiteko usaia hartua zuten, baina antolatzaileek denbora gehiago behar izan dute, eta zazpi urte pasatu dira azken kabalkada 2012an egin zutenetik. Maiana Agerre antolatzaileetariko bat da, eta azaldu du 2017an horren antolatzeko «gazteegiak» zirela. «Ataitze dantza taldea hartu berria genuen lagun batzuekin, eta, beraz, denbora behar genuen. Gainera, 18 eta 20 urte artean genituen; ez ginen kabalkada baten prestatzeko gai». Lauko talde batek hartu zuen dantza taldearen segida; Agerrek berak, Joana Saint-Pierrek, Patxi Laskaraik eta Patxi Casenavek. 60 bat ikaslerekin, gazteei dantzak irakatsi, jendea elkartu, eta pixkanaka harremanak «sendotu» dituztela azaldu du Agerrek. «Laster aipatu genuen kabalkada egiteko gogoa genuela».
Lau gazte «motibatu» ez baitira aski, beste herritarrei aipatu diete proiektua: Xabier Itzainari, Agerreren ustez «kabalkadako kodeak ezagutzen baititu», Jokin Irungarairi antzerkiarentzat, eta Lazkano familiari musikarentzat. Hastean, lehengo kabalkadetako dantzei begiratu diete, DVDei so eginez, eta horrela planteatu dute dantza programa. «Lehengo dantzetatik maite genuena hartu dugu, eta beste gauza batzuk baztertu». Euskal dantza tradizionaletik atxiki nahi zutena hautatu ainhoarrek dantza lehengo maneran emanen dute, urratsak gogoz ikasirik—, eta beste hainbat moldatu dituzte. Honela, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko dantzak emanen dituzte, eta haiek sortutako fandango eta arin-arinak dantzatuko.
Belaunaldi ezberdinetako 130 dantzari ariko dira, beraz, etzi. «Batzuek ez zekiten batere dantzatzen, baina dena ikasi dute». «Kanpoko jende anitz» Itsasura bizitzera doala erran du Agerrek, eta kabalkadaren prestaketa elkarren ezagutzeko «bikaina» izan dela gehitu du. «Batzuek mutxikoak ere ez zekizkiten, eta denek ez dakite euskara, baina ohartu dira horrek dituela harremanak sortzen eta itsasuar bilakatzen». Egindako lanaz «pozik» agerturik ere, hastapenean «zaila» izan zaiela aitortu du Agerrek: «Maila ezberdinak ziren dantzarien artean, batzuk jada parte hartuak ziren aitzineko kabalkadetan, eta beste batzuek ez zekiten deus; beraz zaila izan zaigu denen biltzea». Izan ere, Agerreren ustez, dena «ongi» pasatuko da. «Gure helburuak beteak ditugu: bereziki gure herrian dantza berriz ematea —bakarrik gazteek zutelako dantzatzen—, gure artean harremanak sendotzea».
Toberei dagokienez, bospasei lagun bildu ziren joan den urrian aipa zitzaketen gaien jorratzeko. Ideiak bildu, toberen bizkarrezurra muntatu eta Beñat Lazkanok idatzi du testua. Lehen testu proposamena egin du Lazkanok, eta besteek testua osatu, laburtu, eta batzuetan moldatu egin dute. Abiatze horretatik segitu eta 30eko jokalari talde bat osatu dute, hor ere belaunaldi ezberdinek josia. Horietan izanen dira usaiako auzitegiko pertsonaiak: uxerra, epailea, prokuradorea, epailea eta akusatuak. Hortaz, pil-pilean diren gaiak jorratuko dituzte, herriko gai minberak zein zabalagoak plazaratuz zirtzilen jokoaren eta bertsolarien erranen bidez. Jokin Irungarai talde honen parte da, eta azaldu du «tabu batzuk hautsi» nahi dituztela plazan, herriko istorioak «zurituz».
Euskara eta plaza
Irungaraientzat, kabalkada bat «gauza anitz» da. Argi erran du aitzineko urteetan egindako kabalkaden «fruitua» ikusten duela aurten, dantzari anitz direla azpimarratuz. Dinamika horrek herriari «giro euskaldun» bat ekarri diola uste du, eta errepikak euskara hutsean egiten dituztela ohartarazi. «Berrehun bat parte hartzaile gara, eta dena euskara hutsean egiten dugu». Hain zuzen ere, haren ustez, kabalkadaren interes handia euskararen eta hizkuntzaren inguruko mugimendua da. Dantzak eta antzerkiak ere funtsezko lekua dute. «Errituala da; arbasoek egiten zuten zerbait egiten dugu, gure maneran, baina egiten dugu».
Lea Etxeberri zirtzil gisa ari izanen da igandean, eta lehen aldia du. 2012ko kabalkadan parte hartzeko oraindik gazteegia zen, eta ez da sekula antzerkian ari izan orain arte, «betitik» maite badu ere. «Kabalkadan parte hartzeko izena eman nuelarik, dantzan eta antzerkian eman nuen izena, dudan bainintzen, baina ohartu naiz orain nuela antzerkia egiteko parada bikaina». Talde ttipian, «elkartasuna eta elkarlaguntza» sentitu ditu Etxeberrik, eta orain arte bizi izandakoa «bikain» atzeman du. «Belaunaldi ezberdinetako jendea ari da elkarrekin, eta hori biziki maite dut».
Plazan tabuak hausteari, eta gertatutakoak salatzeari dagokionez, Etxeberrik erran du hastapenetik buruan dutela toberak direla eta horretarako egina dela. « Jendeek ez dute gaizki hartzen. Antzerkia da, jokoa da».
Dokumentuaren akzioak